Errenteriako etxe bateko sukaldean, astelehen gau batean, norbaitek hozkailua ireki eta zimeldutako sagar batzuk, erdi janik geratutako dilista-plater bat eta duela pare bat egun iraungitako esne-brik bat aurkitzen ditu. Denak zaborretan amaitzen du. Eguneroko irudi horrek, EAEko 953.000 etxeetan errepikatuta, urtean 124.692 tona elikagai alferrik galtzea dakar; hau da, pertsonako 56 kilo baino gehiago. Beste era batera esanda, euskal etxe bakoitzak batez beste 2,5 kilo janari botatzen ditu astean.
Hori ondorioztatzen da ‘Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean elikagaiak alferrik galtzeari buruzko 2026ko azterketa’ txostenetik, Euskadin fenomeno horri buruz orain arte egin den azterlanik osatuenetik. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren enkarguz, AZTIk eta ELIKA Fundazioak koordinatu dute ikerketa, eta NEIKER, HAZI, GAIA Ikerketa eta Enraíza Derechos erakundeetako taldeek parte hartu dute.
Txostenak, Europako Batzordeak homologatutako metodologia baten bidez, nekazaritzako elikagaien kateko bost katebegi nagusietan zenbat elikagai alferrik galtzen den neurtzen du: nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenean, elikagaiak eraldatzeko industrian, banaketan eta txikizkako merkataritzan, ostalaritzan eta jatetxeetan, eta etxeetan.
2025eko urritik, Europako zuzentarau batek elikagaiak alferrik galtzea murriztera behartzen ditu estatu kideak hemendik 2030era. Helburua da txikizkako salmentan, ostalaritzan eta etxeetan pertsonako xahuketa % 30 gutxitzea, eta eraldaketan nahiz fabrikazioan % 10.
Oro har, euskal nekazaritzako elikagaien kateak 247.668 tona elikagai alferrik galtzen ditu urtero, hau da, 111 kilo biztanleko. Kopuru horrek Europako batez bestekoaren (biztanleko 130 kilo, Eurostaten 2023ko datuen arabera) azpitik jartzen du Euskadi. EB osoan, elikagaiak alferrik galtzeak elikadura-sistema osoko berotegi-efektuko gasen isurketen % 16 sortzen du.
Euskadin, lurraldeka, Bizkaian 129.000 tona botatzen dira, Gipuzkoan 81.000 eta Araban 38.000.
Xahututako elikagaien bolumen hori ez da modu berean banatzen kateko katebegi guztietan. Etxeetan, ostalaritzan eta banaketan biltzen da Euskadin alferrik galtzen den janariaren % 97. Zerrendaren buruan etxeak daude, 124.692 tonarekin; jatetxeek, tabernek eta catering-zerbitzuek beste 64.130 sortzen dituzte, eta supermerkatuek, handizkariek eta saltoki espezializatuek 52.457 gehiago.

Ahaztutako fruta eta alferrik galdutako soberakinak
EBko etxeetan, biztanle bakoitzak 69 kilo janari alferrik galtzen ditu urtean, Eurostaten arabera. Euskadin kopuru hori 56 kilo ingurukoa da, eta alferrik galdutakoaren % 40 oraindik kontsumitzeko moduan zegoen.
Fruta da etxeetan gehien alferrik galtzen den elikagaia. Zaborretan amaitzen duten hamar kilotik ia lau sagarrak, bananak, ahuakateak eta bestelako fruta freskoak dira. Ondoren datoz prestatutako plateren soberakinak, barazkiak eta esnea. Lau talde horiek bakarrik etxeetako janari jangarriaren % 73 baino gehiago biltzen dute.
Etxeetan alferrik galtzen den janariaren bi heren baino gehiago bi unetan sortzen dira. Lehenengoa janaria prestatzean gertatzen da, azalak, zurtoinak edo platerera inoiz iristen ez diren bestelako zatiak baztertzen direnean. Bigarrena, berriz, otorduen ondoren, soberakinak gordetzen ez direnean edo hozkailuan ahaztuta geratzen direnean.
Elikagaiak iraungi, hondatu edo hozkailuan ahaztuta geratu direlako botatzea etxeetan alferrik galtzen denaren zati txiki bat besterik ez da, baina oraindik ere esanguratsua. Datuen arabera, arazo horren zati handi bat murriztu liteke erosketak hobeto planifikatuz, prestatzen diren kopuruak egokituz eta soberakinak aprobetxatuz.

Saltzen ez den produktu freskoa
Euskadiko supermerkatu, handizkako biltegi eta saltoki espezializatuetako apalategi nahiz biltegietan, urtean 52.457 tona elikagai alferrik galtzen dira; egunero, 144 tona inguru. Horietatik 15.192 —egunean 42 tona inguru— oraindik kontsumitzeko moduan zeuden zakarrontzira bota zirenean.
360 establezimendutan egindako azterketak agerian uzten du alferrik galtze horren zati handi bat produktua salmentarako prestatzean gertatzen dela —hala nola zatitzean, aurkeztean edo manipulatzean—, baita kalitate-estandarrak ez betetzeagatik edo gehiegi prestatzeagatik ere.
Oraindik kontsumitzeko moduan dauden elikagaien artean, fruta, barazkiak eta ogia dira gehien botatzen direnak. Haragiak eta arrainak ere hondakin kopuru handia sortzen dute, baina kasu horretan gehiena zatitze- eta prestaketa-lanetatik dator; hau da, salmenta-prozesuan saihestu ezin diren hondarrak dira, eta ez alferrik galdutako elikagaiak.
Hondakin horien erdia baino gehiago haiek tratatzen dituzten enpresa espezializatuetara bideratzen da. Aldiz, soberakinak dohaintzan ematea, hornitzaileari itzultzea edo kontsumo-data iritsi aurretik deskontuarekin saltzea ez da oraindik ohiko praktika. Sektoreak aurrerapausoak eman ditu hondakinak sortu ondorengo kudeaketan, baina oraindik badu hobetzeko tartea kontsumitzeko moduan dauden elikagaiak alferrik galdu ez daitezen.

Jatetxeetan soberan geratzen den platera
Jatetxeak, tabernak eta catering-zerbitzuak dira, Euskadin, saihets daitekeen elikagai-xahutze handiena sortzen duten bigarren katebegia. Urtero 64.130 tona elikagai-hondakin sortzen dituzte (egunean 176 tona inguru), eta horietatik 18.285 tona —egunean 50 tona— oraindik jateko moduan zeuden elikagaiei zegozkien.
Ostalaritzan, elikagaiak alferrik galtzeko foku nagusia ez dago sukaldean, mahaian baizik. Zaborretan amaitzen duten elikagaien % 62 bezeroak platerean uzten duenari dagokio. Zerbitzatu edo kontsumitu gabe geratzen diren prestakinek —hala nola pintxoek, produktu prestatuek edo okintzako eta gozogintzako produktuek— beste % 15 hartzen dute.
Datuek erakusten dute hobekuntza-tarte nagusia ez dagoela erosketetan edo biltegiratzean, zerbitzuan baizik. Xahutze hori murrizteko, komenigarria litzateke anoen tamaina egokitzea eta bezeroei soberakinak etxera eramatea erraztea.
Ostalaritzak sortzen dituen elikagai-hondakinen % 55 edukiontzi organikora doa. Horrek erakusten du sektoreak aurrerapauso handiagoak eman dituela hondakinak behar bezala bereizten, haien sorrera murrizten baino. Beste % 12 hondakin horiek konpost edo bestelako erabileretarako eraldatzen dituzten enpresetara bideratzen da. Dohaintza eta soberakinen aprobetxamendua oraindik ere oso gutxi erabiltzen diren praktikak dira.
Industria, aprobetxamenduaren eredua
Etxeetan, banaketan edo ostalaritzan gertatzen denaren aldean, elikagaien industria da elikagai gutxien zabor bihurtzen dituen katebegia. 2024an ia 1,3 milioi tona elikagai eta edari ekoitzi zituen, eta 2.317 tonak baino ez zuren amaitu elikagai-xahuketa hertsian; hau da, ekoizpen osoaren % 0,19 baino ez.
Prozesuko azpiproduktu gehienek —130.000 tona baino gehiagok— helburu berri bat izaten dute: animalien elikadura, konposta, energia-iturria edo bestelako erabilera industrialak. Praktikan, industriak baztertzen duenaren % 98 baino gehiago nolabait aprobetxatzen da.
Hobekuntza-tartea prozesuaren zati oso txiki batean dago: oraindik ordezko erabilerarik aurkitzen ez duten eta azkenean hondakin bihurtzen diren materialen ehunekoa are gehiago murriztea.

Elikagai itsusiak
Nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena da Euskadin elikagai-xahuketari ekarpen txikiena egiten dion katebegia. Guztira 4.072 tona sortzen ditu, hau da, nekazaritzako elikagaien kate osoaren % 1,6 baino ez. Nekazaritzan, kopuru hori giza kontsumorako ekoitzitakoaren % 1,45 da; abeltzaintzan, berriz, ehunekoa % 0,03ra jaisten da, eta ia osorik kalitate-estandarrak ez betetzeagatik baztertutako behi-esneari dagokio.
Hala ere, landako elikagai-xahuketa kuantifikatzea ez da erraza. Elikagai asko ez dira merkatura iristen arrazoi estetiko, komertzial edo logistikoengatik. Hori da ‘elikagai itsusi’ deituriko askoren kasua: forma irregularrak, eskatutakoaz bestelako kalibreak edo merkaturatzea zailtzen duten akats txikiak dituzten fruta eta barazkiak, nahiz eta kontsumitzeko guztiz egokiak izaten jarraitu.
Gainera, konplexua da ekoizpen-galera bat eta elikagai-xahuketa zentzu hertsian bereiztea. Adibidez, baztertu arren oraindik aprobetxagarriak diren elikagai horiek ez dira teknikoki Europako elikagai-xahuketaren definizioan sartzen. Horrek azaltzen du zergatik den lehen mailako ekoizpenean xahuketa neurtzea elikagai-kateko gainerako etapetan baino konplexuagoa.
Xahututako janari tona bakoitzaren atzean, alferrik galdutako ura, energia, lurra, lana eta dirua daude. Europa mailan, xahuketa horrek urtean 132.000 milioi euro inguruko kostua dakar. Eta ez da ahaztu behar Europar Batasunean ia 33 milioi pertsonak ezin dutela bi egunetik behin otordu oso bat egin.
Hozkailu baten hondoan ahaztutako fruta zimurtua ez da etxeko deskuidu huts baten ondorioa. Nekazaritzako elikagaien kate osoa zeharkatzen duen arazo baten irudi bizia da, landatik gure sukaldeetaraino.

Euskal etxeek duela lau urte baino janari gutxiago botatzen dute
Etxeetako elikagai-xahuketa gutxitu bada ere, jatetxeetako plater-hondarrak eta supermerkatuetan saldu gabe geratzen diren produktu freskoak dira arazoaren zati handi bat
Euskadin duela lau urte baino elikagai gutxiago xahutzen da, orduan egin baitzen euskal nekazaritzako elikagai-katearen lehen diagnostikoa. Baina bilakaera ez da berdina izan sektore guztietan. Etxeek eta industriak xahuketa murriztu duten bitartean, ostalaritzak eta banaketak oraindik badute hobekuntza-tartea.
Etxe bakoitzeko asteko batez besteko elikagai-xahuketa 2022ko 3,06 kilotik 2026ko 2,51 kilora jaitsi da; hau da, % 18ko murrizketa izan du. Euskadi osora estrapolatuta, 15.000 tona elikagai gutxiago xahutzen dira urtero.
Hobekuntzak, ordea, badu ñabardura bat. 2022an etxeetako elikagai-xahuketaren ia bi heren edukiontzi organikora botatzen ziren. 2026an, proportzio hori % 47ra jaitsi da. Bien bitartean, errefusaren edukiontzira bideratutakoa % 27tik % 36ra igo da. Janari gutxiago xahutzen da, baina zati handiago batek beste hondakin batzuekin nahastuta amaitzen du, edukiontzi marroira bota beharrean.
Erronka supermerkatuetan eta jatetxeetan
Ostalaritzan, saihets zitekeen elikagai-xahuketaren bolumena ia ez da aldatu 2022tik, eta urtean 18.300 tona inguruan mantentzen da. Banaketan, kopurua handiagoa da, baina horrek ez du esan nahi, nahitaez, gaur egun elikagai gehiago xahutzen denik.
Alde hori xahuketa neurtzeko moduan egindako aldaketari zor zaio. 2022an, estimazioak establezimendu bakoitzaren erosketa-bolumenean oinarritzen ziren. 2026an, berriz, saltokiek eta ostalaritza-establezimenduek eurek zuzenean erregistratu zituzten astero sortutako elikagai-hondakinen kiloak, askoz ere xehetasun handiagoarekin.
Bi sektoreetan, hobekuntza-tartea puntu beretan dago oraindik: supermerkatuetan saldu gabe geratzen diren fruta eta barazkietan, eta taberna zein jatetxeetan bezeroek plateretan uzten duten janarian.
Industriak eta landak ia ez dute elikagairik xahutzen
Euskal elikagai-industriak 2022an 7.720 tona elikagai-xahuketa sortu zuen. Lau urte geroago, kopuru hori 2.317 tonara jaitsi da, % 70 gutxiago, sektorearen ekoizpena handitu den arren. Gero eta azpiproduktu gehiago bideratzen dira beste erabilera batzuetara, hala nola animalien elikadurara, konpostera edo energia sortzera.
Nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenean aldaketak askoz apalagoak dira, eta, batez ere, ekoizpen-bolumenaren bilakaerari erantzuten diote. Nekazaritzan, kalkulatutako xahuketa % 9 inguru murriztu da; abeltzaintzan, berriz, igoera txiki bat izan zen, ekoizpen handiagoari lotua. Oro har, katearen lehen katebegi horrek 4.072 tona elikagai-xahuketa baino ez du sortzen, Euskadin erregistratutako guztiaren % 1,6.
Azterlanak baieztatzen du xahuketa murrizteko ahalmenik handiena ez dagoela ez landan, ez fabrikan, baizik eta katearen azken urratsetan: supermerkatuan, jatetxean eta etxeko sukaldean. Horixe da, hain zuzen ere, kontsumitzaileok gehien eragin dezakegun eremua.







