Harreman batean hasten garenean, desioa da gobernatzen gaituena. Gogoak berez azaltzen dira, gorputzak erraz erantzuten du eta sexua eguneroko bizitzako ekintza espontaneoa da. Hala ere, urteen poderioz, bikote askok sentipen deseroso eta ez oso aitorgarri batekin egiten dute topo: nagikeria sexuala. Horrek ez du esan nahi maitasuna amaitu denik, esta erakarpena edo lotura ere. Besterik gabe, desira ez da lehen bezala sortzen.
Errutinak eragiten duen higadurak; eguneroko nekeak eta estresak, bizikidetzarekin edo eguneroko ardurekin batera, nahiari kalte egiten diote. Orduan, sexua zerrendan “egiteke dagoen zeregin” bihurtzen da, edo, besterik gabe, atzeratzeko joera duen zerbait. Gainera, beste batzuetan sexu-topaketak programatzen dira: “asteburu honetan”, “denbora dugunean”, “lasaiago gaudenean”. Eta asmoa ona bada ere, jende askok sentitzen du programazio horrek magia, berezkotasuna eta, paradoxikoki, gogoa kentzen dituela.
Desioa ohetik kanpo ere landu behar da, adibidez, solasaldiekin, konplizitatearekin…
Hormona- eta gorputz-aldaketak ere ez ditugu ahaztu behar. Menopausiaren osteko sexualitatea, adibidez, tabu handia da oraindik. Lubrifikazioan, sexu-erantzunean edo desira-mailan gertatzen diren aldaketek segurtasunik eza, frustrazioa edo saihestea eragin dezakete. Horregatik, garrantzitsua da sexualitatea berriz definitzea, eta beste plazer-modu batzuetara irekitzea, kontzienteagoak, motelagoak eta agian sakonagoak. Hau da, estimulurik eza eta sexualitaterik eza ez dira berdinak.
Garrantzitsua da funtsezko zerbait ulertzea: desioa ez da beti topaketaren aurretik agertzen. Pertsona askok “gogoa izatea” espero dute kontaktua hasteko, baina, egia esan, desioa hurbilketan, igurtzian edo intimitate emozionalean pitz daiteke. Alferkeria sexualak ez du beti esan nahi ez dugula nahi; batzuetan esan nahi du gorputzetik deskonektatuta gaudela, akituta edo gutxi estimulatuta.
Hortaz, nola suspertu sexu-txinparta presiorik eta errurik gabe? Ez dago errezeta magikorik, baina ikuspegi aldaketak lagun dezake. Adibidez, sexu-harremanek ez dute zertan beti perfektuak izan behar. Zenbait kasutan, nahikoa da intimitatea partekatzea. Sexu-harremanen inguruan izan ohi ditugun itxaropenak apaltzea, beraz, lagungarri izan daiteke.
Ildo berean, ohiko gidoia aldatzea ere lagungarri suerta daiteke. “Hasten bagara, amaitu behar dugu” logika apurtu eta esperientzia berriei tartea zabaltzea ere lagungarri izan daiteke. Bestalde, desioa ohetik kanpo ere landu behar da, adibidez, solasaldiekin, konplizitatearekin, etab. Arazoaren berri badugu, komeni da horren inguruan hitz egitea gure bikotekidearekin. Nagitasuna, segurtasun falta eta beldurra hitz zehatzen bidez deskribatzean deseroso sentiarazten gaituen hori leundu egiten da.
Aldaketak onartzea ere garrantzitsua da. Gorputzak aldatzen dira, desira aldatzen da… eta sexualitatea ere eraldatu daiteke, baina ez du, halabeharrez, zerbait okerragoa izan behar. Gogoratu txinparta ez dela beti berez sortzen. Batzuetan ‘metxeroa’ kontu handiz hurbildu behar da, eskakizunik gabe, desioa ez dela galtzen gogoraraziz: eraldatu egiten da.







