Bizkaiak programazio anitz batekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna

Datorren maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren leloa “Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde” da

Bizkaiko museoek bat egingo dute maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunarekin. Aurten, efemeridea ‘Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde’ lelopean egingo da, eta hainbat jarduera programatuko dira. Horien artean, azpimarratzekoak dira, besteak beste, doako sarrera museo gehienetan, Escape Room bat kalean eta bisita gidatuak, tailerrak eta hitzaldiak.

Bizkaiko 40 museo baino gehiagok beren ateak doan zabalduko dituzte maiatzaren 18an. Herritarrek doan bisitatu ahal izango dituzten museoan artean aurkitzen dira, adibidez, honako hauek: Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Arkeologia Museoa, Medikuntza Historiaren Euskal Museoa, Gernikako Bakearen Museoa edo Itsasmuseum.

Doako sarreraz gain, hainbat jarduera antolatu dira publiko guztientzat: erakusketa iraunkor eta aldi baterakoetara bisita gidatuak, haur eta helduentzako tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak… Aurtengo nobedade garrantzitsuena Campo Volantín pasealekuan izango den ihes-gela da. Adin guztietako herritarrentzat egokitutako joko baten bidez, bisitariek Bizkaiko museoen aberastasuna ezagutu ahal izango dute modu dibertigarrian.

Egun horretarako programatutako jarduera guztien egitaraua esteka honetan aurki daiteke.