Iruñaldiak euskarazko kultura garaikideko hamar proposamen baino gehiago bilduko ditu 2026an

Iruñaldia jaialdiaren hirugarren edizioa azaroaren 5etik 14ra egingo da, eta musika, dantza, antzerkia, literatura eta beste diziplina batzuetako hamar proposamen eskainiko ditu Iruñeko hainbat gunetan

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Nafarroa.eus
Hitz kopurua:  272
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Iruñaldia jaialdiak euskarazko kultura garaikideko hamar proposamen bilduko ditu Iruñean, azaroaren 5etik 14ra. Hirugarren edizioak musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, umorea eta ikus-entzunezko sorkuntza eskainiko ditu hiriko hainbat gunetan.

Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatutako ekimenak Nafarroako Gobernuaren (Euskarabidearen bidez) eta Laboral Kutxaren babesa du. ‘Euskarak edertzen du Iruñea’ lelopean, euskarazko sorkuntza euskaldunei nahiz hizkuntza erabat menderatu gabe euskal kulturaz gozatu nahi dutenei hurbiltzea du helburu jaialdiak.

Musika, antzerkia eta dantza

Egitaraua azaroaren 5ean hasiko da, Euskalerria Irratian musika eta irudia uztartuko dituen saio batekin eta Irati Jiménezen Gau-pasa Kluba literatura- eta ikus-entzunezko proposamenarekin, Katakraken. Azaroaren 6an, Ane Lindanek umorea eta gastronomia uztartuko ditu Geltokin; hilaren 7an, berriz, familia osoarentzako antzerkia iritsiko da Pompelo Civivoxera, Marie de Jongh konpainiaren Amour lanarekin.

Hurrengo jardunaldietan poesia eta musika izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan; Olatz Salvadorren eta Alaia Martinen proposamena, Laban; eta Maddi Etxeberriak eta Txomin Hegik sortutako Amaitasunaren lorratzak ikuskizuna, Karrikirin.

Iruñaldia jaialdiak euskarazko kultura garaikideko hamar proposamen eskainiko ditu Iruñeko hainbat gunetan

Jaialdiak Nogen taldearen hamargarren urteurrena ere ospatuko du, azaroaren 13an Gayarre antzokian egingo duen kontzertuarekin. Azken egunean, hilaren 14an, kale-dantza uztartuko da Udaletxe plazan Kresala Dantza Taldearen Aztarnak ikuskizunarekin, eta Maddi Oihenartek nahiz Juantxo Zeberiok eskainitako Lur kontzertua Pompleo Civivoxean.

Sarrerak zortzi eurotik aurrera

Prezioak jardueraren arabera aldatzen dira. Proposamen batzuk doakoak dira; beste batzuetarako, berriz, 8 eta 25 euro arteko sarrerak daude, ikuskizun jakin batzuetan tarifa desberdinak aplikatuta. ‘Lorazainak’ pertsonek ere prezio bereziak izango dituzte ordainpeko ekitaldietan.

Egitarau osoa eta sarrerak erosteko informazioa jaialdiaren webgune ofizialean kontsulta daitezke, irunaldia.eus. Civivoxen, Nafarroako Antzerki Eskolan eta Gayarre antzokian antolatutako jarduerei buruzko informazioa eta sarreren salmenta gune horietako kanalen bidez ere eskuragarri egongo dira.