Ihobek karbono-aztarnaren kalkulagailu bat abiarazi du

Ihoberen tresnak etxea, mugikortasuna, elikadura, kontsumoa eta emisioen konpentsazioa aztertzen ditu. Pertsona bakoitzak bere emaitza Euskadiko batez bestekoarekin alderatu dezake, baita bere ingurumen-inpaktua gutxitzeko konpromisoak hartu ere

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  196
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak, karbono-aztarnaren kalkulagailua argitaratu du bere webgunean. Edonork neur ditzake bere bizimoduak eragindako emisioak, aztarna horretan gehien eragiten duten ohiturak identifikatu eta emisioak murrizteko gomendioak jaso.

Kalkulagailuak etxebizitzari, mugikortasunari, elikadurari, kontsumo-ohiturei eta emisioen konpentsazioari buruzko informazioa aztertzen du. Amaitzean, pertsona bakoitzak bere emaitza Euskadiko batez bestekoarekin aldera dezake. Horrela, zenbat emisio sortzen dituen jakiteaz gain, eguneroko errutinaren zein ataletan hobetu dezakeen gehien ere ikus dezake.

“Neurtu, ulertu eta jardun”

Kalkulua osatu ondoren, erabiltzaileek klima-inpaktua gutxitzeko gomendio zehatzak jasotzen dituzte, eta beren eguneroko errealitateari lotutako konpromiso argiak hauta ditzakete.

Tresnak emisioak murrizteko gomendioak eta konpromiso pertsonalak ere proposatzen ditu.

Mugikortasunean eta energia-kontsumoan egindako aldaketetatik hasi eta elikadurarekin edo erosketekin lotutako erabakietaraino, tresnak aukera eskuragarriak eskaintzen ditu, karbono-aztarna txikiagoko bizimoduetarantz pixkanaka aurrera egiteko.

Ihobek “neurtu, ulertu eta jardun” lelopean planteatu du kalkulagailua.

Euskadik 10,4 tona igortzen ditu biztanleko

Euskadiko karbono-aztarna 10,4 tona CO2 baliokidea da biztanleko, Europako batez bestekoa (10,9 tona) baino zertxobait txikiagoa. Aztarna horrek eskualdeko ondasun- eta zerbitzu-eskaria asetzeko mundu osoan sortzen diren emisioak neurtzen ditu, non gertatzen diren kontuan hartu gabe.

Kopuru horretatik, 7,8 tona etxeetako kontsumoari dagozkio. Garraioa, elikadura eta etxebizitza dira emisio-iturri nagusiak; hau da, eguneroko ohiturak.