Euskal gizarteak ‘munduaren etorkizunari’ buruz duen hautematea nahikoa orekatua da. Euskal biztanleriaren % 51 ezkor azaltzen da etorkizun globalaren inguruan eta % 45, berriz, baikor. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak martxoan argitaratu duen ‘Euskal gizartea etorkizunaren aurrean’ txostenak jaso dituen datuak.
Biztanleria orokorraren hautematearekin alderatuta, 18 eta 29 urte bitarteko gazteak, berriz, itxaropentsuago edo baikorrago azaltzen dira etortzear dagoenarekin. Zehazki, gazteen % 63 baikor azaltzen da munduaren etorkizun orokorraren inguruan eta % 36, aldiz, ezkor. Hautemate horretan, besteak beste, maila soziala eta hezkuntza-maila bezalako aldagaiek eragiten dute. Horrela, zenbat eta maila sozial altuagoa edo zenbat eta ikasketa-maila altuagoa, orduan eta baikorrago azaltzen dira gazteak.
Iritzi ezberdin horiek guztiak hurrengo hamar urteetan izan daitezkeen aldaketen inguruan diren itxaropenetan islatzen dira. Oro har, euskal gizarteak aldaketa horiek negatiboak izango direla uste du (% 38). Aldaketak positiboak izango direla uste duten horiek % 35 dira.
Kasu honetan ere gazteek bestelako joera azaltzen dute. Horrela, gazteen artean joera positiboagoa nagusitzen da eta gehiago dira aldaketak positiboak izango direla uste dutenak (% 38) negatiboak izango direla uste dutenak baino (% 34). Lehen mailako ikasketak dituzten gazteek (% 40) eta gizarte-maila altukoek (% 45) uste dute, neurri handiagoan, aldaketak positiboak izango direla.
Etorkizunarekiko jarrerak
Etorkizunak ekarriko duenaren inguruan ziurgabetasun handia dagoen arren, euskaldunon artean gehien partekatzen diren jarrerak konfiantza, sakrifizioa eta gozamena dira. Biztanleria orokorraren % 61ek dio etorkizunean konfiantza izan behar dela, azkenean gauzak ondo aterako direlako. Gazteen artean iritzi hori dutenen kopurua % 58koa da.
Biztanleria orokorraren % 57k eta 18-29 urte bitarteko gazteriaren bi herenek uste dute orainean sakrifikatu behar dugula etorkizunean hobeto bizi ahal izateko. Azkenik, Biztanleria orokorraren % 56k uste du hobe dela orainean pentsatzea, etorkizuna ziurgabea delako. Gazteen artean, iritzi hori partekatzen dutenen kopurua % 54koa da.
Bitxia da, etorkizunarekiko balio eta jarrerei dagokienez, euskal gazteak, marjina txikiengatik bada ere, gainerako herritarrak baino baikorragoak direla, sakrifizioak egin beharko dituztela pentsatzen dutela eta carpe diem-ean gutxien sinesten dutenak direla. Beharbada, azken 15 urteotan bizi izan dituzten bi krisi handiek eszeptiko eta pragmatikoago bihurtu dituzte.
Roboten mehatxua
Inkestan roboten eta sistema automatizatuen erabilerak langabezian izango duen inpaktuaren inguruan ere galdetu da. Gai honen inguruko kezka nahiko zabalduta dago euskal gizartean. Izan ere, biztanleria orokorraren % 56k dio automatizazioarekin langabeziak gora egingo duela eta % 12k baino ez uste du lanpostu berriak sortuko direla. Kezka hori nabarmenagoa da gizarte-klase baxukoen (% 66) eta emakumeen artean (% 61).
Gazteen artean, berriz, % 55ek uste du automatizazioak langabezian inpaktu negatiboa izango duela. Gazteen % 18arentzat roboten erabilerak aukera berriak sortuko ditu eta % 23k dio gauzak berdintsu jarraituko dutela.
Baikor etorkizunarekin
Munduaren etorkizunari buruz den hautematearekin ez bezala, Euskadiren etorkizunaren inguruko baikortasun gero eta handiagoa erakusten du ikerketak. EAEren etorkizunari buruz oso edo nahiko baikorrak direla diotenen ehunekoak gora egin du 2016ko % 67tik gaur egungo % 72ra. Emakumeen eta gazteen artean baikortasun hori arinki baxuagoa da; adinean gora egin ahala baikortasunak ere gora egiten du.
Pertzepzio positibo hori haurren etorkizuneko bizitzara ere hedatzen da, etorkizunean ezkortasuna % 61etik % 54ra jaisten baita. Hori bai, soilik % 18k uste dute oraingo haurrek erraza izango dutela.
Euskal gizarteak ere uste du datozen bost urteetan gazteek aukera gehiago izango dituztela, batez ere bidaiei, unibertsitateko prestakuntzari eta lanbidea aukeratzeari dagokienez. Hala ere, lana eta etxebizitza aurkitzeko aukerak murriztea ere aurreikusten dute. Gazteek gai horiei buruz duten iritzia ez da biztanleria orokorrarena bezain positiboa. Kasu guztietan, pertzepzioak okerragoak dira, batez ere lan-arloan eta etxebizitzaren arloan.
Etorriko diren aldaketen inguruko ustea
Etorkizunera begira gazte gehienek uste dute honako hauek joera positiboa izango dutela: immigrazioa, emakumeen kopurua ardura-postuetan, maskota duten biztanleen kopurua, energia berriztagarrien erabilera, ingurumenaren babesa, adineko pertsonen zaintzarekin harremana duten arazoak, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko aukerak.
Bost urtera begira, berriz, honako arlo hauetan egoera berdintsu mantenduko dela uste dute: euskararen erabilera, herritarren segurtasunik eza, zerbitzu publikoen kalitatea eta langabezia.
Bestalde, gazte gehienek uste dute erretiro-pentsioek behera egingo dutela, eta ia hiru laurdenek uste dute familia bakoitzeko seme-alaben kopuruak ere behera egingo duela.
Laburbilduz, gazteek uste dute etorkizunean zaila izango dutela etxebizitza bat eskuratzeko aukera, pentsioak jaitsiko direla, adineko pertsonak zaintzeko zailtasunak izango dituztela eta seme-alaba gutxiago izango dituztela.
Gaur egun ditugun ohituretan etorkizunean izan daitezkeen aldaketei dagokienez, euskal gazteek diote nabarmenenak honako hauek izango direla: eguneroko bizitzan adimen artifizialaren erabilera biderkatzea, erosketak linean egitea eta eskudirua gutxiago erabiltzea. Gazte gehienen ustez produktu ekologikoen kontsumoa eta bidezko merkataritzako produktuen kontsumoa berean mantenduko dira.
Ibilgailu pribatuaren erabilerari dagokionez, gehiengoak (% 37) dio jaitsi egingo dela, baina % 30aren ustez igo egingo da.
Euskadik datozen hamar urteetan izango dituen erronka garrantzitsuenei dagokienez, hauek lirateke euskal gazteek gehien aipatzen dituztenak: egoera ekonomikoa eta lan-merkatua, etxebizitza, zerbitzu publikoen mantentzea, ingurumena eta klima-aldaketa, gazteriarekin lotutako gaiak, euskararen erabilera, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.