Ebola agerraldiak egoera oso larrian jarri du Kongoko Errepublika Demokratikoa, eta bizkor hedatzen ari da herrialdean zehar, gatazka eta ziurgabetasuna nagusi diren momentuan.
Gaixotasuna bost lurraldetan ari da hedatzen: Ituri, Iparraldeko Kivu, Hegoaldeko Kivu, Goi Uélé eta Tshopo. Badira konfirmatutako 2.111 kasu eta 750 heriotza erregistratu dira, uztaileko azken datuen arabera. Baieztatutako kasuen % 15 inguru haurrak eta nerabeak badira ere, heriotzen % 25 baino gehiago dira: heldu batek baino ia bi aldiz aukera gehiago dituzte gaixotasunaren ondorioz bizitza galtzeko.
Zaila da ebolaren diagnostiko arina egitea haurren artean. Izan ere, lehen sintomak gaixotasun arruntekin nahas daitezke, malariarekin adibidez, eta horrek bai diagnostikoa bai tratamendua atzeratzen ditu. Larriki gaixotzen direnean, haurrek azkar egin dezakete okerrera, batez ere desnutrizioa, deshidratazioa edo bestelako infekzioak badituzte.
Ezin ahaztu dezakegu, gainera, Kongoko Errepublika Demokratikoa gatazka aktibo batean murgilduta dagoela eta indarkeriak gora egin duela azkenaldian. Ondorioz, biztanleria modu masiboan desplazatzen ari da indarkeriatik ihesi, aurretik ahulak ziren osasun-zerbitzuak geroz eta presio handiagoa jasaten dute eta sarbide humanitarioa muga eta murrizketa gehigarriekin topatzen ari da. Testuinguru horretan, ebola agerraldiaren kontrolerako neurriak ezartzea oso zaila da.
Gaixoen zaintza, kontaktuen bilaketa eta gaixotasunak behar duen erantzun azkarra emateko baliabiderik ez dago eta horrek muturreko arrisku-egoeran jartzen ditu haurrak. Epidemia eustea posible da, baina baliabideak behar dira horretarako, baita nazioarteko elkartasuna ere, ekintza kolektiboa indartu eta erantzun bizkorra emateko.
Izan ere, ebola ezin da modu isolatuan tratatu. Gaixotasunari emango zaion erantzuna kaltetutako komunitateek aurre egin behar dieten beste larrialdiekin batera artikulatu behar da, hala nola desnutrizioa, kolera, poliomielitisa eta desplazamendu masiboak. Aldi berean, funtsezko zerbitzuen jarraipena bermatu behar da, bai arreta medikoa bai hezkuntza zerbitzuak mantenduz.
Ebolak modu berezian eragiten die neskei eta emakumeei
Agerraldiak modu berezian eragiten die neskei eta emakumeei, eta horiek dira, gaur egun, baieztatutako kasu gehienak: kasu guztien % 53 dira eta nerabeen % 61. Zaintza-erantzukizunekin, osasun-lanarekin, hileta-praktika ez-seguruekin eta gaixoekiko harreman-maila handia eskatzen duten genero rolarekin lotutako egiturazko desberdintasunen ondorioa da egoera hori.
Testuinguru horretan, sexu-indarkeria larriagotzen ari da herrialde osoan, UNICEFek 35.000 kasu baino gehiago erregistratu zituen 2025ean. Gatazkak eta desplazamenduak babesik eta informaziorik gabe utzi ditu neskak eta ahulagoak bihurtzen ditu, bai ebolaren aurrean bai gizartean nagusi den indarkeriaren aurrean.
Desinformazioa
Desinformazioa da agerraldiari eusteko beste erronka nagusietako bat. UNICEFek 50.000 pertsonari egindako inkesta baten arabera, % 64k oraindik ez dute ulertzen nola transmititzen den ebola, eta % 63k ez dakite nola babestu. Gainera, % 19k ez du agerraldiaren berri izan. Datu horiek funtsezkoak dira gaixotasunaren hedapenari aurre egiteko estrategia bideratzeko. Izan ere, informatuta egon eta transmisio-bideak ongi ulertzea ezinbestekoa da ebolaren hedapena kontrolatzeko.
UNICEF parte-hartze komunitarioko estrategia bat bideratzen ari da, konfiantza sortu eta sentsibilizazio-ekintzen garapenean oinarrituta. Horretarako, tokiko taldeekin bat egiten ari da kontzientziazio-ekintzak eta gaixotasunaren aurrean babesteko neurriak gizarteratzeko, hala nola gazteekin, lider erlijiosoekin, gaixotasuna gainditu dutenekin eta osasuneko langile komunitarioekin.
UNICEFen erantzuna
Erantzunak birusak baino azkarrago egin behar du aurrera orain. UNICEF lau lehentasunen inguruan ari da laguntza ematen: komunitateak mobilizatu eta desinformazioari aurre egin; infekzioen prebentzioa eta kontrola indartu; kaltetutako haurrak babestu; eta zaintza komunitarioa eman.
UNICEFek sustatu dituen ekintzen artean daude, besteak beste: 1.000 osasun-langile eta mobilizatzaile komunitario baino gehiagori prestakuntza eskaintzea kaltetutako inguruetan, eta ebolaren aurkako prebentzio-mezuekin iristea 160.000 etxe baino gehiagotara. Bestalde, 100 bat motozikletarekin kontaktuak miatzen laguntzen ari dira, haurrentzako nutrizio-arretako protokoloak aktibatzen ari dira, eta osasun-langileei laguntza psikosoziala ematen ari zaie. Gainera, UNICEFek lehen haurtzaroko zentro bat ireki du, gurasoengandik banandutako haurtxoak eta haur txikiak artatzeko, horiek tratamendua jasotzen duten bitartean, eta laster irekiko dira beste bi zentro.
Datozen sei hilabeteetan erantzun horri eusteko, UNICEFek 70,7 milioi dolar behar ditu, hau da, 62 milioi euro. Dagoeneko 44,1 milioi euro mobilizatu badira ere, oraindik 17,9 milioi euroko tartea dago gehien behar duten haur eta familiengana iristeko.







