Zertan datza Agroinfluencers egitasmoa? Zerk bultzatu zaituzte horrelako egitasmo bat garatzera?
Agroinfluencers UAGN Nafarroako nekazarien sindikatuak martxan jarri duen komunikazio-ekimen berritzailea da eta Nafarroako Gobernuak antolatzen duen “Cosmos” laguntza deialdiaren esparruan sortu da. Gure proiektuak nekazaritzako elikagaien eta komunikazioaren sektoreak uztartzen ditu, nekazaritza-sektorea osatzen duten profesionalen bidez landa komunikatzeko. Egitasmo honen bidez, nekazariak komunikazio-kanal bilakatzen dira.
UAGNren komunikazioan 15 urte eman ditut lanean eta, jardunaldiak eta prentsa-oharrak bezalako ohiko kanalen bidez herritarrengana hurbiltzea lortu dugun arren, zerbait falta zela ikusten genuen: kontaketa, lehen pertsonan landan egotea… Agroinfluencers kazetaritza-mezu objektiboa osatzeko modu bat izan daitekeela uste dugu, egunero landan lan egiten duten horien istorioekin.
Zein nolako istorioak kontatzen dituzte Agroinfluencer-ek? Zeintzuk dute arrakasta gehien edo lortzen dute jende gehien erakartzea?
Oso talde heterogeneoa da, profil ezberdinekin osatua. Helburua da landan bizi den hori ikuspegi ezberdinetatik ezagutzera ematea. Aurten, adibidez, emakumeen presentzia handiagoa da, eta horrek landa-eremuan lan egiten duten emakumeei agerikotasun handiagoa ematen die, berdintasunaren mesederako. Agroinfluencer batzuk teknikoagoak dira eta sektore honetan den teknologiaren inguruan hitz egiten dute. Eta, noski, badira bere egunerokotasuna azaltzen dutenak ere: elikagaiak nola ekoizten diren, nola egiten duten lan, nola bizi diren landa-eremuan… Helburua sektorearen benetako irudi bat helaraztea da eta duen garrantzia nabarmentzea.
Inspirazio eta motibazio izan nahi dugu, sektorearen eta landa-ingurunearen aukerak eta erakargarritasunak erakutsi gazte batzuen ikuspegitik. Izan ere, gazte horiek hala nahi izan dutelako lan egiten dute sektore honetan, ez beste aukerarik ez zutelako
Bideoek oso harrera ona izan dute. Adibidez, zuzeneko salmenta egiten duen eta jada sareetan enpresaren profila zuen Pello Sarratea bere ganadua zaintzen hasi da grabatzen, mendian; abeltzaintza nolakoa den azaltzen du, animaliak nola erditzen diren erakusten du, nola igarotzen dituen arratsaldeak abereekin…
Guillermo Asínek, adibidez, profil teknikoagoa du eta jada nahiko aktiboa zen sare sozialetan. Horrelako edukiak falta zirelako sortu zituen bere kontuak eta sareak ezagutza trukatzeko modu bat direla uste du. Hainbat nekazariren mezuak jasotzen ditu bere lanaren inguruan galdezka eta berak ere horien ezagutza bereganatzen du haiekin dituen solasaldien bidez.
Programa honen bigarren edizioa aurkeztu berri duzue. Nolakoa izan da lehenengo edizioa? Zenbat nekazarik parte hartu zuten?
Lehen edizioaren oinarria izan zen sei abeltzain prestatzea komunikazio trebetasunetan eta sektoreko teknologia berrietan – ikerketa eta teknologia zentroetara bisita esperimentalak barne –, haiek beren lanaren bertute eta ekarpen guztiak modu zuzen eta erakargarrian Nafarroako herritarren artean zabal zitzaten.
Bigarren edizio honetan Nafarroako puntu ezberdinetan jatorria duten beste zazpi pertsona gehitu dira. Horien artean daude, adibidez, oliba-zainak, abeltzainak, laboreak eta mahastiak lantzen dituzten nekazariak… Profilen aniztasun horrek gu jarraitzera animatzen diren horiei guztiei, hainbat ikuspuntutatik eta modu zabalago batean, nekazaritzaren mundua nolakoa den ikusteko eta ezagutzeko aukera emango die.
Aurtengo ardatzetako bat desinformazioari aurre egitea izango da. Zein nolako ekintzak burutuko dituzue helburu hori lortzeko?
Nagusiki, ekintzak burutuko ditugu ingurune digitaletik kanpo. Ikastetxeetara eta unibertsitateetara, ikerketa- eta teknologia-zentroetara eta jendegabetutako inguruneetara joango gara landa-ingurunearen potentziala eta erakargarritasuna azaltzera eta talentua erakartzera. Era berean, beste autonomia erkidego batzuk ere bisitatu nahi ditugu gure proiektua ezagutzera emateko eta sareak sortzeko, bereziki, emakumeen artean.
Gainera, nekazaritzako elikagaien sektorean lan egiten duten enpresekin landa-ingurunea bisitatuko dugu teknologia probatzeko; fake news delakoei aurre egiten espezializatua den maldita.es irabazi asmorik gabeko hedabidearekin saioak antolatuko ditugu, eta, podcastak, bideoak eta sarrerak sortzen jarraituko dugu. Horien emaitzak UAGNek antolatzen duen Diálogo Agrario ekitaldian ezagutzera emango dira.
Nola gauzatuko da maldita.es hedabidearekin izango duzuen elkarlan hori?
Maldita.es hedabidearekin hiru ekintza egingo ditugu. Lehen ekintzan nekazaritzako elikagaien sektorean den desinformazioaren inguruko online formakuntza-saio bat eskainiko da. Bigarrenean infografia bat sortuko da, agroinfluencerrek zabaldu dezaten. Bertan, sektorearen inguruan diren narratibak, amen-omenak eta klixeak bilduko dira eta horiei aurre egiteko eta benetako informazioa lortzeko gomendioak ere eskainiko dira. Azkenik, hirugarren ekintzan, maldita.es-eko kideek desinformazioaren inguruko hitzaldi bat eskainiko dute Diálogo Agrario jardunaldian.
Egitasmoaren beste helburuetako bat nekazaritza-sektorean lan egiten duten emakumeen ahalduntzea sustatzea da. Nola bultzatuko duzue emakumeen parte-hartzea eta zein nolako emaitzak espero dituzue?
Sarea sortzea eta sektorean lan egiten duten emakumeen esperientziak eta ikuspegiak trukatzea helburu duen topaketa batean parte hartuko dugu. Sektorean lan egiten duten emakumeen agerikotasuna sustatu nahi dugu, eredu eta adibide izan daitezen. Erakutsi nahi dugu emakumeak ere lanbidearen parte direla fase guztietan, eta asko dutela kontatzeko. Proiektua erakusleihoa eta bozgorailua izango da, haiengan eta sektorearengan eragina duten erabakietan emakumeen iritzia ere kontua hartua izan dadin.
Zer nolako formakuntza jasotzen dute parte-hartzaileek? Eta formakuntza horrek zein neurritan hobetzen du beren komunikaziorako trebetasuna eta iritzi publikoan eragiteko gaitasuna?
Pasa den urtean egitasmoa formakuntzan oinarritu zen, nekazaritza-sektorean zein komunikazioaren alorrean lan egiten duten profesionalek eskainitako 12 orduko ibilbide batekin.
Aurten, burutuko diren ekintzek abiapuntu hori izango dute eta formakuntza, nagusiki, UAGN-ren komunikazio-sailak egingo duen jarraipen eta aholkularitza pertsonalizatuan oinarrituko da. Gainera, ingeniaritza sailak ezagutza teknikoa eta agronomikoa ere eskainiko du.
Agroinfluencers-en helburuetako bat al da gazteei ikusaraztea nekazaritza-sektorea aukera profesionala izan daitekeela? Zein nolako emaitzak espero dituzue?
Gazteengana hurbilduko gara sare sozialen bidez eta ikastetxeetara eta unibertsitateetara egingo ditugun bisitetan. Inspirazio eta motibazio izan nahi dugu, sektorearen eta landa-ingurunearen aukerak eta erakargarritasunak erakutsi nahi dizkiegu beste gazte batzuen ikuspegitik. Izan ere, gazte horiek, agroinfluencerrek, adierazten dutenez, hala nahi izan dutelako egiten dute lan sektore honetan, ez beste aukerarik ez zutelako. Horretan sinesten dute eta beren herrietan bizitzen jarraitu nahi dute.
Nola erabiltzen dituzue teknologia eta sare sozialak herritarrei zuen eguneroko lana helarazteko? Zeintzuk izan dira orain arte izan dituzuen erronkarik handienak?
Influencer edo eragin-sortzailearen figura berri hori sortu nahi izan dugu, sektore honen inguruko kalitatezko edukiak sortuko dituen benetako figura bat. Era berean, beste ‘target’ edo publiko objektibo bat sortu nahi izan da, nekazaritzako elikagaien sektorea, hain zuzen ere. Izan ere, lehen esan bezala, sareetako edukia murritza da. Hori bai, publiko jeneralista bati ere zuzentzen gatzaizkio, gizarte osoari, mundu interesgarri bat deskubrituko baitu, eta mundu horrekin lotura zuzena duena; izan ere, nekazariak dira, bai herritarrak, bai bizi diren etxea, ingurumena, elikatzen eta zaintzen dutenak.
Erronka zerotik hastea da, baina sortutako interesak jarraitzera animatu gaitu.
Etorkizunera begira, zeintzuk lirateke egitasmo honek dituen asmoak?
Ideia asko ditugu, baina momentuz, hasi berri den bigarren edizio honetan hasitako lanei ekingo diegu. Proiektua jarraitzera eta komunitatearen parte izatera animatzen zaituztegu.