RTZ Kolektiboak Suns Europe 2026 jaialdiko nazioarteko epaimahaiaren saria irabazi du, eta aitortza hori lortu duen euskarazko lehen musika-taldea bihurtu da. Europako hizkuntza gutxituetako artistak biltzen dituen musika-lehiaketaren finala joan den urriaren 10ean egin zen, Italiako Udineko Teatro Nuovo Giovanni da Udine antzokian.
Baionako Zizpa gaztetxearen inguruan sortutako rap taldea Oph, Frel eta Petrik osatzen dute, DJ Wall ekoizlearekin batera. Urtebeteko etenaldiaren ondoren, taldea EDEN diskoarekin itzuli da; rapa beste musika-genero batzuen eraginekin uztartzen du lan horretan.
RTZ Kolektiboak aitortza jaso du musikaren bidez gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak helarazteko duen gaitasunagatik.
Paolo Cantarutti Radio Onde Furlane irratiko esataria buru duen nazioarteko epaimahaiak taldearen energia eta indar adierazkorra nabarmendu ditu, bai eta musikaren nahiz oholtza gaineko presentziaren bidez gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak helarazteko duen gaitasuna ere.
Publikoaren saria Ölivias talde katalanak jaso du; Altre Europe saria, berriz —hizkuntza gutxituen aldeko lana aitortzen duena—, Premio Ostana proiektuari eman diote.
Zazpi hizkuntza komunitate jaialdian
Friulin 2009an sortua, Suns Europe jaialdiak hizkuntza gutxituetako sorkuntza garaikidea sustatzen du musikaren, zinemaren eta literaturaren bidez. Haren helburua da hizkuntza komunitate desberdinetako artisten arteko topaketa eta kultur trukea bultzatzea.
2026ko edizioa urriaren 2tik 10era egin da Udinen eta Friuliko beste hainbat herritan, zazpi hizkuntza komunitatetako artistekin. RTZ Kolektiboaz gain, ADUR rave-punk bikote bilbotarrak ere parte hartu du jaialdian.
Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza Suns Europerekin lankidetzan, euskarazko musikaren eta sorkuntzaren nazioarteko presentzia sustatzeko. Aurreko edizioetan, besteak beste, Verde Prato, MICE, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ødei eta Olatz Salvador euskal artistek parte hartu dute.







