Zer da seme-alaben gurasoenganako indarkeria? Zerk definitzen du horrelako indarkeria?
Seme-alaben gurasoenganako indarkeria familia-dinamika disfuntzional batekin lotuta dago, eta dinamika hori seme-alaben, gehienak nerabeak, jokabide disruptiboetan agertzen da. Jokabide horiek denboran behin eta berriz errepikatzen diren eraso fisikoak edo hitzezkoak dira, manipulazioa, gurasoekiko edo zaintzen dituzten pertsonekiko xantaia emozionala… Etxeko objektu baliotsuak kaltetzea, dirua lapurtzea eta antzekoak ere indarkeria mota horren barruan sar daitezke.
Ostera, jokabide horiek osasun mentaleko arazo latzen bat duten nerabeek egiten badituzte edo indarkeria hori gurasoen jokabide oldarkorrarekiko defentsa-elementutzat jotzen badira eta, gainera, denboran errepikatzen ez badira, ez da seme-alaben gurasoenganako indarkeriaz hitz egiten. Egia da seme-alaben gurasoenganako indarkeria zer den eta zer ez den banatzen duen lerroa oso sotila dela.
Seme-alaben gurasoenganako indarkeria, beraz, ez da indarkeria fisikora mugatzen eta psikologikoa ere izan daiteke…
Bai, hala da. Izan ere, indarkeria psikologikoa fisikoa baino ohikoagoa da kasu hauetan. Guk artatu izan ditugun kasuetan, adibidez, gutxi dira horretara iritsi direnak. Kontuan izan behar dugu indarkeria fisikora iritsi baino lehen ibilbide luze bat eman ohi dela. Esan dezagun eskailera moduko bat dela, eta indarkeria-mota horretara iristeko maila desberdinak igo behar direla. Eraso fisikoak, berez, ez dira oso ohikoak, baina egia da sarritan nerabeek horrekin mehatxatu ohi dituztela gurasoak.
Indarkeria fisikoaz eta psikologiaz aparte, badira beste indarkeria batzuk ere, adibidez, ekonomikoa: dirua exijitzea, gurasoei dirua lapurtzea, etxeko objektuak saltzea dirua lortzeko, kreditu-txartelak hartzea online erosketak egiteko…
Eskaileraren adibidea aipatu duzue. Noiz jakin dezakete gurasoek benetako arazo baten aurrean daudela? Ba al da gurasoen aldetik zenbait jokabide normalizatzeko edo erlatibizatzeko joera?
Horrelako kasuetan ikusi izan ohi dugun arazo bat da, sarritan, gurasoek normalak ez diren jokabideak normalizatzeko edo erlatibizatzeko joera dutela. Adin zail baten daudenaren aitzakiarekin jokabide larriago batzuen oinarri diren zenbait jokabide onartzen dira. Normalean, gurasoak arazo baten aurrean daudela konturatzen dira seme-alaben jokabideak jada disruptiboak direnean: gezurrak, autoritatearen erabateko galera… Testuinguru horretan ere zenbait gurasok arazoa txikiagotzeko joera dute. Orokorrean, gurasoek laguntza eskatzen dute jada beranduegi denean. Azkenean, laguntza profesionala beharrezkoa da, egoerak gainezka egin duelako eta gurasoak ez direlako gai, beren kabuz, egoera bideratzeko. Adibidez, horren sintoma garbi bat da seme-alaben eta gurasoen artean harreman simetriko bat ezartzen denean eta nerabeek gurasoei lagunak balira bezala hitz egiten dietenean. Horrelako jokabideak erlatibizatzeko joera dago edo kaotikoak diren eta funtzionatzen ez duten estrategiekin zuzentzen saiatzen dira eta, ondorioz, arazoa larriagotu egiten da.
Egokiena da hasiera batetik jada laguntza profesionala eskatzea, adibidez, autoritatea galtzen ari denaren sentsazioa azaltzen denean. Egia da jokabide desafiatzaileak eta errebeldia nerabezaroaren ezaugarriak izan daitezkeela, baina kontu handia izan behar da erlatibizatzen diren jokabideekin.
Zenbat gaztek edo zein proportziotan erabiltzen dute indarkeria gurasoen aurka? Ba al dira horren inguruko datuak? Beste indarkeria mota batzuen kasuan bezala salatzen direnak baino askoz kasu gehiago izango dira, ezta?
Urtero, Espainian 4.000 espediente baino gehiago irekitzen zaizkie gazteei gurasoen aurkako indarkeriagatik, eta kopuru hori urtez urte handitzen da. Gainera, askotan, fenomenoa errealitate ikusezina da, argia ikusten ez duena, eta ezkutuan geratzen da, eremu pribatuan. Hego Euskal Herrian, 300 salaketa inguru erregistratzen dira (2019ko datuak).
Azpimarratu behar da benetan ematen diren kasuak salatzen direnak baino gehiago direla eta azken urteetan areagotu egin direla horrelako kasuak. Eta ez gara soilik salaketen inguruan hitz egiten ari; kontuan izan behar da familia askok laguntza eskatzen dutela salaketa jarri gabe.
Eta bada kontuan hartzeko beste datu garrantzitsu bat: seme-alaben gurasoenganako indarkeria gero eta adin goiztiarragoetan ematen ari da, zenbait kasutan, 10 urtetik beherako haurrekin.
Horrelako indarkeria ohikoagoa al da familia eredu zehatz batzuetan?
Printzipioz familia mota guztiei eragin diezaiekeen arazo baten aurrean gaude. Jatorria edo maila sozioekonomikoa bezalako aldagaiak ez dira erabakigarriak kasu honetan. Izan ere, pentsatu izan ohi da horrelako indarkeria ohikoagoa dela baliabide ekonomiko gutxiago dituzten familietan eta datuek guztiz kontrakoa adierazten dute. Kasu asko antzeman dira itxuraz egituratuta dauden familietan, konpetentziak eta baliabideak dituztenetan. Kasu horietan sakontzean, ikusten dugu itxuraz “normala” den familia baten barruan desegituraketa ikusezin bat dagoela, autoritatearen figura ahul batekin eta gurasoek seme-alabekiko dituzten komunikazio anbiguo edo deskalifikatzaileek markatuta.
Egia da, bizi dugun gizarte honetan, presio ekonomikoa faktore bat izan daitekeela indarkeria mota hori agertzeko, baina ez da erabakigarria. Izan ere, laguntza profesionala eskatzeko orduan, errezeloa handiagoa da estatus handiagoa duten familietan, gizarte-zerbitzuetara jotzea klase baxuen, baliabiderik gabeko familien edo familia desegituratuen kontua dela uste baitute.
Seme-alaben gurasoenganako indarkeria kasuetan fokoa nerabeengan jarri ohi da, baina ba al da indarkeria hori errazten duen gurasoen profilen bat?
Oso gai konplexua da eta aldagai ezberdinek eragiten dute. Hala ere, badira horrelako indarkeria agertzea errazten duten zenbait ezaugarri. Adibidez, kasu honetan, gehiegizko babesa ematen duten edo permisiboegiak diren familiez ari gara, muga argi eta koherenteak ezartzeko gai ez diren familiez, edo familia zurrun eta autoritarioez… Hezteko orduan gurasoen arteko desadostasunak ere eragina izan dezake, batez ere batak bestearen agintea gutxiagotzen duenean.
Garrantzi handia duen beste faktore bat gurasoen arteko harremana da. bikotean ondoeza dagoenean, litekeena da ondoez hori seme-alabengan agertzea indarkeria-mota horren bidez. Izan ere, ohikoagoa da mota horretako fenomenoa banantze-prozesuan dauden bikoteetan aurkitzea.
Era berean, ohikoagoa izaten da fenomeno hori seme-alaba adoptatuetan edo gurasoek, batez ere amek, seme-alaben frustrazioak ondo hartzen ez dituzten eta edozer emanez estaltzen saiatzen diren familietan.
Eta seme-alaben kasuan, ohikoagoa da indarkeria mota hori mutilen ala nesken artean? Zein adinetan ematen dira kasu gehien?
Berez antzeko proportzioan ematen da indarkeria mota hori neska zein mutilen artean. Seme-alaben gurasoenganako indarkerian nerabearen sexua ez da aldagai erabakigarria. Egia da mutilen artean ohikoagoa dela osagai fisikoa duen indarkeria eta nesken artean, aldiz, ahozkoa izaten da (irainak, oihuak…)
Adinari dagokionez, jada azaldu dugun moduan gero eta adin goiztiarragoetan ematen ari dira kasuak, baina normalean 13 eta 16 urte bitarteko nerabeetan ematen den fenomenoa da.
UDA IKASTAROA. Datorren uztailaren 3an, eta UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan, Amigó Fundazioak seme-alaben gurasoenganako indarkeriaren arazoan sakontzeko ikastaro bat eskainiko du. Jon Zabalek zuzenduta, ikastaroan Nancy Juape eta Inés Pintoren hitzaldiak izango dira.
Zer egin beharko litzateke horrelako kasu baten aurrean?
Amigó Fundazioan badugu ‘Conviviendo Euskadi’ izeneko prebentzio-programa bat. Familiei laguntzeko doako programa da, eta bere helburua da arazoa ez dadila gehiagora joan. Proposamen sozioedukatiboa eta terapeutikoa da, eta gatazka-egoeran eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden familiei erantzun espezializatua ematea du helburu. Gatazka horiek belaunaldien arteko desberdintasunek, komunikazio faltak, gurasoen rolen desegituraketak eta desdoitzeak, nerabeen portaera desegokiek edo bizikidetza hori pertsonen eta harremanen arteko desoreken iturri izatea eragiten duen edozein egoerak eragin ditzakete.
Eta horrela arazoa konponduko ez balitz?
Fundazioak badu kasu larriagoetarako zentro bat Mungian. Zentrora doazen adingabeek ez dute zertan, nahitaez, ‘Conviviendo Euskadi’ programatik pasatu behar. Zenbait kasutan, kasuak gurera iristen direnerako oso larriak dira eta egokiena da familia banatzea eta nerabea ingresatzea. Arazoa oso larria denean, egokiena distantziatik lan egitea da eta familiako kide bakoitzak bere espazio propioa izatea.