Uste duzuna baino askoz gutxiago

Iseak Fundazioak egin duen azterlan baten arabera, etorkinen etorrerak lan-merkatuan, ongizatearen estatuan, kulturan eta segurtasunean dituen ondorio negatiboei gehiegizko garrantzia emateko joera du bertako biztanleriak

Etorkinen hordak gure ongizate-sistemaz baliatzera etortzen dira, osasun publikoa betetzen dute, lehen mailako arretako zerbitzuez abusatzen dute eta larrialdiak kolapsatzen dituzte, lana lapurtzen digute, ez dute lanik egiten eta DSBEa eta beste gizarte-laguntza batzuk kobratzetik bizi dira, ez dute zergarik ordaintzen, delitu gehienak egiten dituzte, gure herri eta hirietako kaleak leku ez seguru eta etsai bihurtzen dituzte…

Europar Batasun osoan immigrazioa arazo larria denaren ideia nagusitzen ari da. Mugak itxi behar dira eta gurean bizi diren etorkin guztiak erbesteratu. Immigrazioaren aurkako diskurtso horrek gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta pasa den ekainaren 9an Europako parlamenturako hauteskundeetan izan ziren emaitzek hori erakusten dute. Europan gero eta handiagoa da Europar Batasunaren kontrako ideiak dituzten alderdien eta alderdi ultra-nazionalisten eta eskuin muturreko alderdien ordezkaritza. 

Baina immigrazioaren aurkako mezu asko engainagarriak diren edo, zuzenean, faltsuak diren datuetan oinarritzen dira. Horien bidez herritarrok immigranteen inguruan dugun iritzia baldintzatu nahi da, gure gizarteak dituen hainbat erronka alde batera utziz, hala nola zahartzea edo eskulan falta. 

Pertzepzio desitxuratua

Bilbon egoitza duen Iseak Fundazioak berriki argitaratutako ikerketa baten arabera, erabat oker daude migrazio-fenomenoari eta iritzi publikoan duten eraginari buruzko pertzepzio orokor batzuk. Immigrazioaren aurkako sentimendu horren arrazoiak ezagutzeko Iseakek migratzaileak ez diren Estatuko 3.000 pertsona baino gehiago inkestatu ditu.

Beste hainbat Estatutan gertatzen den bezala, bertakoek benetan daudenak baino etorkin gehiago hautematen dituzte. Estatuan, biztanleria natiboaren ustez, biztanleria etorkina biztanleria osoaren % 27,8 da, baina zifra erreala % 16 da, hots, ia 12 puntu baxuagoa.

Inkesta erantzun duten pertsonei bizi diren udalerriko migratzaileen proportzioaz galdetzen zaienean, horiek ere errealitatearen gainetik jartzen dute, baina ez estatu mailan bezainbeste. Kasu horretan, migratzaileen proportzioa handiagoa den udalerrietan bizi diren herritarrek immigranteen kopuruari gehiegizko garrantzia emateko joera dute.

Ildo berean, Estatuko herritar gehienek uste dute biztanleria etorkin langabearen ehunekoa benetan denaren bikoitza baino gehiago dela. Inkestatutako pertsonek, batez beste, % 40 inguruan kokatzen dute etorkin langabetuen kopurua, % 16koa baino ez denean.

Hautemandako kopuruaren eta benetako datuaren artean den arrakala hori handiagoa da laguntza sozialen bat jasotzen duten immigranteen kopuruaren inguruan galdetzen denean. Horrela, Espainiako herritarren ustez, etorkinen ia erdiak (% 48) gizarte-laguntzaren bat jasotzen du, baina benetako kopurua % 11koa da, hots, lau aldiz gutxiago.

Azterlanak agerian uzten duenez, pertzepzio desitxuratu hori talde soziodemografiko guztietan ematen da. Oro har, migratzaileen kopurua puzteko joera dago eta, ostera, haien egoera ekonomikoa gutxiesteko joera dago. Joera horiek are agerikoagoak dira ideologia eskuindarra duten pertsonen artean eta goi-mailako hezkuntza ez duten pertsonen artean.

Azterlanak ondorio bitxi bat ere utzi du. Izan ere, Espainiako biztanleek beren udalerriko etorkinen proportzioa gehiegi estimatzen badute ere, bertakoen % 68k beren herriko etorkinen kopurua mantentzea edo handitzea nahi du. Joera hori immigrazio-tasa altuak dituzten udalerrietan ere ematen da, nahiz eta kopuru txikiagoetan. Kasu horretan, bertakoen % 60k beren herriko etorkinen kopurua mantentzea edo handitzea nahi du.

Enplegu prekarioagoak

Enpleguari dagokionez, etorkinak bertako biztanleriarekin lanpostuengatik lehiatzen direlako pertzepzioa ere badago, soldatak eta lana aurkitzeko aukerak murriztuz.

Estatuan, biztanleriaren erdia inguruk uste du immigrazioaren ondorioz enplegua prekarizatu egiten dela eta % 40 ingururen ustez bertakoen soldatak jaisten dira. Ildo berean, bertakoen % 27k dio immigrazioak bertako herritarren lan-aukerak murrizten dituela.

Gai honetan ideologia eskuindarra duten pertsonak eta langabezian diren horiek dira immigranteak mehatxu gisa hartzeko joera handiagoa dutenak. Txanponaren beste aldean, errenta handiko etxeetan bizi diren pertsonek (hilean 3.000 eurotik gorako diru-sarrera garbiak) etorkinak mehatxu gisa hartzeko joera txikiagoa dute.

Gizarte-eredurako mehatxua

Estatuko bertako herritarren % 61ek uste dute immigrazioarekin gastu publikoa handitzen dela. Kasu horretan ere, pertzepzio hori are handiagoa da ideologia eskuindarra duten pertsonen artean (% 81).

Ildo berean, bertako herritarren % 55ek uste dute immigrazioak lurpeko ekonomia handitzen duela, % 46k uste dute osasun-sistema kolapsatzen duela eta % 32k etxebizitza garestitzen duela. Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten horiek adierazten dute ongizate-estaturako immigrazioaren mehatxu-sentimendurik txikiena.

Iseak Fundazioaren azterlanak agerian utzi duenez, bertako herritarren % 76k dio ezinbestekoa dela herritar guztiek, gutxienez, hizkuntza komun bat izatea. Gainera, inkestatutakoen heren batek dio immigrazioak ohiturak eta kultura kaltetzen dituela. Datu hori ez dator bat erlijioan immigrazioaren ondorio negatiboak hautematen dituen biztanleriaren proportzio txikiarekin (% 13).

Delinkuentzia

Segurtasunari dagokionez, Estatuko biztanleen erdiak baino gehiagok (% 54) uste du immigrazioarekin delinkuentzia hazten dela. Pertzepzio hori nabarmen handiagoa da (% 71) ideologia eskuindarra duten pertsonen artean.

Azterlanak jaso duenez, espainiarren % 92k Espainian sartzeko baldintza gisa ezarriko luke aurrekari penalik edo indarkeria-aurrekaririk ez izatea. Datu hori da inkesta osoan babes handiena lortzen duen neurria. Izan ere, zenbait ikerketen arabera, immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura hori erabakigarria da immigrazioaren aurkako jarrerak sortzeko.

Etorkinak Estatuan sartzeko baldintzak ezartzeari dagokionez, gehiengo handi batek uste du etorkinek iritsi aurretik kontratu bat sinatuta izan beharko luketela (% 74), gutxieneko diru-sarrerak izan beharko lituzketela  (% 58) eta hezkuntza-maila altua izan beharko luketela (% 48).

Inkestatutakoen % 9 inguruk uste du (oso) garrantzitsua dela etorkinak arraza zurikoak izatea eta % 11rentzat katolikoak izatea. Bi ehuneko horiek esanguratsuak dira soziologikoki pertsona horiek arrazakeria biologikoaren edo etnozentrismoaren aldekotzat jo daitezkeelako.

Desparekotasunak murriztea

Biztanleriaren % 61 inguruk irmo babesten du Gobernuak aukera-desparekotasuna murrizteko ekimenak lehenestea. Ekintza horien artean aurkitzen dira, adibidez, immigranteei formakuntza eskaintzea, jatorriaren araberako eskola-segregazioaren aurkako neurriak ezartzea, ikasketen baliokidetasun-, homologazio- eta baliozkotze-prozesuak hobetzea, eta enplegu-ibilbide pertsonalizatuak eskaintzea.

Aitzitik, pertsonen % 29k soilik babesten ditu diru-transferentzien bidez etorkinak ekonomikoki integratzera bideratutako politikak. Politika horien barruan sartzen dira prestakuntza-jardueretarako bekak, gizarte-laguntzak handitzea (hala nola Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta bonu elektrikoak), eta enpresei pizgarri fiskalak ematea etorkinak kontrata ditzaten. Azken aukera hori ez da hain ezaguna, herritarren % 22k baino ez baitu babesten.

Desinformazioari aurre egitea

Immigrazioari buruzko pertzepzio desitxuratuei aurre egiteko, funtsezkoa da benetakoa eta objektiboa den informazioa ematea. Azterlanaren emaitzek erakusten dutenez, pertsonek etorkinek baliabide publikoak erabiltzeari eta lan-merkatuan duten parte-hartzeari buruzko datu zehatzak jasotzen dituztenean, nabarmen handitzen da politika integratzaileei ematen dieten babesa.

Etorkinen integrazioa sustatzeko desinformazioari aurre egitea gomendatzen du Iseak-ek. Zentzu horretan, politikek bertako biztanleriaren nortasun- eta ekonomia-kezkak murriztea izan beharko lukete helburu, gizarte-kohesioa eta ongizate ekonomikoa hobetzeko.