Giza Ugalketaren eta Enbriologiaren Europako Elkartearen (ESHRE) urteko kongresuan aurkeztutako ikerketa baten arabera, Espainiako iparraldean bizi diren gizonen esperma herrialdeko gainerako lekuetakoa baino kalitate handiagokoa da.
Ikerketak laguntza bidezko ugalketako zazpi zentrotan artatutako 386 gizon aztertu zituen, 2024ko ekainetik 2025eko abendura bitartean. Ikertzaileek Espainiako iparraldean, erdialdean, hegoaldean eta hego-ekialdean bizi diren gizonen semen-parametroak alderatu zituzten, eta desberdintasun esanguratsuak aurkitu zituzten semen-bolumenean, kontzentrazioan, mugikortasunean, morfologian eta espermatozoide mugikorren guztizko kopuruan.
Espermatozoide mugikorren guztizko kopuruari dagokionez, batez bestekoa 94,35 milioikoa izan zen iparraldean, eta 50,11 milioikoa erdialdean
Espermatozoide mugikorren guztizko kopuruari dagokionez, batez bestekoa 94,35 milioikoa izan zen iparraldean, eta 50,11 milioikoa erdialdean. Bestalde, mugikortasun espermatikoaren murrizketak iparraldeko gizonen % 23,9ri eragin zion; hegoaldean eta erdialdean, ordea, proportzio hori % 53tik gorakoa izan zen.
UR Nazioarteko Taldeko zuzendari zientifiko Rocío Núñez-Calonge biologoa buru duen taldeak baztertu egin du bizi-ohiturek desberdintasun horiek azaltzen dituztenik. Parte-hartzaileek tabakoari, alkoholari, kafeari, ariketa fisikoari eta aurrekari medikoei buruzko galdetegiak bete zituzten, eta emaitzek oso antzeko ereduak erakutsi zituzten aztertutako lau eskualdeetan.
Kutsadura
Bildutako aldagaiak kontuan hartuta azterketa egokitu ondoren, kokapen geografikoak eta sexu-abstinentziaren iraupenak baino ez zuten loturarik izan semen-parametroekin. Egileek kutsadura aipatzen dute balizko arrazoi gisa, nahiz eta ikerketak ez duen ingurumen-esposizioaren maila zuzenean neurtu.
Espermaren kalitate eskasagoak gizonezkoen antzutasun-probabilitatea handitzen du, baina, behin haurdunaldia lortuta, ez du eraginik haurren osasunean, ikertzailearen arabera.
Europako beste herrialde batzuetan, Txinan eta Estatu Batuetan egindako antzeko ikerlanek ere antzeko eskualde-desberdintasunak deskribatu dituzte; lan honen berritasuna, ordea, bizi-ohituren eragina bereiztea izan da.







