Xtraklub eta Gauekoak gazteentzako aisialdi programak

Xtraklub eta Gauekoak gazteentzako aisialdi programek 54 jarduera programatu dituzte 2023ko udazken-negu denboraldirako.

Xtraklub eta Gauekoak gazteentzako aisialdi programek 54 jarduera programatu dituzte 2023ko udazken-negu denboraldirako. 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa hauek gazteen entretenimendurako aukera ugari eskainiko dituzte datozen hilabeteetan.

Gauekoak, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi alternatibo eta osasungarriko programak, 22 jarduera programatu ditu. Guztiak doakoak eta berritzaileak izango dira eta diziplina sorta zabala hartuko dute, musikatik hasi eta aire zabaleko abenturetaraino. Gainera, abentura-irteerak ere egingo dira Araban, tokiko aisialdi aktiboko ekimenen ezagutza sustatzeko helburuarekin. Programa irisgarri bat ere eskainiko da, kolektibo eta pertsona guztien inklusioa bermatzeko.

Berritasunak

Berritasun nagusietako bat da Gauekoak programak hilero, Instagram bidez, kulturarekin eta Gasteizen garatzen diren proiektuekin zerikusia duten sarrerak edo paseak zozketatuko dituela. Denboraldia irailaren 23an hasiko da SoundV Microfest jaialdiarekin. Tailerrak, dantza erakustaldiak eta formatu txikiko kontzertuak izango dira, 17 abeslari gazteren parte-hartzearekin.

Lehenengo jardueretan izena emateko epea irailaren 13an irekiko da eta hasi baino egun bat lehenago itxiko da. Udazken-negu denboraldian, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak 8 elkarte, eragile eta proiekturekin lan egingo du, hala nola Soundviviendo, Piperbeltz edo Valinor Kultur Elkartearekin.

Xtraklub, aisialdia 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat

Bestalde, Xtraklub programaren helburua 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat aisialdi osasungarri eta aberasgarria sustatzea da. Edizio honetan, Xtraklubek formatu berri bat aurkeztuko du, jarduera berrituekin eta izen-emate sistema batekin, eskuragarri dauden plazen esleipen bidezkoagoa eta errealistagoa lortzeko.

Xtrakluben udazken-neguko denboraldiak ere berrikuntzak izango ditu 32 jardueretan eta izena emateko sisteman, eskuragarri dauden 578 plazen bidezko esleipena ziurtatzeko helburuarekin. Gazteek honako tailer hauetan parte hartu ahal izango dute: dekorazio-kandelak, munduko sukaldaritza, henna-tatuajeak eta beldurrezko makillajea. Gainera, kantu, dantza urbano eta komiki ikastaroak eskainiko dira, baita hiri barruko irteerak, abenturakoak, asteburuetakoak eta bidaia kulturalak ere.

Iraileko eta urriko jardueretarako izen-emateak irailaren 13an hasiko dira, eta urriaren 20an, berriz, azaroko eta abenduko jardueretan izena emateko epea irekiko da.

Pertsona eta denboraldi bakoitzeko gehienez 4 jarduera ezarri dira. Atal guztietan, Xtra tailerretan izan ezik, jarduera bat egongo da 15 eta 18 urte bitarteko adin-tartearentzat.