Uda Gaztea: garraio publikoko deskontuak gazteentzako

18 eta 30 urte bitarteko gazteek deskontu handiak izango dituzte Estatuan eta Europan barrena trenez, autobusez eta Interrailez bidaiatzeko

Uda Gaztea 2024 Planak garraio publikoan % 90erainoko beherapenekin bidaiatzeko aukera eskainiko die 18 eta 30 urte bitarteko gazteei. Gazteak aipatu beherapenez baliatu ahal izango dira, uztailaren 1etik irailaren 30era arte egindako joan-etorrietan. Udan gazteen mugikortasuna sustatzera bideratutako ekimen horri esker, gazteek tarifa murriztuak izango dituzte trenetan, autobusetan eta Interrailen, bai Estatuan, bai Europan.

Iaz 1,3 milioi gazteri 4 milioi joan-etorri egiteko aukera eman zien programak 130 milioi euroko aurrekontua izango du aurten. Kopuru horretatik, 55 milioi autobus bidezko garraioa diruz laguntzeko erabiliko dira, eta beste 75 milioiak trenez egindako bidaiak laguntzeko.

Erregistroa

Aurtengo berrikuntzetako bat da deskontuak Estatuan legez bizi diren gazte espainiarrei, europarrei eta atzerritarrei zabaltzea, haien nazionalitatea edozein dela ere. Interesdunek ekainaren 15a baino lehen Garraio Ministerioaren webgunean eskuragarri egongo den inprimakiaren bidez erregistratu beharko dute. 1994 eta 2006 urteen artean jaiotako gazteek ziurtagiri elektroniko bat beharko dute identifikatzeko eta, horrez gain, haien datu pertsonalak ere eman beharko dituzte: izen-abizenak, jaiotze-data, NANaren edo AIZren zenbakia eta baliozkotasuna, besteak beste.

Behin datuak baieztatuta, eskatzaileek kode pertsonal eta besterenezin bat jasoko dute, deskontudun txartelak erosteko erabili ahal izango dutena. Kode hori interesdunaren telefono mugikorrera edo posta elektronikora bidaliko da, eta baliozkoa izango da programa indarrean den aldian, eta programan jasotako garraiobide guztietan aplikatuko da.

Hauek dira eskainitako deskontuak:

  • % 90eko deskontua Estatuaren eskumeneko autobus erregularreko zerbitzuetarako.
  • % 90eko deskontua ohiko distantzia ertaineko zerbitzuetan eta zabalera metrikoko sarean.
  • % 50eko deskontua Avant txarteletan.
  • % 50eko deskontua, gehienez 30 eurokoa txartel bakoitzeko, tren-operadore guztien distantzia luzeko edo abiadura handiko merkataritza-zerbitzuetarako.
  • % 50eko deskontua 2 hilabetean 10 eguneko Interrail Global txartel malguetan, Renferen bidez merkaturatzen denean. Beherapen hori Interrailen tarifa ofizialei aplikatuko zaie.