Iruñeko Gaztediaren Etxeak adimen artifizialari buruzko doako lau tailerretan izena emateko epea ireki du abuzturako. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, 948 23 35 12 telefonora deituta edo aurrez aurre, Gaztediaren Etxean bertan. Tailerrak adimen artifiziala beren bizitza pertsonalean, akademikoan edo lan-esparruan aplikatu nahi dutenei zuzenduta daude.
Saioak astearte eta ostegunetan egingo dira, 19:00etatik 20:25era. Francisco Miranda Arrubla Zibergelako begiraleak emango ditu lau tailerrak.
Laguntzaile bat sortzea
Lehenengo astean, abuztuaren 4an eta 6an, adimen artifizialaren oinarriak izanen dira aztergai. Tailerrak AAren oinarrizko printzipioak hutsetik irakatsiko ditu, ChatGPT eta Claude bezalako tresnak erabiliz. Parte-hartzaileek beren lehenengo prompt-ak egingo dituzte, eta laguntzaile pertsonal erraz bat garatuko dute.
Bigarren astean, abuztuaren 11n eta 13an, AA lanean zein ikasketetan denbora aurrezteko eta edukiak sortzeko nola erabili landuko da. Tailerrak Canva, NotebookLM eta adimen artifiziala duten Notion bezalako tresnak izanen ditu hizpide.
Programatu gabe txatbot bat sortzea
Hirugarren astean, abuztuaren 18an eta 20an, oinarrizko txatbot bat programatzeko beharrik gabe sortzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Tailerrean Botpress bezalako tresnak erabiliko dira, bezeroarentzako arretan zein ohiko galderak erantzutean baliagarriak izanen diren elkarrizketak diseinatzeko.
Azken astean, abuztuaren 25ean eta 27an, ikasitako guztia bilduko da “Zure lehen proiektua AArekin” izeneko tailerrean. Parte-hartzaile bakoitzak benetako proiektu bat garatuko du: txatbot bat, laguntzaile bat edo eduki-sortzaile bat. Horrez gain, fluxuen eta automatizazioaren oinarrizko kontzeptuak azalduko dira, N8N tresnaren bidez.

Abuztuko adimen artifizialeko tailerren gakoak
- Prezioa: Doakoa
- Izen-ematea: 948 23 35 12 telefonora deituta edo aurrez aurre, Gazteriaren Etxean bertan
- Ordutegia: Astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:25era
- 1. astea (abuztuaren 4an eta 6an): AAren oinarriak eta lehenengo prompt-ak
- 2. astea (abuztuaren 11n eta 13an): AA lanean zein ikasketetan aplikatzea
- 3. astea (abuztuaren 18an eta 20an): Oinarrizko txatbot bat sortzea
- 4. astea (abuztuaren 25ean eta 27an): Amaierako proiektua AArekin eta automatizazioarekin
- Irakaslea: Francisco Miranda Arrubla, Zibergelako begiralea







