Expodistrito, aldi baterako erakusketa deszentralizatuen urteko zikloak, bere jarduerei ekin die berriro. Bilboko Udalak antolatuta, akuarela, argazkilaritza, arte digitala, naturaren artea, pintura eta eskultura biltzen dituzten arte-adierazpenen sorta zabala aurkezten du aipatu programak.
Guztira hamaika erakusketa izango dira Bilboko auzoetako Udaltegietan. Aurtengo edizioan, bertakoek eta bisitariek San Inazio – Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekaldeko Udaltegietan ikusi ahal izango dituzte erakusketa horiek.
Erakusketak datorren urtearen hasierara arte egongo dira ikusgai, urtarrilaren 8ra arte, hain zuzen ere, eta bertako hainbat artistak parte hartuko dute. Artista horien lanek aberastu egiten dute hiriko kultur eskaintza. Aurtengo edizioan parte hartuko duten artistak, besteak beste, Eskuahaldunak Eskultore Elkartea, Bizkaiko Eskultoreak, Amaia Hernández Barcena, Miren Ruiz Bonaetxea, Isidoro Cereceda Grijalda, Begoña Sánchez Urbaneta, Rubén Gómez Arroyo, Carsarte, Andoni Lubaki eta Edouard Lazarguren dira.
Erakusketa horietarako sarrera doakoa da eta goizez zein arratsaldez eskura daiteke.
Gainera, parte hartzen duten artista batzuek bisitaldi gidatuak eskainiko dituzte beren erakusketetara. Bisitaldi horiei esker, ikusgai dauden lanei buruzko xehetasun gehigarriak ezagutu ahal izango ditu publikoak, eta horien atzean dauden sortze-prozesuen ikuspegi sakonagoa lortu ahal izango du.
Expodistrito programa Bilboko Udaleko Kultura Arloaren ekimen bat da, hiriko adierazpen artistikoak deszentralizatu eta artista berrien lana publikoari aurkeztu nahi diona, eta dagoeneko sagaratuta dauden beste batzuen erakusleiho izan nahi duena. Erakusketak txandakatuz joango dira, eta horietako bakoitzaren data zehatzak kontsultatu ahal izango dira Udaltegietan bertan, Barrutietako kultur programazioa jasotzen duen webgunean (www.kulturabarrutik.eus) eta 010 telefonoan.