Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 2023. urtean, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 51,2k garraio publiko kolektiboa erabili zuen lantokira, ikastetxera edo beste jarduera batzuetara egin ohi zituen joan-etorrietan.
2008. urteaz geroztik, garraio publiko kolektiboaren eguneroko erabilera nabarmen hazi da, eta 2021. urteaz geroztik % 50etik gorakoa da.
Garraio kolektiboaren erabileraren gorakada hori hainbat faktorerekin lotuta egon daiteke. Adibidez, ibilgailu pribatuen mugikortasuna gero eta murritzagoa da, eta, gainera, araututako aparkaleku-eremuen hedapena eta hainbat eremutako abiadura-mugak daude. Era berean, garraio publikorako eskainitako dirulaguntzek eta beherapenek erraztu egin dute euskal gazteek lehentasunezko aukera gisa hartzea.
Emakume gazteek gizon gazteek baino maizago erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa, eta erabilera nabarmenagoa ikusten da Bizkaian, Gipuzkoarekin eta Arabarekin alderatuta. Horren arrazoia izan daiteke Bizkaiko udalerri jendetsuenak lotzen dituen metroaren azpiegitura, eta lurraldearen geografia sakabanatua, mugikortasun iraunkorreko beste modu batzuk erabiltzea zailtzen duena, hala nola oinez, bizikletaz edo patinete elektrikoz ibiltzea.
Gazteei dagokienez, garraio publikoaren erabilerarik baxuena Araban ematen da, bertan, gazteen % 33,8k soilik erabiltzen baitu garraio mota hori. Gipuzkoan, berriz, garraio publiko kolektiboa erabiltzen duten gazteen kopurua % 47,1 da.