Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) bidez, gorroto diskurtsoei aurre egiteko formakuntza eskainiko die, aurten bertan, 2.400 gazte ingururi. Formakuntza hori ikastaro eta tailer ezberdinen bidez eskainiko da elkarteen eta hezkuntza formal zein ez-formaleko zentroen bidez. Formakuntza horien bidez Gobernuak albiste faltsuei eta amen-omenei aurre egiteko baliabideak eskaini nahi dizkie gazteei.
Izan ere, albiste faltsuak eta amen-omenak aurkitzen dira, kasu gehienetan, gorroto-diskurtsoen, arrazismoaren, xenofobiaren eta LGTBIfobiaren oinarrian. Hainbat adibideren bidez agerian geratu denez, horrelako fenomenoak, sarritan, albiste faltsuetan edo datu okerretan oinarritzen dira eta horrek zuzenean eragiten du berdintasuna, giza eskubideak edo elkarbizitza bezalako esparruetan.
Gazteentzako baliabideak
Arazo horri aurre egiteko Nafarroako Gazteriaren Institutuak formakuntzen katalogoa aurkeztu zuen uda hasieran eta udan zehar jada horietako sei tailer burutu dira.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak formakuntza sorta zabala eskaintzen die gazteei mezu faltsuei aurre egiteko baliabideak eskuratzeko
Urte amaiera bitartean beste 120 tailer inguru burutuko dira, gehienak ikastetxeetan, baina baita Iruñeko, Tuterako, Bortziriakeko, Corellako, Faltzeseko eta Leitzako tokiko erakundeekin batera ere.
Nafarroako Gazteriaren Institutuaren prestakuntza-eskaintzaren barruan dauden tailerrak modu iraunkorrean eskaintzen dira, eta, besteak beste, honako elkarte hauek ematen dituzte: Aloa Comunicación, SEI Elkartea, CEAR, RODE Fundazioa, Itziar Alforja, Médicos del Mundo, Médicus Mundi, Nuevo Futuro eta Nafarroako Zurrumurruen Aurkako Sarea.