Nafarroako Arte Gaztearen Topaketek hamar proiektu saritu dituzte

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 14 eta 30 urte bitarteko artisten hamar proiektu aitortu ditu. Bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Nafarroa.eus
Hitz kopurua:  260
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Nafarroako Arte Gaztearen Topaketen 42. edizioak hamar proiektu saritu ditu. Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) 14 eta 30 urte bitarteko artistak aitortu ditu bost modalitatetan: musika, arte eszenikoak, arte plastiko eta ikus-entzunezkoak, literatura eta diseinua.

Saritutako proiektu bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu, hautatutako proposamen guztiei aurretik emandako 1.000 euroei gehituko zaizkienak. Edizio honetan 51 gaztek hartu dute parte 30 proposamenekin, sei modalitate bakoitzeko.

Bi proiektu saritu dituzte modalitate bakoitzean

Musikan, epaimahaiak x22-Xabier Astrain saritu du, dantza-musika eta soinu tradizionalak nahasteagatik; eta Bidenabar, abestien nahiz eszenaratzearen bilakaeragatik.

Arte eszenikoen modalitatean, Amarga teatro taldea saritu dute ‘Las sirenas de Penélope’ lanagatik, eta Paula Puchalt eta Ane Sagües ‘Swan fake’ antzezlanagatik. Epaimahaiak goraipatu egin du Amarga teatro taldeak hasierako formatua erabat eraldatzeko hartutako arriskua, baita Puchaltek eta Sagüesek obra klasiko bat hizkuntza garaikidera ekartzeko modua ere.

Saritutako proiektu bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu, hautatutako proposamen guztiei aurretik emandako 1.000 euroei gehituko zaizkienak.

Arte plastiko eta ikus-entzunezkoetan, Clarissa Costagliolaren ‘Close to Francesca Woodman’ proiektua saritu dute, argazkigintza hedatuaren arloan egindako lana, eta Sergio Irañetaren ‘Aproximación a la brecha’, gizarte-arazo bati ikuspegi pertsonaletik heltzen diona.

Literaturan, Lidia Pérez Armañanzas (‘Sueños bajo la higuera’) eta Mattin Cazabón Cousillas (‘Estrainio’) saritu dituzte. Diseinuan, berriz, Edurne Marcoren ‘Tipografía en abierto’ eta Rosa Olagüeren ‘Veintidós formas de caer’ proiektuek jaso dute aitortza.

Tailerrak eta tutoretzak programan zehar

Programak hainbat ekimen barne hartu zituen: kultur ekintzailetzari buruzko online tailer bat, sektoreko profesionalekiko topaketak eta irailean egindako bost tailerreko prestakuntza-egonaldia. Gainera, epaimahaiak tutoretza pertsonalizatuak eskaintzen dizkie parte-hartzaileei.

Topaketak 1972ko Iruñeko Topaketei lotuta sortu ziren, eta azken edizioetan 145 proiekturi eman diete babesa.