Atzerrian ikasteko aitzakiarik ez

Nafarroako gobernuak 350.000 euro bideratuko ditu 2023-24 ikasturtean unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko

Nafarroako Gobernuak unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasuna laguntzeko deialdi berri bat egin du. Guztira, 350.000 euro bideratuko dira 2023-2024 ikasturterako, hots, aurreko ikasturtean baino % 35 gehiago. Kopuru horretatik, 320.000 euro graduko ikasleen mugikortasuna sustatzeko erabiliko dira eta beste 30.000 euroak master ikasleen mugikortasunerako.

Onuradunek 115 euro jasoko dute hilero atzerrian egiten duten egonaldian zehar. Kopuru hori jada Erasmus+ programaren bidez jasotzen duten kopuruari gehitu behar zaio, normalean 200-300 euro artekoa dena eta helmuga den herrialdearen arabera ere alda daitekeena. Aurten, gainera, ikasle bakoitzak egonaldiko aste edo hilabete bakoitzeko jasoko duen laguntza % 15ean igo da.

Deialdia

Deialdian parte har dezakete Nafarroan jaio diren edo erroldatuta dauden ikasleek, baldin eta Estatuko unibertsitateren batek kudeatutako nazioarteko mugikortasun-programaren batean parte hartzen duten unibertsitate-gradua edo -masterra egiten badute. Lehentasuna izango dute Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitateren batean ikasiko duten ikasleek.

Hautagaitzak aurkezteko epea datorren maiatzaren 11an amaituko da. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren atariaren bidez izapidetu beharko dira. Azken deialdian, 605 laguntza esleitu ziren. Laguntza horiek, batez beste, 605 eurokoak izan ziren. Helmugarik gogokoenak Italia, Alemania, Polonia, Frantzia eta Portugal izan ziren. Onuradun guztien % 58k Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten zuen, eta % 62 emakumeak ziren.