Haur errefuxiatuen aldeko lasterketa Iruñean

Alboan GKEak antolatuta, lasterketaren helburua da dirua biltzea errefuxiatuta bizi diren haurren hezkuntzarako eskubidea bermatzeko

Datorren apirilaren 28an, Alboan GKEak antolatuta, Iruñeak, haur errefuxiatuen aldeko lasterketa solidarioa hartuko du. “Korrika egin Kausa Baten Alde, Korrika egin Haur Errefuxiatuen Alde” lelopean San Inazio-Jesuitak ikastetxearen eta Loyola Zentroaren laguntzarekin Alboanek antolatzen duen lasterketa solidarioa Entreculturas GKEak antolatu ohi duen “Corre Por Una Causa” lasterketa solidarioen zirkuituaren barruan kokatzen da eta, aurten, beste 12 hiritan egingo da. Adibidez, Bilbon, Gasteizen eta Tuteran jada lasterketa egin dute.

Lasterketa egunean bildutako dirua Alboanen Babesleku Eskola kanpainara bideratuko da. Kanpaina horrek haur errefuxiatuei eta haien familiei eta komunitateei arreta, babesa eta laguntza eskaintzen die. Helburu nagusia da munduan errefuxiatuta dauden 40 milioi haur baino gehiagoren hezkuntzarako eskubidea bermatzea.

Lasterketa

Lasterketa solidarioa Takonera parketik abiatuko da, adinaren arabera modalitate desberdinekin: 400 metroko lasterketa 6-8 urte bitarteko haurrentzat, 11:15ean; 1.000 metroko lasterketa, 9-11 urte bitarteko gaztetxoentzat, 11:30ean; eta, azkenik, 5 kilometroko lasterketa helduentzat, 12:00etan.

Izena emateak 5 euroko kostua du haurrentzako lasterketetarako eta 12 eurokoa 5 km-ko ibilaldi edo lasterketetarako (16 urtetik beherakoak ibilaldirako ordaintzetik salbuetsita daude) eta correporunacausa.org helbidean egin daiteke.

Era berean, “Zero dortsala” izango da edozein pertsona edo entitateren borondatezko dohaintzetarako. Dortsalak lasterketaren egunean bertan hartu ahal izango dira Takonera parkean, 10:00etatik aurrera.

Ekitaldi hauek Entreculturas eta Alboan GKEen “Corre Por Una Causa” lasterketa solidarioen zirkuituaren parte dira, aurten 13 hiritan egiten dena. Gatazkek, indarkeriak, hondamendi naturalek eta muturreko pobreziak 100 milioi pertsona baino gehiago behartu dituzte beren etxeak uztera, eta haurtzaroari bereziki eragiten diote, hezkuntzarako sarbidea eta etorkizunerako aukerak galduz.

Entreculturas eta Alboan elkartekideek lankidetzan dihardute, haur errefuxiatu horien hezkuntzarako sarbidea bermatzeko. Eskolak traumak gainditzen laguntzeaz gain, harrera-lekuetan normaltasun-, harrera- eta inklusio-ingurune bat ere eskaintzen die.