GazteARTEan ikerketa bekaren edizio berria

35 urtetik beherako gazteek urriaren 5era arte bidal ditzakete haur, nerabe edota gazteekin lotutako proposamenak

Irungo Udalak, GazteARTEan gazteria sailaren bitartez, 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako ikerketa bekaren bosgarren edizioaren hasiera iragarri du. Beka horren helburu nagusia da gazteen artean ikerketa sustatzea.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek haur, nerabe edo gazteekin zerikusia duten gaietan oinarritzen den ikerketa eta ekintzako proiektu bat garatu beharko dute. Proiektuak banakakoak zein taldekoak izan daitezke, eta, gehienez, 8 hilabeteko iraupena izan behar dute. Eskatzaileek gradu edo lizentziatura titulu bat izan behar dute. Bekak 8.000 euroko laguntza ekonomikoa eskaintzen du proiektuaren garapenerako.

Parte hartu nahi dutenek urriaren 5era arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Horretarako, honako dokumentazio hau bidali behar dute, fisikoki edo online:

Alde batetik, Proiektuaren Memoria: Proiektuaren deskribapen laburra, gehienez 15 foliokoa. Memoriak izenburuari, kontzeptuari, gaiari eta ikuspegiari, helburuei, metodologiari, lan-kronogramari eta ikerketa gauzatzeko beharrezko baliabideei buruzko xehetasunak jaso behar ditu. Beste aldetik, Informazio Pertsonala: Unibertsitateko titulazioari buruzko informazioa, harremanetarako datuak eta eskatzaileen curriculumaren laburpena jaso behar dira, baita identifikazio-agirien kopiak ere (NAN/AIZ). Azkenik, Ikusizko Materiala: Proposamena osatzen duten irudiak, bideoak edo bestelako baliabideak sartzea positiboki baloratuko da.

Proiektua entregatzeko formatua alda daiteke, eta hainbat proposamenetara irekita dago: ikuspegi tradizionala, prozesu bat edo ekintza bat, hala nola dibulgazio-materiala, lankidetza, partaidetza- edo sormen-prozesuak. Irungo gazteak modu aktiboan inplikatzen dituzten proposamenei garrantzi berezia emango zaie.