Save the Childrenek argitaratu berri duen “Akabo dieta mediterraneoa: nutrizioa eta ohitura osasungarriak Euskadiko haurren artean” txostenaren arabera, Euskadin bizi diren 4 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeen % 24,7k gehiegizko pisua edo obesitatea du. Datu horrek okerrera egin ahal du inflazioaren ondorioz barazki eta frutaren prezioetan izan den igoeragatik.
Save the Children Euskadiko zuzendari Charo Arranzek azpimarratu duenez, “haurren obesitatea eta gehiegizko pisua osasun publikoko arazo larria dira, gaur egun nahiz etorkizunari begira” gainpisua edo obesitatea izango duten helduak izateko aukera handiagoak dituztelako. Horrelako arazoak dituzten pertsonek, gainera, zenbait gaixotasun izateko arrisku handiagoa dute, hala nola, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa eta zenbait minbizi mota. Era berean, pertsona horiek bizi-kalitate okerragoa dute eta heriotza goiztiarra izateko aukera gehiago dute.
Maila sozioekonomikoa
Txostenak agerian uzten duenez, familiaren maila sozioekonomikoa da haur eta nerabeen nutrizio-osasuna eta ohitura osasungarriak baldintzatzen dituen aldagai nagusia. Hortaz, errenta baxuko familietan hazten diren haurrek obesitatea edo gainpisua pairatzeko aukera gehiago dituzte.
“Diru-sarrera baxuagoak dituzten etxeetan dieta orekatu baterako beharrezkoak diren elikagaiak erosteko, sedentarioak ez diren eskolaz kanpoko jarduerak edo aisialdia ordaintzeko edo zuzenak ez diren elikadura ohiturekin harremana duten elikatze-jokabidearen nahasteak edo aho-hortzetako patologiak tratatzeko aukera gutxiago dituzte” azaldu du Arranzek.
Haurren obesitatean eta gainpisuan gehien eragiten duten aldagaiak honako hauek lirateke: elikaduraren kalitatea, egiten duten jarduera fisikoa, lo egiten edo pantaila baten aurrean ematen dituzten orduak eta beste zenbait aldagai kultural eta biologiko. Azken horren baitan, obesitate arazoak dituzten gurasoen seme-alabek aukera gehiago izango dituzten arazo bera izateko.
Txostenean jasotzen diren ondorioak iaz 112 gurasori (2.000 estatu osoan) egindako inkesta batean oinarritzen dira. Inkestaren xedea izan da Covid-19aren pandemiak haurren elikaduran eta osasunean izan duen eragina aztertzea. Datuak, azkenekoz 2017. urtean egin zen Estatuko Osasun Inkestan (ENSE) jasotakoekin alderatu dira.
Benetako pobrezia
Txostenean ondorioztatzen denez, 2020an Euskadin benetako pobrezian bizi diren haurren % 22,5ek ez zuen egunero janari proteinikorik hartzeko aukerarik eta % 20,4k ez zuen egunero barazkirik edo frutarik jaten. Arazo horiek, hurrenez hurren, ongizaterik gabeko adingabeen % 7ri eta % 4,8ri eragiten zien, zehazki.
Txostenak agerian uzten duenez, pandemiaren eraginez murriztu egin da barazkiak eta fruta jaten duten haur eta nerabeen ehunekoa. Horrela, 2017. urtean 4 eta 14 urte bitarteko haurren % 75 inguruk horrelako elikagaiak egunero jaten zituen bitartean, 2021. urtean kopuru hori % 40raino jaitsi zen. Azpimarratu behar da elikagai kaltegarrien kontsumoak ere behera egin duela. Adibidez, elikagai koipetsuen eguneroko kontsumoa ia % 60an murriztu da. Antza denez, jaitsiera horretan nabarmen eragin dute mugikortasunari jarritako murrizketek eta merkataritza-guneen itxierak.