Osasunbideak eta Euskarabideak Nafarroako Eremu Euskalduneko osasun-zentroetan diren ezaugarri eta behar linguistikoak aztertu dituzte. Mintzasarea egitasmoaren barruan 14 astez hogei bat profesionalek borondatez parte hartu dute euskarazko ahozko elkarrekintzak sustatzeko dinamikan. Egitasmoaren xedea da herritarrei eskaintzen zaien arreta elebiduna hobetzeko bidean euskararen erabilera sustatzeko ekintza zehatzak mahai-gaineratzea.
Nafarroako Gobernuak euskaraz arreta jaso nahi duten herritarrei zerbitzu hori bermatu nahi die eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu nahi ditu. Horrez gain, herritarrei informazio elebiduna eskaini eta herritarren arretarako puntuetan errotulazioa ere elebiduna izatea nahi du.
Mintzasarea
Mintzasarea egitasmoa Doneztebeko osasun-zentroan garatu da Elhuyarren aholkularitzarekin. Bertan, hainbat lanpostutako profesionalek (erizainak, medikuak, administrariak, gizarte-langileak, garbitzaileak…) osatutako lantalde bat eratu da proba pilotua diseinatu eta garatzeko, zentroan sortzen diren ahozko harremanetan eragiteko helburu nagusiarekin. Dinamika horretan zenbait saio burutu dira euskaldunak diren profesionalekin eta euskara ulertzeko gai diren horiekin. Horrez gain, euskara ulertzen ez duten horiekin sentsibilizazio kanpaina bat burutu da hizkuntzek osasun-zerbitzuaren kalitatean izan dezaketen eraginaren inguruan kontzientziatzeko.
Egitasmoan ikusi ahal izan denez, dinamika hasi aurretik euskaldunen artean euskararen erabilera % 53koa zen. Dinamika ostean egin den lehen ebaluazioaren arabera, berriz, erabilera hori % 72raino hazi da eta ondoren egindako beste ebaluazio batean % 66an geratu da.
Dinamikan parte hartu duten profesionalek oso modu positiboan baloratu dute egitasmoa, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan ez ezik langileen arteko harremanetan ere euskararen erabilera handitzeko balio izan duelako. Gehienen ustez, ez da ahalegin gehigarririk egin behar izan, eta lehen hitza euskaraz esaten lagundu die. Jokabide horrek nabarmen erraztu omen du elkarrizketen arintasuna.