Getxoko Komiki Azokaren XXI. edizioa

Irailaren 29tik urriaren 1era arte izango den edizio berriak 40 saltoki hartuko ditu

Bederatzigarren artea Getxora bueltatuko da irailaren 29tik urriaren 1era arte Komiki Azokaren edizio berri batekin. Aurtengoa azokaren XXI. edizioa izango da eta, beste behin, komikien jarraitzaile, ilustratzaile eta egileen topagune izango da. Ohi bezala, azokak omenaldia egingo die sektoreko pertsona esanguratsuei. Horrela, Ana Miralles artista beteranoa eta Mikel Begoña gidoilaria izango dira aintzatespena jasoko dutenak. Horiekin batera aurtengo edizioaren kartela diseinatu duen Natacha Bustos ere izango da.

Aurten, azokaren gune komertziala 40 salmenta-postuk osatuko dute, eta Areetako Geltoki plazaren ondoan kokatuko da. Jardueren egitaraua Erromo Kultur Etxean egingo da, azken edizioetan bezala.

Ana Miralles, ibilbide luzea komikiaren sektorean

Esan bezala, Ana Miralles aurtengo edizioaren protagonista nagusietako bat izango da. Lau hamarkadako ibilbide luzea egin du Mirallesek komikigintzan, hainbat aldizkari eta argitalpenetarako lan eginez, hala nola, Rambla, Madriz, Cairo, Marca Acme, Blue Press, Marie-Claire España, Vogue España eta Je Bouquine. Bere aldakortasun artistikoak haurrentzako liburuak, kartelak, azalak, album kolektiboak, publizitatea eta askoz gehiago lantzera eraman du, komunikazio grafikoaren barruan diziplina ezberdinak hartuz.

Komikiaren esparruan, Mirallesek hainbat album eta telesailetan parte hartu du, bai estatu mailan, bai nazioartean. Horien artean, adibidez, “Marruecos, mon amour” eta Antonio Segura gidoilariarekin  egindako “Eva Medusa” (Glénat) trilogia nabarmendu daitezke. Juan Eslava Galánen “En busca del unicornio” eleberriaren moldaketa-lanari esker 1998an Diario de Avisos-en gidoi onenaren saria  jaso zuen. Gainera, Jean Dufauxekin egindako elkarlan arrakastatsuak “Djinn” (Norma) seriea eman zuen.

Bere ibilbide oparoa dela eta Bartzelonako Azokaren Sari Nagusia jaso zuen 2009an.

Mikel Begoña, gidoilari arrakastatsua

Aurtengo azokaren beste protagonista nagusia Mikel Begoña gidoilari bilbotarra dugu. Begoñak ere ibilbide luzea egin du euskal komikigintzan eta Ricardo Sendra bezalako artistekin lan egin du. 2007an Matxikakoko Itsas Guduaren 70. urteurrenaren ildora “Mar de Plomo” lanean parte hartu zuen.

Iñaket marrazkigilearekin elkarlanean Begoñak Gerra Zibilaren gaia jorratzen duen “Tristísima ceniza” (2011) eta frankismoaren garaia aztertzen duen “El pico de los cuervos” (2012) lanak argitaratu ditu. Azken garaian Alpeetan 1991. urtean aurkitu zuten historiaurreko gizonaren istorioa aurkezten duen “Ötzi” lanean aritu da.

Gidoilari gisa egin duen lanarengatik ezezik, Begoña ezaguna da Xabiroi aldizkarian egin duen lanagatik eta “Euskal Komikia. 1975-2017” erakusketan egin duen komisario lanagatik.

Natacha Bustos, aurtengo kartelaren egilea

Aurtengo edizioa iragartzen duen kartelaren egilea Natacha Bustos da. Bustos estatuko talentu handieneko egileetako bat da. 2020an, Carmen Carnerorekin batera, belaunaldi gazteko zortzi artista oparoenetako bat izendatu zuen Marvel estatubatuar argitaletxeak.