UNICEF Euskadik eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak 80 bat pertsona bildu zituzten joan den urriaren 21ean Bilbon, haur eta nerabeen ongizate digitala hobetzeko proposamenak biltzeko helburuz. Ekarpen horiek oinarri gisa erabiliko dira adingabeek Interneten dituzten eskubideei buruzko etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko.
Jardunaldia EITBren Multibox aretoan egin zen. Nerea Melgosa sailburuak erronkari arduraz eta alarmismorik gabe heltzeko eskatu zuen: “Jardunaldi honek inflexio-puntua markatzea nahi dut, kezka bat partekatzetik herri erantzun bat eraikitzera pasa gaitezen”, adierazi zuen.
Eskola-jazarpenak eta ziberjazarpenak behera egin dute
EHUko Juan Manuel Machimbarrena irakasleak UNICEF Euskadik argitaratutako Haurtzaroa, Nerabezaroa eta Ongizate Digitala txostena aurkeztu zuen. 2021eko ikerketarekin alderatuta, eskola-biktimizazioa % 32tik % 22ra jaitsi da, eta ziberbiktimizazioa, % 19tik % 6,4ra. Txostenaren arabera, adingabe gehienen ustez, ziberjazarpena aurrez aurreko jazarpena baino ohikoagoa da.
Nerabeen erdiek baino gehiagok pantailetatik deskonektatzea eskatzen dute.
Erabiltzaile gazteen % 5ek soilik egiten du mundu digitalaren erabilera gatazkatsua. “Ez gaude pandemia baten aurrean, baina kopurua txikia izanda ere kezkatzeko modukoa da”, azaldu zuen Machimbarrenak.
Machimbarrenak nabarmendu zuen eskaera haiengandik datorrela: “Ez da helduen inposizioa, eurek eskatzen dute deskonexio hori”.
Ongizate digitalerako protokoloa
Lan-mahaiak lau ardatzen inguruan antolatu ziren: erabilera problematikoa eta indarkeria digitala; eduki egokietarako sarbidea; alfabetatze digitala eta gurasoen bitartekaritza; eta segurtasuna ingurune digitaletan.
Proposamenen artean, jaso nahi ez dituzten mezuen berri emateko leku eta pertsonen izendapena dago, protokolo berri baten bidez. Era berean, familientzako prestakuntza-zentro gehiago, aisialdi-elkarteen, familien eta ikastetxeen arteko hezkuntza-proiektu bateratu bat, eta eskubide digitalei zein gehiegizko erabileraren arriskuei buruzko difusio zabalagoa eskatu dituzte.








