Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) 2024ko partaidetzazko aurrekontuen proiektu irabazleak jada martxan dira. Kultur podcast bat, gazteen ekintzailetzari buruzko kongresu bat Iruñean eta hamar eguneko musika-ekitaldi bat Baztanen dira aurten hautatutako egitasmoak..
Proiektu horiek Nafarroako Gazte Txartelaren titular diren gazteek aukeratu zituzten bozketa batean, eta ekintzailetza, musika eta kultura bezalako arloetan interesa erakutsi zuten.
Hainbat gairi buruzko kultur podcastaren proiektua izan da, 135 botorekin, egitasmo bozkatuena. Ondoren “Innovation Adventure” izeneko kongresua sailkatu da, 100 botorekin. Hirugarren postuan, berriz, “La Princesse Jaune” opera sailkatu da, 76 botorekin. Programak 30.000 euroko aurrekontua du eta 11 proposamen erregistratu ditu.
Partaidetzazko aurrekontuen helburua da interes publikoko proiektuen garapenean gazteen inplikazioa sustatzea, diseinutik ebaluaziora arte, gizartearen parte-hartzea eta justizia soziala sustatuz. Proiektu horien aurrerapena Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da.
Kultur podcasta
Kultur podcastak hazkundeari eta heldutasunari buruzko gaiak jorratuko ditu Nafarroako gazteen ikuspegitik, literatura, filosofia, feminismoa eta artea bezalako diziplinak integratuz. Naia Carlos, Leire Ipas eta Sergio Irañeta “Irax” izango dira ekimenaren arduradunak. Podcastak zortzi kapitulu izango ditu, urritik aurrera argitaratuko dira eta Spotify, iVoox eta YouTube plataformen bidez banatuko dira, baita NGIaren webgunean eta sare sozialetan ere.
Gazteen berrikuntza eta ekintzailetza
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasle Ion Pérezek aurkeztu duen “Innovation Adventure” egitasmoak gazteen ekintzailetza sustatzea du helburu. Kongresua irailaren 21ean egingo da, eta bertan hainbat adituk, influencer-ek eta ekintzaile gazteek parte hartuko dute, baita emakumeen lidergoari buruzko mahai-inguru bat ere. Pérezek sortutako Innova Gazte Elkarteak antolatzen du ekitaldi hau, ekintzailetzaren kultura sustatzeko eta gazteak adituekin eta enpresekin konektatzeko.
Hamar eguneko musika-programa Baztanen
“La Princesse Jaune” proiektuak hamar eguneko musika-jarduerak proposatzen ditu Baztanen, Camille Saint-Saënsen izen bereko operaren emanaldia, kontzertu pedagogikoak eta tokiko folkloreari buruzko tailerrak barne. Iruñeko Gazte Orkestrak (JOP) garatuko du egitasmo hori, aurretik Anguianoko Ganbera Musikaren Jaialdian izandako esperientzia batean oinarrituta. Gainera, ekimenak osasun mentala ikusarazteko kanpaina bat dakar, gazteei zuzendua, sare sozialen erabilera arduratsuan oinarritua.