Martxan da GazteARTEan bekaren edizio berria

Gazteriaren arloko ikerketa-proposamenak saritzen dituen bekarako hautagaitzak urriaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira

Irungo Udaleko Gazteria Sailak gazteriaren arloko ikerketa-proposamenak saritzen dituen GazteARTEan ikerketa-bekaren aurtengo edizioa jarri du abian. ‘Ausartzen al zara?’ lelopean, deialdiaren helburu nagusia da gazteen artean ikerlana bultzatzea eta sustatzea. Deialdia haur, nerabe edo gazteekin harreman duen gairen bat jorratu nahi duten 35 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaie. Proposamenak aurkezteko datorren urriaren 4ra arte izango da zabalik.

Proiektuak banakakoak zein taldekoak izan daitezke, eta, gehienez, 8 hilabeteko iraupena izan behar dute. Eskatzaileek gradu edo lizentziatura titulu bat izan behar dute. Bekak 8.000 euroko laguntza ekonomikoa eskaintzen du proiektuaren garapenerako.

Proposamenak

Deialdian parte hartu nahi duten gazteek honako dokumentazio hau bidali behar dute, fisikoki edo Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez:

  • Proiektuaren Memoria: Proiektuaren deskribapen laburra, gehienez 15 foliokoa. Memoriak izenburuari, kontzeptuari, gaiari eta ikuspegiari, helburuei, metodologiari, lan-kronogramari eta ikerketa gauzatzeko beharrezko baliabideei buruzko xehetasunak jaso behar ditu.
  • Informazio Pertsonala: Unibertsitateko titulazioari buruzko informazioa, harremanetarako datuak eta eskatzaileen curriculumaren laburpena jaso behar dira, baita identifikazio-agirien kopiak ere (NAN/AIZ).
  • Ikusizko materiala: Proposamena osatzen duten irudiak, bideoak edo bestelako baliabideak sartzea positiboki baloratuko da.

Proiektua entregatzeko formatua alda daiteke, eta hainbat proposamenetara irekita dago: ikuspegi tradizionala, prozesu bat edo ekintza bat, hala nola dibulgazio-materiala, lankidetza, partaidetza- edo sormen-prozesuak. Irungo gazteak modu aktiboan inplikatzen dituzten proposamenei garrantzia berezia emango zaie.