Chlamydia eta gonokoko infekzioak nabarmen hazi dira Euskadin azken lau urteetan. Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) hazkunde horrek, bereziki, 25 urtetik beherako gazteei eragin die. 2023ko ‘Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Planaren Memoria’k jaso dituen datuen arabera, Osakidetzaren sexu-transmisiozko infekzioen berariazko kontsultetan 1.484 chlamydia infekzio-kasu, 1.109 infekzio gonokoziko eta 274 sifilis infekzio-kasu diagnostikatu ziren.
Azken urteetako datuak aztertuta, 2021. urteaz geroztik infekzio-tasak nabarmen hazi direla ikus daiteke. Chlamydiaren kasuan, adibidez, 2020ko 100.000 biztanleko 57,55 kasuetatik 2023ko 106,93 kasuetara pasatu da. Infekzio gonokozikoen kasuan, berriz, 2020ko 100.000 biztanleko 27,55 kasuko tasatik 2023ko 79,07 kasura pasatu da.
Datuek STIek adin eta genero guztietako pertsonei eragiten dietela agerian uzten badute ere, 25 urtetik beherako gazteak bereziki zaurgarriak direla azpimarratu behar da. Izan ere, adin-tarte horretan, chlamydia infekzio-tasa 100.000 biztanleko 106,93koa izan da 2023an. Gizon gazteen artean tasa hori arinki altuagoa da (117,8). 20-24 urteko adin-taldera mugatzen bagara, aipatu tasa izugarri igotzen da (527,9) eta gauza bera gertatzen da 25-34 urte bitarteko gazteekin (408,8).
Infekzio gonogozikoen kasuan antzeko joera bat antzeman daiteke: 100.000 pertsonako 361,74 kasu 20-24 urtekoen taldean, eta 297,72 kasu 25-34 urtekoen taldean.
Aipatu txostenak beste datu kezkagarri bat utzi du. Iaz, Euskadin, 134 GIB diagnostiko berri egin ziren eta, horietatik guztietatik, % 12,7 25 urtetik beherako gazteei dagokie. Aurreko urtetan bezala, infekzio berri gehienak (% 78,4) gizonen artean eman dira, diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36.3 urtekoa delarik. GIB kutsatze gehienak gizonen arteko harreman homosexualetan ematen dira (% 56,8). Harreman heterosexualetan izandako kutsatzeak, berriz, % 34,3 izan dira, 2022an baino 3,5 puntu gutxiago.
Txostenak jaso duenez, horrelako kutsatze berri gehienak (% 64,1) atzerritar jatorria duten pertsonei dagokie, nagusiki, latinoamerikarrak eta afrikarrak.
Osakidetzak 6.351 paziente artatu zituen erretrobirusen kontrako tratamenduekin 2023an, aurreko urtean baino 137 pertsona gehiago.
Formakuntza eta sentsibilizazioa
STIak mundu mailan den osasun-arazo bat dira. Egunero milioi bat infekzio inguru izaten direla kalkulatzen da. Horregatik, sexu-osasunean trebatzea ezinbestekoa da horrelako transmisioak ekiditeko.
Euskadiko HIESaren eta STIen Planak “GIB, STI eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko programa” banatu du hainbat ikastetxetan, sexualitateari lotutako hainbat arrisku saihesteko. 2023-2024 ikasturtean, 141 ikastetxek eta 14.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute programa horretan.
Ildo berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Hezkuntza Sailak sexu-hezkuntzarako programa berri bat prestatzen ari dira datorren ikasturterako. Horrez gain, gazteei bereziki zuzentzen zaien “Ez egin match STIekin” kanpaina errepikatu da, sexu-transmisiozko infekzioak ikusarazteko, batzuetan infekzio horiek sintomarik gabe azal daitezkeela transmititzeko eta preserbatiboa babesteko modurik onena dela gogorarazteko.