Gizakion espermaren kalitatea erdira jaitsi da

1973. urteaz geroztik, batez besteko espermatozoideen kopurua mililitro bakoitzeko 101 milioitik mililitro bakoitzeko 49 milioira igaro da.

Nazioarte mailan egin den ikerketa batek agerian utzi duenez, azken 50 urteetan gizakion esperman den batez besteko espermatozoideen kopurua % 60an murriztu da. Mundu mailako joera horrek, geldiarazten ez bada, arriskuan jar lezake giza ugalketa hamarkada eskas batean. Izan ere, eiakulazio bakoitzeko espermatozoide kopurua etengabe jaitsi da duela ia mende batetik hona. Horrez gain, espermatozoideen kontzentrazioa ere erdira jaitsi da azken 50 urteetan eta ernalezintasunaren atalasetik gertu dago. gainera, jaitsiera horren erritmoa azkartu egin da azken bi hamarkadetan, ia bikoiztu arte.

Kezka

Datu kezkagarri horiek guztiak gizonen espermaren kalitatearen inguruan munduko 53 herrialdetan egin den makro-azterketa batean jaso dira. Aipatu ikerketaren ondorioak Human Reproduction Update aldizkarian argitaratu dira eta 2011. urtera arte mendebaldeko herrialdeetako gizonen espermaren kalitatea aztertu zuen beste ikerketa baten jarraipena da.

Hamarkada eskas batean, espermatozoideen kopurua haurrak izateko beharrezkoa den gutxieneko atalasetik jaits liteke 

Lehen ikerketa horretan jada espermaren kalitatea % 50ean jaitsi zela ikusi ahal izan zen. Espermaren kalitate eskasaren arrazoien artean honako bi hauek azpimarratzen dira:  bizi-ohitura desegokiak eta kutsatzaile kimikoekiko esposizioa oso txikitatik. Datuak globalak dira eta munduko hainbat lekutan jaso dira; beraz, gizateria osoari eragiten dio.

Ikerketak erakusten duenez, espermatozoideen kopurua (kontzentrazio espermatikoa) mililitro bakoitzeko 101 milioitik 49 milioira igaro da 1973. urteaz geroztik, eskuragarri dauden lehen azterketen datatik. Kopuru osoan ere jaitsiera nabarmena eman da, eiakulazio bakoitzeko 335,7 milioitik 126,6 milioitara pasatu delarik.

Ikerlanak kezkarako beste datu bat utzi du: jaitsieraren erritmoa azkartu da. Horrela, 1973tik kontzentrazio espermikoaren jaitsiera, urtero, % 1,16koa zen bitartean, 2000. urteaz geroztik % 2,64koa da.  

Jaitsiera horren joera mantentzen bada, hamarkada eskas batean espermatozoideen kopurua haurrak izateko beharrezkoa den gutxieneko atalasetik jaits liteke. 40 milioi/ml baino gutxiagoko kontzentrazioa duten gizonak azpiugalkortzat hartzen dira; 15 milioi/ml-ko kontzentraziotik behera, berriz, antzua dela esan liteke.