Egilea: Jose Poza
Argazkia: Shutterstock.com
Infografiak: Jose Poza
Hitz kopurua: 705
Irakurketa denbora: 4 Minutu
Mundua gero eta arriskutsuagoa da. Gatazketan izandako hildakoen, azkartutako tentsio geopolitikoen eta potentzia ertainen gero eta protagonismo handiaren ondorioz, ‘Zatiketa Handia’ izenarekin bataiatu duten fenomenoa bizi dugu. Fenomeno horren ezaugarri nagusiak munduko ordenaren birmoldaketa eta aro geopolitiko berri baten sorrera dira.
Ekonomia eta Bakearen Institutuak (IEP) argitaratzen duen Bake Globalaren Indizearen azken edizioak kezka eragiten duen testuinguru bat azaltzen du. Munduko bakeak okerrera egiten du urtez urte eta 2008an sortu zenetik bere mailarik baxuenera heldu da.
Gaur egun, 59 gatazka aktibo daude mundu osoan, II. Mundu gerra amaitu zenetik inoiz izan den kopururik altuena. 2024. urtean zehar, gatazka armatuekin harremana duten 152.000 heriotza izan ziren. Horietatik guztietako % 63 Ukrainan, Palestinan eta Errusian gertatu ziren. Gainera, 17 herrialdetan diren barne-gatazken ondorioz 1.000 heriotza baino gehiago izan ziren, 1999. urteaz geroztik erregistratu den kopururik altuena. Beste 18 herrialdetan, berriz, 100 heriotzeko langa gainditu zen.
Zatiketa hori garbi ikusten da eragin geopolitiko esanguratsua duten herrialde kopuruaren igoeran. Gerra Hotzean ziren 13 herrialdetik 34ra pasatu zen 2023an. Saudi Arabia, Turkia, India, Arabiar Emirerri Batuak, Brasil eta Indonesia potentzia ertainek, besteak beste, eskualde mailako protagonismoa irabazi dute, eta lehia areagotu eta mundu mailako boterea zatitu egin dira.
Gainera, gatazkak oso modu azkarrean nazioartekotzen ari dira: 2024an, 78 herrialdek gatazka armaturen batean parte hartu zuten beren mugetatik kanpo. 2008an, adibidez, 59 herrialde izan ziren. Herrialde mugakideekin diren harremanek okerrera egin dute azken hamarkadan: 43 herrialdetan okerrera egin dute herrialde mugakideekin zituzten harremanak eta bakarrik 10etan hobetu dira.
Errusia, oldarkorrena
Indizea sortu zenetik lehendabizikoz, Errusia kokatu da herrialde oldarkorrenen sailkapenaren buruan. Afganistan izan da aipatu sailkapen horren buruan azken sei urteetan. Errusiaren atzean daude Ukraina, Sudan, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Yemen.
Errusia eta Ukrainaren arteko gerra erabakigarria da zentzu horretan. Ukrainan, adibidez, etxeko indarkeria kasuak % 20 hazi ziren 2024an, 291.000 salaketa jarri zirelarik. Ildo berean, krimen antolatuaren jarduerak areagotu egin ziren, gatazka-eremuko su-armak ugaritu egin zirelako.
Teknologia, aldagai nagusia gatazketan
Teknologiaren izaera aldakorra gatazketako dinamikak eraldatzen ari da, horiek eskuragarriagoak eta luzeagoak eginez. Adibidez, droneak ekoizten dituzten enpresen kopurua 6tik 200era igo da 2022. urteaz geroztik. Ukrainak, adibidez, 2,5 milioi drone inguru fabrikatuko ditu aurten. Merkeak diren drone horiek, edo bat-batean egindako lehergailuek hainbat milioi balio duten aktibo militarrak indargabetzeko gaitasuna dute. Horrek potentzia militarren arteko oreka birdefinitzen laguntzen du. Izan ere, gaitasun asimetriko horri esker, talde erreboltari txikiek askoz handiagoak diren indar konbentzionalen kontrako gatazkak denboran luza ditzakete.
Ukrainako gatazka gerra eredu berri horren proba-eremu bilakatu da. Droneen hurrengo belaunaldia adimen artifizialarekin hobetuko da eta modu autonomoan hegan egiteko eta helburua zehaztasunez lokalizatzeko gai izango dira. Bakea mantentzeko mundu-mailako gastua, gastu militarrarekin alderatuta, azken bi hamarkadetako bere mailarik baxuenean dago.
Kostu ekonomikoa
Indarkeriaren kostu ekonomikoa 19,97 bilioi dolarrekoa izan zen 2024an, hots, mundu osoko BPGaren % 11,6 inguru. Kopuru horrek planetako pertsona bakoitzarentzat 2.120 euro gutxiagoko ekoizpen ekonomikoa suposatzen du. Gastu militarra 2,7 bilioi dolarretakoa izan zen bitartean, bakea sendotzeko jardueretara bideratutako aurrekontua 47.200 milioi dolarretakoa baino ez zen izan, hau da, gastu militarraren % 0,5 inguru.
Gatazka armatuen ondorioz kalte gehien izan dituzten herrialdeetan BPG % 30 jaitsi da urtebete eskas batean. Giza-sufrimendu itzelaz haratago, gatazka funtsezko karga ekonomikoa da desplazamenduaren, merkataritza dislokatuaren, enpresa-ziurgabetasunaren eta azpiegituraren suntsipenaren bidez. Errefuxiatuen eta barne-lekualdatuen kopurua 122 milioi pertsonara iritsi da eta 17 herrialdetan biztanleriaren % 5 gutxienez horrelako egoeraren batean dago.
Etorkizun ziurgabea
Txostenak gatazka garrantzitsuak izan ditzaketen bost eskualde aipatzen ditu: Kaxmir, Hego Sudan, Etiopia eta Eritrea, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Siria. Gatazka horietan, urtero, hamarnaka mila biktima izango lirateke.
Mundu mailan diren milizia erreboltariak teknologia asimetrikoa eskuratzen ari direnez, ‘amaigabeko gerrak’ izenarekin ezagutzen den fenomenoa gertatzen ari da, gatazkak etengabe luzatzen direlako eta garaile bat izatea oso zaila delako. Errealitate hori, potentzia handien lehiarekin eta herrialde zaurgarrien zorpetze-maila jasanezinekin batera, nazioarteko ordenaren birformulazio batean amaituko dela dirudi.
Merkataritza esparruan hartutako zehapenak hirukoiztu egin dira eta 3.000tik gora ziren 2023an. Aldi berean, Txinak mundu osoan duen eragina nabarmen hazten ari da, nahiz eta arazo ekonomikoak izaten hasi den, bere zorpetze gordina BPGaren % 300era gerturatu delarik.
Islandia, Irlanda, Zeelanda Berria edo Singapur bezalako gizarte baketsuek ez dute indarkeriaren kostuen eragina pairatzen eta, batez beste, produktiboagoak eta informatuagoak dira eta hezkuntza-maila altuagoa dute. Aipatu herrialde horien adibideak iradokitzen du gizarte baketsuak oparoagoak direla.











