Adimen artifiziala mundua errotik aldatzen ari da, eta aldaketa hori egungo eta etorkizuneko haurren belaunaldietan nabarmenduko da.
Gaur egun, haurrek zuzenean eta zeharka jasotzen dute adimen artifizialaren eragina askotariko moduetan. Alde batetik, erabiltzen duten hainbat jostailuetan, laguntzaile birtualetan, telefono mugikorretako edo tabletetako aplikazioetan eta bideojokoetan integratuta dago. Algoritmoek hainbat gaiei buruzko gomendioak ematen dizkiete haurrei –zer bideo ikusi, zer berri irakurri, zer musika entzun eta norekin adiskidetu– eta ildo horretan, haurrentzat arriskuak planteatzen ditu, hala nola pribatutasunarekin, babesarekin eta segurtasunarekin lotutakoak.
Bestetik, zuzeneko elkarrekintza horiez gain, bizitzaren gainontzeko alorretan integratuta dagoen adimen artifizialak zeharkako eragina dauka haur eta nerabeen bizitzan eta ongizatean, hala nola erabakiak hartzeko sistema asistentzialak erabiltzen direnean: sorospen asistentzialak, arreta medikoaren kalitatea eta hezkuntzarako sarbidea, adibidez.
Baina eragin hori hasiera baino ez da. Haurren bizitzak eraldatuko ditu adimen artifizialak etorkizunean, oraindik ulertzen ez ditugun formetan, onerako edo txarrerako. Horregatik, orain adimen artifizialaren inguruan kolektiboki hartzen ditugun neurriak erabakigarriak izango dira haurrek merezi duten etorkizuna moldatzeko.
Hitz gutxitan esanda, haurrek elkarrekintzan jarduten dute eurentzat diseinatuta ez dauden sistemekin, edo, edonola ere, sistema horien eragina jasaten dute. Hala ere, egungo adimen artifizialaren arautzeko politikek ez dute gai hori jorratzen.
Berrikuntzaren aldeko indarra, edo bazterkeria eta diskriminaziorako tresna?
UNICEFek ondo ezagutzen du adimen artifizialeko sistemek haur guztien garapena bultzatzeko duten potentziala. Erakundeak berak adimen artifizialaren sistemak baliatzen ditu, adibidez: programazioa hobetzeko, eskoletako konektagarritasun digitalaren kartografia eratzeko, gaixotasunen hedapena iragarri ahal izateko edo pobreziari buruzko estimazioak hobetzeko. Izan ere, bai hezkuntza bai osasunaren alorrean, adimen artifizialak haurrentzako izan ditzakeen onurak oso handiak dira. Horrela, adimen artifiziala berrikuntzaren aldeko indarra bihurtu daiteke eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzeko tresna ezin hobea.
Hala ere, herrialde eta gizarteen arteko desberdintasunetan ere eragina du eta garapen bidean dauden herrialdeetako haurrei bereziki eragin diezaieke adimen artifizialeko onurez gozatzeko aukerarik ezak. Beraz, premiazkoa da ahalegin handiagoa egitea, adimen artifizialaren sistemen onurak demokratizatzeko, haur guztiengana irits daitezen.
Bestalde, sistema horiek detektatu gabe eta eskala handian funtziona dezaketenez, bazterkeria- eta diskriminazio-arrisku handia ekar dezakete.
Metodo estatistikoak erabiltzen dituzte gurekin eta munduarekin lotutako datu kopuru handiak prozesatzeko. Hartara, algoritmoek zein datuek funtsezko eragina dute adimen artifizialeko sistemen emaitzetan, emaitza horiek sistemak jasotako datuen araberakoak baitira. Hau da, datuak errealitatearen errepresentazio mugatua badira, edota algoritmoaren parametroek mugatzen badituzte, errealitatearen irudikapen mugatua eskainiko dute. Horregatik, zuzenduta dauden edo haien eragina jasango duten taldeen generoa, etnia, kultura eta beste ezaugarri bereizgarri batzuk islatu beharko lituzkete.
Funtsezkoa da ulertzea adimen artifizialaren sistemak ez direla magikoak; baizik eta pertsonek diseinatu, entrenatu eta gidatzen dituztela. Horrek esan nahi du adimen artifizialaren garapen-ekosisteman parte hartzen duten guztiek jakin behar dutela adimen artifizial arduratsu bat lortzeko funtsezko oinarriak zeintzuk diren.
Zer egin dezakegu?
Lehenengo urratsa da adimen artifizialaren sistemek haurrentzat dituzten aukera eta arrisku bereziak ezagutzea, eta, ondoren, lehenengoak aprobetxatzea eta bigarrenak arintzea, haurren testuinguruak ezagutzeko moduan, bereziki komunitate baztertuetan bizi direnak. Ingurumen-sistemen diseinuan eta inplementazioan haurren ezaugarri bereizgarriak hartu behar dira kontuan, hala nola garapen-etapak eta ikasteko gaitasun desberdinak.
Haurrek ezaugarri fisiko eta psikologiko bereziak dituzte, eta arreta berezia jarri behar dute adimen artifizialaren sistemak ezartzeko; izan ere, sistema horiek gero eta gehiago moldatzen dituzte, bai haurrei eragiten dieten informazioa eta zerbitzuak, bai ematen zaizkien aukerak. Funtsezkoa da jabetzea haien garapenean eta hezkuntzan geroz eta presentzia gehiago izango duela adimen artifizialak eta esku-hartze hori nolakoa izatea nahi dugun erabakitzeko momentua dela.
Kontuan hartu behar dugu adimen artifizialaren aurreko garairik ezagutu ez duten lehen belaunaldia direla egungo umeak. Horregatik, adimen artifizialari lotutako arriskuei –hala nola, gero eta handiagoa den arraila digitalari, lanaren automatizazioari eta pribatutasunaren urraketei– aurre egitea eskatzen duen belaunaldia dira, etorkizunean arrisku horiek are sendoagoak bihurtu aurretik.