‘Euskara ahora’ kanpainak Nafarroako helduen euskalduntzea sustatuko du

Ikastaroek euskara ikastera bultzatu nahi dute, bere ikasketak esperientzia eta aukera berriak eskaintzen dituen aukera erakargarri gisa aurkeztuz.

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek ‘Euskara ahora’ helduen euskalduntzea sustatzeko kanpaina aurkeztu dute, gazteak euskara ikastera bultzatzeko eta euskara ikastea bizipen eta aukera berriak eskaintzen dituen aukera erakargarri gisa aurkezteko.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, 33 toki entitaterekin eta arloko hainbat eragilerekin batera antolatu du kanpaina, hala nola Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialekin, eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&by euskaltegiekin.

5.000 pertsona heldu baino gehiago prestatzen dira urtero ekimen bateratu honi esker, eta datorren urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean eskatu ahal izango dira laguntzak.

‘Euskara ahora’

Kanpainaren helburu nagusia da euskara ez dakiten pertsonak animatzea, bereziki gazteak. Baita bere garaian euskara ikasteko aukerarik izan ez zuten pertsona heldu guztiei ere, bai Nafarroan jaiotakoei, bai beste leku batzuetatik etorritakoei ere. Eskola-bizitzan euskararekin harremana izan zuten pertsonei ere zuzenduta dago kanpaina, eta orain, berriz ekin nahi diote, haien ezagutza hobetzeko.

Sustapen-kanpaina iraila osoan zehar egingo da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira; iragarkiak jarriko dira markesinetan, NUPeko Arrosadiko Campusean, tokiko egunkari eta aldizkarietan; informazio-orriak banatuko dira; eta irrati-iragarkiak emango dira. Bideo bat ere zabalduko da izen-emateak sustatzeko. Kanpaina honetan 75.000 euro inguruko inbertsioa egingo da.

Doakutasunerantz begira

Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko eta herritarrek hizkuntza hori ezagutzeko duten eskubidea bermatzeko, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduentzako banakako laguntzetara bideratutako kopuruak, bai eta euskaltegientzako laguntzen deialdiarenak ere.

Banakako laguntzei dagokienez, deialdiak 350.000 euro ditu ikasturte honetan, iaz baino 50.000 euro gehiago. 2021-2022 ikasturtean, 1.000 pertsona baino gehiagok jaso zuten euskara ikasteko laguntza; eta 2022-2023an, 1.300 izan dira onuradunak (% 30 gehiago). Euskaltegientzako laguntzei dagokienez, 2023-2024 ikasturterako deialdiak 2.460.000 euroko aurrekontua du, aurreko ikasturtean baino 360.000 euro gehiago (% 17ko igoera). Seigarren urtez jarraian, Euskarabideak ikasleei zuzendutako laguntzen deialdia jarri du abian, 2023-2024 ikasturtean ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzako ikastaroak egin ditzaten. Deialdian matrikulatzen diren pertsonek 380 eurorainoko laguntzak lortu ahal izango dituzte, eta, gainera, bateragarriak dira toki-erakundeek eskaintzen dituztenekin.