San Martin Unx da Nafarroan despopulazio-arrisku larrian dagoen udalerrietako bat. Bertan lau upeltegi daude, baina laurehun biztanle baino gutxiago bizi dira bertan. Despopulazioaren arazoari aurre egiteko eta ardoaren eta mahasgintzaren inguruan talentu gaztea erakartzeko asmotan, 2022. urteaz geroztik, udalerria landa-berrikuntzaren laborategia da Vivid egitasmoaren barruan.
Horrela, 30 gaztek baino gehiagok parte hartu dute aipatu egitasmoan udalerrian egonaldi luzeak eginez. Bertan, praktikak egin ahal izan dituzte upeltegietan eta turismoarekin, digitalizazioarekin, oihaneztapenarekin eta landa-etxebizitzaren suspertzearekin harremana duten proiektuen inkubagailu batean ere lan egin ahal izan dute.
Vivid
Vivid egitasmoak ekimenak sortu ditu hiru esparrutan: enplegua, ekintzailetza eta etxebizitza. Horiek landa-mundu osora estrapolatu ahal izango dira.
Alde batetik, beka-programaren bidez, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan Olioak, Ardoak eta bestelako Edariak erdi-mailako graduko zikloko sei ikaslek praktikak egin ahal izan dituzte udalerriko upeltegietan. Upeltegi horietan belaunaldi erreleboaren beharra argia da eta gazteek landa-erasmus antzeko bat bizitzeko aukera izan dute.
Bestalde, unibertsitate ezberdinetako zenbait ikaslek taldekako ekintzailetza prozesu bat egin dute udalerriak dituen erronka estrategikoei aurre egiteko. Erronka horiek turismoarekin, digitalizazioarekin eta oihaneztapenarekin dute harremana. Partekatutako etxebizitzetan (Coliving) egindako egonaldien bidez, eta hainbat unibertsitaterekin lankidetzan, hala nola Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Zaragozako Unibertsitatea eta Herbehereetako hainbat unibertsitaterekin, gazteek hainbat proiektu garatzeko aukera izan dute, hala nola mahastien digitalizazioa edo mahasti-mota baten definizioa baso-suteen aurkako babes-neurri gisa.
Hirugarren ardatza landa-etxebizitzak suspertzeko plan bat diseinatzea eta abian jartzea izan da, profesionalen eta gazteen kontura, herrietan etxebizitza-eskaintza askatzeko eta belaunaldi berriek etxebizitza horiek eskura dituztela bermatzeko.
Lortutako emaitzen artean azpimarratzekoa da parte-hartzaile guztiek beren enplegagarritasuna hobetu dutela planifikazio, proiektuen kudeaketa, lidergoa eta komunikazioa bezalako trebetasunak garatu ahal izan dituztelako.