Helen Carr: “Elikadura jasangarria eta osasungarria bat datoz”

UPV/EHUko Doktorego Ikaslea eta ‘Avanzando hacia una alimentación más sostenible’ izeneko gidaren egileetako bat.

‘Avanzando hacia una alimentación más sostenible’ izenburua duen gida argitaratu duzue. Zer da edo nolakoa izan beharko luke elikadura jasangarriago batek?

Elikaduraren bidez gure organismoak bere funtzionamendurako behar dituen nutrienteak lortzen ditugu, baina funtzio nagusi horrez gain, eta bereziki gizarte aurreratuenetan, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da elikaduraren ingurumen-dimentsioa. Elikadura jasangarriaz hitz egitea gauza konplexua da, gai honen inguruan ikerketa gutxi egin direlako, baina jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, funtsean, gure elikadura patroiaren ingurumen-inpaktua murrizteaz ari gara.

Zein nolako aldaketak egin beharko genituzke gure elikadura-ohituretan horiek jasangarriagoak izan daitezen?

Elikadura-eredu jasangarriago bat lortzeko, ekoizpen prozesuan zehar ingurumenean inpaktu gutxien dituzten elikagaiak kontsumitu beharko genituzke, betiere, gure nutrizio-beharrak alde batera utzi gabe, noski. Ingurumen-inpaktuaz hitz egiten dugunean, bereziki, hiru ardatz hartu beharko lirateke kontuan: ura bezalako baliabide natural ahalik eta gutxien xahutzea, kutsadura-tasa baxuak izatea, eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea.

Elikadura jasangarriago bat lortzeko estrategia ezberdinak jarrai daitezke, baina horietatik guztietatik eraginkorrenetako bat haragi gorriaren kontsumoa murriztea da. Duela gutxira arte uste izan da haragia edo animalia-jatorrizko elikagaiak jatea ezinbestekoa zela, baina orain badakigu hori ez dela horrela. Haragia ezaguna da proteina iturri garrantzitsua izanagatik, baina landare-jatorria duten elikagai proteikoak askoz jasangarriagoak dira. Animalia-jatorriko proteinaren ekoizpenean landare-proteinaren ekoizpenean baino lur-azalera, ur-bolumen, pestizida eta ongarri gehiago behar delako gertatzen da hori. Adibidez, kilo bat babarrun ekoizteko, 18 aldiz lur gutxiago, 11 aldiz ur gutxiago, 9 aldiz erregai gutxiago, 12 aldiz ongarri gutxiago eta 10 aldiz pestizida gutxiago behar da kilo bat txahal haragi proteina ekoizteko behar direnak baino.

Ekoizpen prozesuari begiratuta, barazkien ekoizpena haragiarena baino jasangarriagoa da, baina ez al da jasangarriagoa gertuko haragia kontsumitzea beste kontinente batetik ekarritako barazkiak kontsumitzea baino?

Hor dago koxka. Izan ere, elikagaien jasangarritasunaz hitz egiten denean asko dira kontuan hartu beharreko aldagaiak. Nik, bereziki, gertutasuna eta sasoikotasuna azpimarratuko nituzke. Segur aski kasuz kasu aztertu beharko litzateke, baina tokiko haragia jan beharrean Txinatik ekarritako soja kontsumitzen badugu, agian ez da erabaki jasangarria, ekoizpen prozesuan baliabide gutxiago xahutu badira ere ondoren produktu hori gurera ekartzeko izan diren CO2 emisioak ere aintzat hartu beharko liratekeelako. Hortaz, kontsumitzen ditugun produktuen gertutasuna aldagai garrantzitsua dela azpimarratuko nuke. Egokiena animalia-proteina kontsumoa murriztea izango litzateke, haragi zuria, arraina eta arrautzak lehenetsiz haragi gorriaren aurretik, eta batez ere, landare jatorriko proteinen kontsumoa bultzatuz, hala nola, inguruko lekaleak, fruitu lehorrak eta zerealak. Gainera, tokiko edo hurbileko elikagaiak nutrizionalki aberatsagoak dira; izan ere, barazki eta fruten nutrienteen edukia handiena da uzta-momentuan, eta denborak aurrera egin ahala, nutrizio-edukia gero eta txikiagoa da.

Sasoikotasunari dagokionez, jasangarritasunaren ikuspegitik, funtsezkoa da sasoiko elikagaiak kontsumitzea. Izan ere, horrelako produktuek baliabide gutxiago xahutzen dituzte eta ekonomikoki ere eskuragarriagoak dira. Horregatik, gure eremu geografikoko urtarokotasun-egutegietara egokitzen saiatu beharko genuke.

Gainera, kontuan izan behar dugu elikagai jasangarriek mesede egiten diotela gure osasunari. Prozesatuta ez dauden elikagaiak jasangarriagoak dira eta ez dute kalterik eragiten. Ostera, prozesatutako horiek inpaktu negatibo handiagoa dute gure osasunean eta ingurumenean.

Gertuko edo tokiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu duzu, baina gure ingurunean ezin ditugu mota guztietako elikagaiak ekoitzi. Zer egin beharko litzateke kasu horretan?

Oro har, 100 kilometroko erradioan ekoitzitakoak hartzen dira hurbileko produktutzat. Jakina, gure inguruan, distantzia hori erreferentziatzat hartuz gero, ezingo genituzke gure dietako produktu guztiak ekoitzi. Kasu horietan, onena produktu horien kontsumoa moteltzea litzateke, edo, hala badagokio, aukeren artean hurbilena aukeratzea. Adibidez, bananak kontsumitu nahi baditugu, gure kasuan jasangarriagoa izango litzateke Kanarietan ekoitzitakoak kontsumitzea Hego Amerikan ekoitzitakoak kontsumitzea baino.

Munduan gero eta gizaki gehiago bizi gara eta hazkundea esponentziala da. Hainbat eskualdetan gosete arazoak dituztela aintzat hartuta eta beste hainbatetan janari nahiko ekoizteko arazoak dituztela ikusita, zein izango litzateke irtenbiderik egokiena? Hor azaldu dira, adibidez, intsektuak jatea edo elikagai transgenikoak…

Aipatzen duzun erronka hor da, eta garbi dago gizaki guztiok elikatzeko beharra dugula eta horri erantzun behar zaiola. Egia da jasangarriagoak diren iturri proteiko berriak bilatzen ari direla, eta aipagarria da intsektuen eta bestelako landare-jatorriko proteina-iturri berrien bilaketa. Hala eta guztiz ere, ikusteke dago oraindik elikagai horiek gure dietan sartzeak izango duen harrera, eta horregatik, gidan gaur egun errez egingarriak  diren aldaketak proposatzen ditugu. Adibidez, haragiaren kontsumoaren murrizketa. Hori nola lortu? Bada, adibidez, aurretik emandako ideiak lehenesten, animalia jatorriko produktuak ordezkatzen dituzten elikagaiak kontsumitzen (lekale hanburguesak, oilaskoaren ordekoak edo tofua adibidez), edo eta landare jatorriko proteina ezberdinen nahasketarekin, esaterako, lekale eta zerealen konbinazioa, edo fruitu lehor eta zerealen konbinazioarekin, edo baita lekale, zereal eta fruitu lehorren konbinaziorekin, beti ere orekatuta daudela.

Elikagai transgenikoei dagokionez, berriz, ez dut uste osasun aldetik alternatiba egokiena denik. Ez naiz aditua gai horretan eta ez nuke zuzena ez den zerbait esan nahi, baina, printzipioz ez naiz horren oso aldekoa.

Orain arte azaldu duzunez, elikagaiek ingurumenean duten eragina, batez ere, elikagaien ekoizpen-prozesuaren ondorioa da. Ba al dago produktuen jasangarritasunari eragiten dion beste aldagairen bat, adibidez, ontziratzea?

Bai, hala da. Ontziratzea kontsumitzen ditugun elikagaien parte ere bada, eta zuzeneko eragina du elikagaien jasangarritasunean. Gidan jaso dugun moduan, sarritan erosketak egin ostean etxean kartoi eta plastiko mordoa pilatzen dugula ikusi ohi dugu. Jarraitzen dugun elikadura-ereduak zuzenean eragiten du alderdi horretan. Izan ere, elikagai freskoek ez dute horrelako ontziratzerik izaten. Aitzitik, prozesatutako eta ultraprozesatutako produktuek sortzen dute plastikozko eta kartoizko hondakin gehien eta, ondorioz, gure osasunerako ez ezik, gure planetaren osasunerako ere kaltegarriagoak dira.

Burutu duzuen azterlana gida moduan argitaratu duzue eta bertan hainbat gomendio bildu dituzue. Baten bat azpimarratzekotan, zein gomendio emango zenieke gure irakurleei?

Dieta jasangarria izateko, dietak moderatua eta energetikoki orekatua izan behar du. Hori lortzeko gomendio on bat erosketak gose ez garenean egitea da. Izan ere, erosketak gose garenean egiten baditugu, segur aski, gure osasunerako egokiak ez diren eta jasangarriak ez diren produktuak erosiko ditugu: snack gaziak, ultraprozesatutako elikagaiak, hestekiak… Gainera, astean jango dugun hori aldez aurretik planifikatzeak behar dugun hori bakarrik erosten lagunduko digu eta, modu horretan, adibidez, janaria xahutzea ekidingo dugu. 

Gidan jaso duzuen beste gomendio interesgarri bat ‘batch cooking’ izenarekin ezagutzen den hori da. Zertan datza?

Termino horrek, funtsean, aldi berean hainbat plater prestatzeari egiten dio erreferentzia. Horrela, denbora aurrezteaz gain, eskuratu ditugun elikagaiak optimiza ditzakegu. Jasangarritasunaren ikuspegitik, oso estrategia baliotsua da elikagaiak alferrik ez galtzeko.