Nafarroako herrietan bizitzeko eta lan egiteko aukera

Sustraiak programak 23 unibertsitate-gazteri despopulazioak kaltetutako udalerrietan praktikak egiteko aukera eman die

Abian da jada 23 unibertsitate-gazteri despopulazioak kaltetutako udalerrietan praktikak egiteko aukera eman dien ‘Sustraiak’ programaren hirugarren edizioa. Programaren barruan ikasleek 4 hilabeteko praktikak burutu ahal dituzte eta, ondoren, praktikak burutu dituzten erakunde edo enpresan lan-aukera bat izan dezakete. Adibidez, programan parte hartu duten hamar ikaslek jada lan-kontratu bat sinatu dute praktikak amaitu ostean, bai praktikak burutu dituzten erakundean edo beste batean.

Praktiketako pertsona horiek hartu dituzten udalerriak dira: Aberin, Aritzala, Barbarin, Bargota, Berbintzana, Deikaztelu, Esa, Irunberri, Irurozki, Hiriberri Artzibar, Iraizoz, Lizaso, Mendaza, Muetz, Oskotz, Otsagabia, Urrotz,  Zangoza eta Zare.

Sustraiak

Sustraiak programaren xedea da tokiko garapena sustatzea, gazteak landa-eremuetan sustraitzea lortzea hala nola gizartean landa-ingurunearen eta bere aukeren kontzientzia sortzea. Programa Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamendua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta NUP Fundazioak sustatzen dute. Orain arte 180.000 euroko inbertsioa egin da eta hirugarren edizioarekin kopuru hori 260.550 eurotara igoko da.

Aipatu helburuez gain, programak Nafarroako landa-eremuko udalerriak ezagutzeko aukera sustatzen du murgilketa prozesu baten bidez. Horri esker, eta egoki iruditzen bazaie, ikasle horiek bertan finkatzeko aukera izan dezakete praktikak amaitu ostean.