UPV/EHUko proiektua gazteen suizidioari aurre hartzeko

Diseinatu den programa aitzindarian txakurrak erabiltzen dira jokabide suizidak dituzten gazteei laguntzeko

Gazteen suizidioa izaera orokorra duen osasun publikoko arazoa da. Munduko Osasun Erakundeak eman dituen datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean suizidioa da laugarren heriotza-arrazoi nagusiena. Aurretik bakarrik daude trafiko-istripuak, tuberkulosia eta pertsonen arteko indarkeria.

Arazo horri aurre egin nahian, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko zenbait ikertzailek terapia aitzindari bat diseinatzen ari dira. Terapia horretan animaliak erabiltzen dira, nagusiki txakurrak, gazteen artean joera suizidak prebenitzeko eta murrizteko.

Animalien laguntza

Ikerketan parte hartzen ari den Alexander Muela ikertzaileak azaldu duenez, “lan honetan lehen aldiz aplikatu dugu animaliek, gure kasuan zakurrek, lagundutako terapia nerabeen eta gazteen jokabide suizida bezalako fenomeno konplexu bat tratatzeko”.

Orain arte egin diren probetan ikusi ahal izan denez, tratamenduaren ostean, ikerketan parte hartu duten gazteek jokabide suizida eta bere burua zauritzeko joera txikiagoak azaltzeaz gain, laguntza bilatzeko jarrera hobea ere azaldu dute.

Izan ere, jokabide suizidak dituzten gazteek, hainbat kasutan, ez dira gai senideekin edo lagunekin beren egonezin emozionala partekatzeko. Gainera, sarritan, ez dute laguntzarik nahi ez direlako ohiko tratamenduengan fidatzen.

Muelak azaldu duenez, “behatu duguna da esku-hartze horietan animaliak sartzeak tratamenduaren motibazioa eta atxikimendua areagotzen dituela. Gainera, segurtasun- eta konfiantza-giroa ezartzen laguntzen dute, animaliak lubrifikatzaile sozialak baitira”. Zentzu horretan, txakurrak animalia perfektuak dira horrelako joerak dituzten gazteei laguntzeko, “lotura afektiboak sustatzen dituztelako, gaitzespen- eta estigmatizazio-sentimenduak murrizten dituztelako eta bat-bateko komunikazioa sustatzen dutelako”.

UPV/EHUko ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, tratamendu aitzindari horri esker gazteek beren buruaz beste egiteko alarma-seinaleak antzematen ikasi dute. Horrez gain, emozioak erregulatzeko estrategiak ere ikasi dituzte.