Gazteen osasun mentala ahuldu da

Gazteen erdiak baino gehiagok uste du osasun mentaleko arazoren bat izan dutela azken urtean, eta heren batek ideia suizidak izan omen ditu.

Covid-19aren pandemiak ondorioak izan ditu gazteen osasun mentalean. Ziurgabetasuna, gehiegizko albiste negatiboak, urruntze soziala eta familiarra, pantailak gehiegi erabiltzea, errutinarik ez izatea eta krisi ekonomikoa direla eta, Estatuko gazteek beren osasun mentalak okerrera egin duela antzeman dute.

FAD Juventud Fundazioak argitaratu berri duen ‘Barómetro Juvenil. Salud y Bienestar’ txostenaren arabera, Estatuko gazteen % 56,4k azken urtean osasun mentaleko arazoren bat izan duela onartzen du. Hala ere, horietatik guztietatik ia erdiak (% 49k) ez du profesionalen laguntzarik eskatu.

Aipatu txostenak Estatuan bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteren iritziak jaso ditu online inkesta baten bidez. Bertan jasotako datuen arabera, gazteek duela bost urte baino okerrago ikusten dute beren osasun fisikoa eta mentala. Txostenak 2017. urtean eta 2019. urtean bildutako datuak alderatzen ditu.

Inkestatutakoen % 36,2k adierazi du osasun arloko profesional batek noizbait diagnostikatu diola buru-nahasteren bat. Horien artean, ohikoenak depresioa, antsietatea, izu-ikara eta fobiak lirateke. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean depresioa da nahasmendu ohikoena. 

Tristura, interes falta

Gazteriak dituen arazo psikosozialen artean, txostenak honako hauek nabarmentzen ditu: tristura (% 56,6); gauzak egiteko interes falta (% 51,5) eta arreta mantentzeko arazoak (% 50).

Gazteen artean sarritan azaltzen diren bestelako arazoen artean, berriz, honako hauek nabarmenduko lirateke: nekea eta gogogabetasuna (% 47,9); etorkizunarekiko beldurra eta ziurgabetasuna (% 45,1); loak hartzeko arazoak (% 44); eta ezinegona eta artegatasuna (% 42).

Txostenak jasotzen duenez, eta generoari dagokionez, emakumeen artean ohikoagoak dira horrelako arazo psikosozialak eta, horian artean, bereziki, tristura (% 65,9), nekea (% 57,7) eta antsietatea (% 41) nabarmentzen dira.

Barometro horretan jasotako datuek adierazten dutenez, biztanleria orokorrarekin alderatuta badirudi gazteek arreta mantentzeko (% 56) eta bihozkadak kontrolatzeko (% 32,9) zailtasun handiagoak dituztela. Aldi berean, gazteen artean prebalentzia handiagoa dute tristura, goibeltasuna, etsipena eta gogogabetasuna bezalako arazoek.

Bestalde, 20 eta 24 urte bitarteko gazteak gehiegi kezkatzen edo larritzen direlako nabarmentzen dira (% 47), baita haserrea, leherkortasuna eta oldarkortasuna (% 38,3) gehien pairatzen dutenak direlako ere.

25 eta 29 urte bitartekoen artean berriz, oro har arazo sozialen prebalentzia txikiagoa da, baina bereziki talde hori gauzak egiteko interes falta, tristura, etsipena eta goibeltasun-maila baxuenak dituen adin-taldea izanagatik nabarmentzen da. 

Pertzepzioa

Txostenean agerian geratzen denez, iaz sendotu egin zen aurreko boladetan osasun mentalarekin zerikusia duten arazoak pairatu izanaren pertzepzioa handitzeko joera. Horrela, Estatuko gazteen % 15,9k adierazi du osasun mentaleko arazoren bat izan duela aldi oro edo aldizka, eta % 40,5ek noizbait.

Kasu honetan ere, osasun mentaleko arazoren bat pairatu izanaren pertzepzioa handiagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino: % 20,5 eta % 11,2, hurrenez hurren.  

Txostenak berresten duenez, Covid-19aren pandemiarekin batera, frekuentzia altuarekin osasun mentaleko arazoak pairatzen dituzten pertsonen ehunekoak nabarmen egin du gora. 15 eta 19 urte bitarteko gazteen kasuan hazkunde hori 8,1 puntukoa izan da 2019. eta 2021. urteen artean. 20 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, 5,7 puntukoa . 25 eta 29 urte bitarteko gazteen kasuan, ostera, hazkundea oso txikia izan da, 0,3 puntukoa, hain zuzen ere. 

Laguntza profesionala

Pasa den urtean, osasun mentalarekin harremana duen arazoren bat pairatu izan zuela azaldu duten gazteen erdia inguruk laguntza profesionala eskatu zuen. Kopuru hori arinki altuagoa da gizon gazteen artean (% 54,3) emakume gazteen (% 48,2) artean baino. Azken horien artean, gainera, beherakada bat antzeman da laguntza profesionala eskatzen dutenen artean eta 2017. urteko antzeko mailan kokatu da. 

Horrelako arazoen aurrean nagusiki psikologoen laguntza eskatu ohi da (% 27,7). Familia-medikuak (% 15,6) eta psikiatrak (% 14,2) dira laguntza eskatzen zaien beste profesional nagusiak. Emakumeek, nagusiki, psikologoarengana jotzen dute; gizon gazteek, berriz, familia-medikuarengana.

Horrelako arazo baten aurrean laguntza profesionala ez eskatzeko arrazoi nagusia ekonomikoa da, bereziki emakume gazteen artean (% 44,8). Gainera, horrelako arazoen berri ez emateko joera nabarmena da; heren batek baino gehiagok ez die horren berri eman bere ingurukoei. Arazoa partekatzen dutenen artean, berriz, familiarekin baino (% 22,7) lagunekin (% 28,4) partekatzeko joera handiagoa omen dute.

15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira profesionalengana jotzeko joera txikiagoa dutenak. Adin-tarte horretako gazteen erdiak baino gutxiagok (% 47,4) laguntza profesionala eskatu du horrelako kasuetan. Hala ere, adinak gora egin ahala profesionalen laguntza eskatzeko joerak ere gora egiten du. Azterlanaren arabera, sintoma psikologikoak adierazten dituzten gazteen %61ek baino gehiagok, seguru asko, osasun mentala gutxiesten dute, bai eta gaitz horiek behar bezala ez tratatzearen ondorioak ere. 

% 36,2 diagnostikatua izan da

Barometroak erakutsi duenez, gazteen herenak baino gehiagok (%36,2) adierazi du osasun arloko profesional batek noizbait osasun mentaleko arazoren bat diagnostikatu diola. Emakume gazteen kasuan kopuru hori % 39,6raino igoko litzateke. Emakume gazteen artean gehien  diagnostikatu diren arazoak honako hauek lirateke: depresioa (% 51) eta antsietatea, izu-ikara eta fobiak (% 50). Horiekin batera elikadura-nahasmenduak ere azaldu ohi dira (% 13,8).

Gizon gazteen kasuan, berriz, depresioa eta antsietateaz gain, eta emakumeen kasuan ez bezala, estres postraumatikoko arazoak, nahasmendu obsesibo-konpultsiboak eta substantziekiko mendekotasunagatiko nahasmenduak nabarmentzen dira.

Era berean, txostenean jasotzen denez, adinean gora egin ahala, osasun mentalarekin harremana duen diagnostikoren bat pairatzeko aukerak ere handitzen dira. Horrela, adibidez, depresioa bezalako arazoak ohikoagoak omen dira 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean. Adin tarte horretako gazteen erdia (% 50,5) diagnostikatua izan da noizbait; 20-24 urte bitarteko gazteek baino 6,6 puntu gehiago dituzte eta 15-19 bitarteko gazteek baino 11,4 puntu gehiago. Ildo berean, gazteenak dira antsietatea, izu-ikara edo fobiak bezalako nahasmenduak gutxien pairatzen dituztenak.

Ideia suizidak

Hiru gaztetik batek (% 35,4) ideia suizidak izan ditu, gutxienez behin edo gehiagotan azken hamabi hilabetetan. Horrelako ideiak sarritan edo etengabe izaten dituzten gazteak % 8,9 dira. Hau da, gazteen % 44,3k izan ditu noizbait ideia suizidak. Kopuru hori 2019. urtean jasotakoarekin alderatuta, ehuneko hori 4,2 puntutan hazi da. 

Txostenean bertan azpimarratzen denez, kezkagarria da pandemiaren ostean gai horren inguruan 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean eman den bilakaera. Izan ere, 2019an, adin-talde horretako gazteak ziren ideia suizida gutxien zituenak (% 5,5); 2021ean, berriz,  horrelako ideiak dituzten gazte gehien biltzen dituen adin-taldea da (%12,3).

Gai honetan ere emakume gazteen datuak gizon gazteenak baino okerragoak dira, nahiz eta horrelako ideien frekuentzia altuagoa izan azken horien artean. 

Estresa, kezkak eta etorkizunarekiko ikuspegia

Txostenean gazteei kezka gehien eragiten dizkieten arazoak ere aztertu dira. Zentzu horretan, inkestan parte hartu duten gazteek gehien aipatu dituzten gaiak honako hauek izango lirateke: lan-prekarietatea, langabezia eta soldata baxuak. Aurreko azterlanetan ere hiru kezka horiek azaldu dira sailkapeneko lehen postuetan. Hala ere, eta pandemiaren eraginez, gazteek etorkizunera begira duten itxaropen-maila ez da aurreko txostenetan bezain baikorra. Horrela hamar gaztetik bik bakarrik uste dute bere egoerak hobera egingo duela. Ostera, hiru gaztetik batek dio egoerak okerrera egingo duela eta % 40 inguruk egoerak berdin jarraituko duela dio. Adinean gora egin ahala ezkortasuna nagusitzen da.

Estresari dagokionez, gazte gehienek estres maila handia pairatzen dutela diote: % 63k lanarekin edo ikasketekin ‘oso edo nahiko estresatuta’ dagoela dio eta % 51,4k ‘egoera ekonomikoarekin’. Berriz ere, emakume gazteak dira estres maila handiagoak azaltzen dituztenak eta buru-nahasmenduekin bezala, gazteek ez dute horrelako egoeren berri emateko joerarik.