Gauekoak aisialdi programak, Arabako ALEA aldizkariarekin elkarlanean, ‘Post-Ontzi’ udako postal lehiaketa abiarazi du. Lehiaketa honen helburua da baliabide analogikoen erabilera suspertzea, esaterako, digitalizazioaren garaian ia ahaztuta geratu diren postalen erabilera. Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago deialdia. Parte hartzeko epea uztailaren 5etik irailaren 5era bitartekoa da, eta saridunen izena irailaren 13an jakinaraziko da.
Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago. Lehenengo kategoriak, “Bidali zure postala”, Gasteizko Gauekoak helbidera postal fisiko bat bidaltzera gonbidatzen ditu parte-hartzaileak. Postalek euskarazko testu bat izan behar dute, eta originaltasunagatik eta berezitasunagatik ebaluatuko dira. Parte hartzea ziurtatzeko, lehiakideek postalaren argazki bat bidali behar dute bi aldeetatik info.gauekoak@gmail.com helbide elektronikora, baita bere izen-abizenak, telefono zenbakia eta postalaren izenburua ere.
Bigarren kategoriak, “Sortu zure postala”, aukera ematen die parte-hartzaileei edozein euskarritan (argazkia, irudia edo marrazkia) postal bat diseinatzeko eta Arabako ALEAren webguneko Post-ontzi atalera igotzeko. Lanak herri-bozketa bidez hautatuko dira web orri berean, bi onenak zehazteko.
Lehenengo kategorian, bi irabazleek 5 eguneko Interrail Global pasea jasoko dute. Bigarren kategorian, bi lagunentzako bazkaria Parral Tabernan eta Errigorako produktuen saski bat izango dira.
Aurkeztutako lanak irailaren 20an, LABE Gazte Laborategian inauguratuko den erakusketan erakutsiko dira.