Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean garatutako Sustraiak programak despopulazioak kaltetutako udalerrietan praktikak egiteko aukera eman die unibertsitateko 44 ikasleri. 260.550 euroko inbertsioa egin da, eta, horren bidez, tokiko garapena eta gazteak landa-eremuetan errotzea sustatu nahi izan da, landa-ingurunearen potentzialari buruzko kontzientzia sortzen den bitartean.
Orain arte egindako hiru deialdietan, 31 udalerrik jaso dute unibertsitateko gazte horien parte-hartzea.
Sustraiak programa
Sustraiak programaren helburu nagusia da tokiko garapena sustatzea eta gazteek, praktikak amaitutakoan, landa-eremuetan bizitzeko aukera aintzat hartzea. Landa-ingurunean esperientzia praktikoa emateaz gain, ikasleek komunitate horietan bizitzak eskaintzen dituen aukerak eta erronkak uler ditzaten lortu nahi da.
Praktikak ez dira ezarritako lau hilabeteetara mugatzen, hainbat kasutan lan-aukera zehatzak egin baitzaizkie gazteei. Guztira 12 ikaslek sinatu dituzte lan-kontratuak praktikaldia amaitu ondoren, bai praktikak egin zituzten erakundeetan, bai horiekin lotutako beste sektore batzuetan.
Hauek izan dira praktiketako ikasleak hartu dituzten udalerriak: Abartzuza, Aberin, Allo, Aritzala, Arteta Oskotz, Artieda, Artzibar, Barbarin, Bargota, Berbintzana, Cárcar, Deikaztelu, Esa, Ezkaroze, Hiriberri Mendaza, Iraizoz, Irunberri, Irurozki, Irurtzun, Jaurrieta, Lizaso, Muetz, Oskotz, Otsagabia, Sada, Santakara, Torralba del Río, Urrotz eta Zangoza.