Nafarroako Arte Gaztearen Topaketek 40 urte bete dituzte

14 eta 30 urte bitarteko gazteek ekainaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamen artistikoak

14 eta 30 urte bitarteko gazte nafarrek ekainaren 10era arte izango dute aukera beren proiektu artistikoak aurkezteko Arte Gaztearen Topaketak programan. Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ-NGI) bultzatutako ekimen honek bere 40. urteurrena beteko du aurten.

Lau hamarkada hauetan, Nahi ta Nahiez, El Columpio Asesino, Marea, Chica Sobresalto, June Crespo, Alessandra Baurés, Leire Urbeltz bezalako artistek parte hartu dute Arte Gaztearen Topaketen edizioren batean. Izan ere, urte hauetan guztietan 6.000tik gora dira egitasmo honetan parte hartu duten gazteak.

Esan bezala, proposamenak aurkezteko epea datorren ekainaren 10ean amaituko da. Aurkezten diren proiektu artistikoak modalitate hauetan kokatu beharko dira: arte eszenikoak, plastikoak eta ikus-entzunezkoak, diseinua, literatura eta musika.

Diziplina bakoitzean espezializatutako epaimahai batek 40 lan aukeratuko ditu gehienez, eta horietako bakoitzak 800 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko du ekoizpen-kostuak estaltzeko. Gainera, aurtengo urriaren 25etik 27ra bitartean programatutako jaialdian zehar, 1.500 euro emango zaizkie kalitate artistikoan, esperimentazioan eta aurkezpen publikoan freskotasunean gehien nabarmentzen diren 10 lanei.

Aukeratutako proposamenek, iaz bezala, tutoretzak, epaimahaiaren jarraipena, prestakuntza-tailerrak eta irailaren 6, 7 eta 8rako programatutako Lekarozko egoitza artistiko bat izango dituzte.

Programan parte hartzeko oinarriak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian daude eskuragarri.