Itziar Rubí: “Pandemiarekin terapia behar izan duten gazteen kopuruak nabarmen egin du gora”

Psikologian graduatua eta Osasun Psikologia Orokorreko masterra, Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, Mi Psicólogo Barakaldo kabineteko osasun psikologoa da eta pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen diharduten entitateekin elkarlanean aritzen da.

Ikerketa ezberdinen arabera, azken hilabeteotan gazteon osasun mentalak okerrera egin du. Zein izango litzateke, zure ustez, horretarako arrazoi nagusia?

Gazteen osasun mentalak okerrera egin du hainbat faktoreren ondorioz, ekonomikoetatik hasita testuinguruarekin harremana duten horietaraino. Zalantzarik gabe, pandemiak zerikusi handia du horretan ere, nolabait, hainbat artegatasun eta egoera kezkagarrien abiarazle izan baita. Artegatasun horren arrazoi nagusietako bat konfinamendua eta horrek eragin duen etena izan da. Alde batetik, egoera horrek ziurgabetasun ekonomiko bat eragin du hainbat gazteengan, bai lanean ziren horiengan, bai gurasoekin bizi ziren horiengan ere. Horrez gain, gizarte-interakzioaren etenaldiak gazteen artean buru-nahasmenduen hazkundea eragin duten hainbat sintoma azaldu dira.

Zein izan da zehazki pandemiak eta horren ondorioz ezarritako mugikortasun murrizketek gazteen osasun mentalean izan duten eragina?

Zalantzarik gabe, pandemiak eta horrek eragin dituen hainbat ondoriok, hala nola, konfinamendua, gizarte-interakzioen etena eta ziurgabetasun ekonomikoa, zuzeneko eragina izan dute biztanleria osoarengan eta, bereziki, gazteengan. Mugikortasun murrizketei dagokienez, adibidez, paziente askok gizarte-bazterketa sentimenduak izan dituzte. Gazteen kasuan, online eskolen formatu berriak eragindako ezegonkortasunak ikaskideekin elkartzeko aukera mugatu du eta, ondorioz, aisialdian hutsune bat geratu da. Gure zentroan gazteen artean antzeman ditugun sintoma nagusiak larritasunarekin zuzeneko harremana duten antsietatea, depresioa eta insomnioa izan dira. Horren aurrean, zenbait kasutan, tratamendu psikofarmakologiakoetara jo behar izan dugu, nagusiki, antsiolitikoak eta antidepresiboak

Horrelako egoera baten aurrean, gazteek laguntza profesionala eskatzeko errezeloak izaten al dituzte? Eta hala bada, zergatik?

Izaki sozialak garen heinean, gure artean elkar laguntzeko joera izaten dugu, baina, zenbait pertsonak, laguntza eskatzeko zailtasunak dituzte eta hori ekidin nahi dute nola edo hala. Batzuek uste dute laguntza eskatzea ahultasunaren adierazgarri dela, baina nire ustez, guztiz kontrakoa da. Zure barruko ‘mamuei’ aurre egiteko gai izatea, ahultasunaren adierazgarri baino ausardiarena dela esango nuke nik.

“Terapiara joatea gero eta ohikoagoa den arren, oraindik ere pertsona askok ez dute psikologoarengana joateko asmorik eta beste irtenbiderik ikusten ez dutenean joaten dira”

Bestalde, hainbat kasutan, ez da laguntza eskatzen errefusaren beldurra dagoelako, hots, lagundu nahi ez zaituztenaren edo lagundu ezin zaituztenaren sentsazioa dagoelako. Halaber, baliteke noizbait laguntza eskatu izana eta bizipen txar baten ondorioz beste esperientzia negatiborik izan nahi ez izatea edo berriro saiatzeko konfiantzarik ez izatea. Zenbait kasutan, beste batzuek, berriz, ez dute laguntzarik eskatzen norberarentzat eta bestearentzat denbora galtzea izango litzatekeenaren uste okerragatik.

Buru nahasmenduak gutxiesteko joera izaten al da? 

Gure zentroan ikusi ahal izan dugunaren arabera, egia da jende askok uste duela bolada txar bat besterik ez dela eta denborak aurrera egin ahala pasatuko dela. Zenbait kasutan hala izan daiteke eta nahasmendu zehatz bat laguntzarik edo terapiarik gabe konpon daiteke. Hala ere, ez da ohikoena. Sarritan, sintomak arindu ahala arazoa konpondu dela uste izaten da, baina tratamendu egokia egin ez bada, seguruenik arazo bera berriro azalduko da. Horregatik, jende askok ez du laguntza profesionala eskatzen eta ‘bolada txar’ hori pasatzen ez dela ikusten dutenean eta kontrola galtzen hasiak direla ikusten dutenean zaila izaten da bide zuzena hartzea. Puntu horretan izaten da laguntza profesionalaren eske etortzen direnean. Terapiara joatea gero eta ohikoagoa den arren, oraindik ere pertsona askok ez dute psikologoarengana joateko asmorik eta beste irtenbiderik ikusten ez dutenean joaten dira. Egokiena, berriz, kontrola galdu aurretik laguntza eskatzea izango litzateke, modu horretan, laguntza eraginkorragoa izan daitekeelako.

Biztanleria orokorraren eta, zehazki, gazteen artean, horrelako arazoak normalizatzen ari dela uste al duzu? Horrelako arazoak dituzten pertsonak estigmatizatzen al dira?

Pandemia hasi zenetik terapia behar izan duten gazteen kopuruak nabarmen egin du gora. Konfinamenduak, nolabait, antsietatea eta gaitasun sozialen falta bezalako arazoak agerian utzi ditu. Gazteek terapiara joatea eta horrelako arazoak estigmatizatzeari utzi diote. Izan ere, bizi behar izan dugun egoera zail horren ondorioz normaltzat hartzen dute laguntza profesionala eskatzeko aukera, bai beren ekimenez, bai beren gurasoen ekimenez. Hainbat taburekin apurtu da. Gainera, gero eta gehiago dira beren prozesu terapeutikoekin harro sentitzen direla azaltzen duten pertsonaia ezagunak eta horrek osasun mentalaren garrantziari agerikotasuna ematen dio.

Gazteriak bi krisi garrantzitsu pairatu behar izan ditu, 2008ko krisi finantzarioa eta 2020ko pandemia. Orain berriz, Ukrainako gerrak eragindako egoera bizi behar dute. Horrelako faktoreek ere gazteen osasun mentalean eragin dezaketela uste al duzu?

2008ko krisiaren kasuan, ez dut uste krisiak berak zuzeneko eragina izan zuenik gazteen osasun mentalean. Egia da krisi horren ondorioek, hala nola, lan prekarietateak, lan merkatura sartzeko zailtasunak edo emantzipaziorako zailtasun handiagoak, gazteen ongizatean eragin dutela eta, hortaz, baita osasun mentalean ere.

Ukrainako gerra dela eta, badirudi halako beldur sentsazio bat zabaldu dela. Nire ustez, arazo berri bat baino, aurreko baten jarraipena, pandemia, alegia, izango litzateke. Hortaz, aurretik ziren buru-nahasmenduak, oro har, larriagotu egin dira eta gero eta gehiago dira apatia edo motibazio falta azaltzen duten pertsonak eta lo egiteko arazoak dituzten pertsonak. Jada azaldu dudan moduan, sintoma horiek zuzeneko harremana izango lukete pandemiaren ondorioekin.

Gazteek denbora asko ematen dute sare sozialetan. Etengabeko esposizio horrek osasun mentalean eragin negatiboa izan al du?

Telefono mugikorraren gehiegizko erabilerak, bereziki gazteen kasuan, zuzeneko inpaktua du bizitzaren hainbat alderdietan eta, nagusiki, osasun mentalari dagokionez. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu lo egin aurretik horrelako gailuak erabiltzeak loa eragozten duela eta insomnioa eragin dezakeela. Bestalde, sare sozialen ondorioz jazarpen eredu berri bat sortu da: ziber-jazarpena. Gaitasun sozial gutxiago dituzten gazteek jazarpena pairatzeko arrisku handiagoak dituzte bai eskolan zein kalean, eta orain, gainera, baita eremu digitalean ere. Horrek etengabeko sufrimendua eragiten du.

Horretaz guztiaz gain, gizarte-sareekiko etengabeko esposizioak edertasun-kanon berriak sortu ditu, benetakoak ez diren edo lortzea oso zailak diren gorputzekin. Horrek, beren buruaren irudi guztiz negatiboa eragiten die gazteei eta, zenbait kasutan, beren osasun fisikorako kaltegarriak diren dietak jarraitzera bultzatzen ditu. Horien eraginez, hainbat gaztek elikadura-nahasmenduak izaten bukatzen dute.

Zeintzuk lirateke gazteen artean nahasmendurik ohikoenak?

Jada azaldu dudan moduan, gazteen artean gehien hauteman ditugun nahasmenduak dira antsietate orokortuaren nahasmendua (antsietatea eta egoerarekiko kezka iraunkorra eta neurriz kanpokoa, eta sentimendu horiek kontrolatzeko zailtasun handia); depresioa (tristura sentimendua, motibazio falta, suminkortasuna, haserrea, etsipena, errua, norberaren buruarekiko gorrotoa, isolamendua eta nekea); gaitasun sozialekin lotura duten nahasmenduak (norberaren buruarekiko eta gaitasunekiko konfiantza eza, lotsatuta edo umiliatuta sentitzeko estutasuna, izerdia botatzea edo gorritzea bezalako sintoma fisikoak izateko beldurra, eta bestearekiko elkarreraginen saihestea eta beldurra); eta anorexia eta bulimia bezalako elikadura-nahasmenduak (gehiegizko pisua galtzea, itxura mehea, nekea, insomnioa, zorabioak, gorputzarekiko gehiegizko kezka, jatean kontrola galdu izanaren sentimendua eta gorputz-irudiaren distortsioa).

Horrelako nahasmenduak aurreko belaunaldietan ere eman izan al dira horrelako maiztasunarekin ala orain kasu gehiago ematen dira?

Zalantzarik gabe osasun mentaleko arazo gehien izan dituen belaunaldia Z belaunaldia izan da, hots, 90eko hamarkadaren amaieran eta mende honen hasieran jaiotako horiek. Gazte horiek dira aro digitalean jaio diren lehenak eta inoiz baino konektatuago bizi arren, bakardadea gehien pairatzen dutenak. Presio sozial handiagoa dute, bai arlo akademikoan zein laboralean eta sare sozialen eragina negatiboa izaten da. Hori guztia pandemiarekin areagotu da. Gure zentroan izan dugun esperientzian oinarrituta azken urteetan nahasmendu horien guztien maiztasuna nabarmen hazi dela baiezta daiteke. 

FAD Fundazioak aurkeztu duen “Barómetro Juvenil. Salud y Bienestar” azterlanaren arabera, pandemia ostean nabarmen hazi da ideia suizidak dituzten gazteen kopurua. Zein da zure iritzia horren inguruan?

Zoritxarrez, suizidioa gazteen lehen hiru heriotza-arrazoien artean aurkitzen da. Zehazki, Osasunaren Munduko Erakundeak emandako datuen arabera, 10 eta 24 urte bitarteko gazteen artean bigarren heriotza-arrazoia izango litzateke. Deigarriena kasu horretan da suizidioa saihestu daitekeen zerbait dela. Horren adibide garbia Danimarkan aurki dezakegu. Herrialde horretan suizidio-tasa altuenetako bat zuten Europa mailan, baina sentsibilizazio kanpainak, laguntza telefonoak eta bestelako ekimenak abian jarri ostean, tasa hori nabarmen jaistea lortu dute.

Gure zentroan ere ikusi ahal izan dugunez suizidioa saihestu ahal da. Aurtengo maiatzera arte ez da martxan jarri horrelako ideiak dituzten pertsonentzako arreta-telefonorik (024). Hala ere, oraindik lan handia dago egiteke: suizidioaren inguruan den tabua desagerraraztea, estigma ezabatzea, gai horren inguruan hitz egitea normalizatzea, eskoletan horren inguruko esku-hartzeak egitea eta, nola ez, osasun publikoan arreta hobetzea. Espainian, adibidez, inguruko herrialdeekin alderatuta, biztanle bakoitzeko diren psikiatra eta psikologoen kopurua oso baxua da; ez dago haurtzarorako eta nerabezarorako berariazko psikiatria departamenturik eta ez du suizidioa prebenitzeko nazio mailako planik. Sentsibilizazio, formakuntza eta gaikuntza kanpainak behar dira, bai osasun mailan, bai hezkuntza mailan, osasun mentaleko baliabideak eta arreta ez daitezen horiek ordaindu ahal dituztenentzat pribilegioa izan, kalitatezko zerbitzu publikoa baizik.

Drogen eta substantzia estupefazienteen kontsumoak eragiten al du osasun mentalean?

Horrelako substantzien kontsumoak oso modu ezberdinetan eragin dezakete osasun mentalean, nahasmendu bat sortuz edo aurretik zegoen bat larriagotuz. Nahasmendu afektiboei nahiz lehenago aipatutakoei (depresioa, antsietatea…) nahiz nahasmendu psikotikoei lotuta egon ohi dira.

Dena den, ondorioak kontsumitutako drogaren araberakoak izaten dira. Kontsumoaren maiztasuna eta erregulartasuna ere kontuan hartu behar diren aldagaiak dira. Droga-mendekotasunaren kasuan, osasun mentalean izan dezakeen eraginari dagokionez, asko dira kontuan hartu behar diren aldagaiak, hala nola, buru-nahasmendu bat sortzeko aldez aurreko joera genetikoa edo biologikoa. 

Osasun mentala bizitzarekiko dugun asebetetze mailaren islatzat hartu ahal da?

Nire ustez, osasun mentalak zuzeneko lotura du norberaren ongizate-mailarekin eta bizitzarekiko asebetetze mailarekin. Osasun mentaleko arazo larriak dituen pertsona batek, adibidez, egunerokotasunerako autonomia falta duen batek, nekez izango du bere bizitzarekiko asebetetze-maila altua. Aurretik aipatu izan ditudan nahasmendu ohikoenak, hala nola elikadura-jokabideari buruzkoak, dituzten pertsonek, gorputz-irudiaren distortsioa izan eta beren gorputza beren osasun fisikorako oso kaltegarriak izan daitezkeenez, ez dute bizi-poztasunaren maila egokia, ez baitaude gustura beren irudiarekin. Agerikoa denez, depresioa edo ideia suizidak dituzten pertsonen kasuan bizitzarekiko asebetetze-maila oso baxua edo hutsala da.

Azken finean, prozesu terapeutiko baten xede nagusia da laguntza eskatzen duen pertsona horren bizitza-kalitatea hobetzea eta, bide batez, bizitzarekiko duen asebetetze-maila ere hobetzea.