Gazteek egun dituzten arazo nagusietako bi enplegua eta aurrezteko gaitasun eskasa dira. Gehienek aldi baterako lana eta soldata eskasak dituzte eta, ondorioz, emantzipatzeko eta bizitza proiektu autonomo bat hasteko aukera txikiagoak dituzte. Horri gazteriaz gozatzeko beharrezkoak izan ohi diren gastuak gehitzen badizkiogu, garbi dago hileko aurrekontua nahiko eskasa izan ohi dela.
Gazte gehienei zaila egiten zaie hilabete amaierara iristea zeroan geratu gabe edota sor daitekeen edozein ezustekori aurre egiteko kopuru txiki bat aurreztea.
Baina arazo hori ez da bakarrik gazteen artean ematen. Krisia hasi zenean, aurrezki-tasa % 13,4ko maximo historikora iritsi zen eta maila horretan mantendu zen ziurgabetasuna nagusi izan zen bitartean, familiek ahal izan zuten guztia aurreztu zutelako.
Joera horrek, berriz, alderantzizko bidea hartu zuen 2016. urtean egoera ekonomikoak hobera egin zuenean. Moody’s rating agentziak azaldu duenez, 2018ko maiatzean espainiar familien aurrezki-tasa eskuragarri zen errentaren % 5,7koa zen, hots, krisi aurreko aurrezki-tasaren azpitik. Eurogunean diren beste herrialdeekin alderatuta, espainiar familiek % 50 gutxiago aurrezten dute. Aurrezki-tasa etxe batean diren diru-sarrera guztietatik gastatu gabe geratzen den zatia litzateke.
Atzeraldi berri bat emango balitz, eta adituen ustez baztertu ezin den ideia da, ez ginateke behar bezala prestatuta izango. Etorkizuna izango ez balitz bezala bizi garela dirudi. Eta etorkizuna lasaiagoa eta estualdi gabekoa izatea nahi badugu, komenigarria da aurrezten hastea, aurrezten jarraitzea eta produktu finantzario egokienak aukeratzea.
Beraz, ez dago aurrezten hasteko aitzakiarik. Eta horretarako ez dugu ‘Eguberri kantako’ Scrooge Jaunan edo Molieren Harpagonen bilakatu behar. Gauza bat da aurreztailea izatea eta beste bat pertsona ozpindua izatea.
Aurrezten hasi aurretik, benetan aurreztu nahi bada, hona hemen aholku txiki bat: bizi zaitez beti zure aukeren azpitik. Izan ere, erosketek endorfinen aldizkako igoera bat eragiten dute, baina hori, esan bezala, aldizkakoa da. Erosketa apetatsuak ekiditeko gai bazara, gehienetan beharrezkoak ez direnak, zure gaitasunaren azpitik bizitzea errazagoa egingo zaizu eta, ondorioz, aurreztea errazagoa izango da. Modu horretan, ezustekoei eta benetan garrantzitsuak diren erosketei aurre egitea errazagoa egingo zaizu.
Aurrezteak ohitura bat izan behar du
Aurrezteak ohitura bat izan behar du eta zenbat eta lehenago hasi hobe. Garrantzitsua da lanean hasi bezain pronto diru-sarreren kopuru txiki bat aurrezkietara bideratzea betekizun bezala. Zure hileko aurrekontuaren parte bat izango da eta derrigorrezko gastu finko bat bezala hartu beharko zenuke. Hau da, aurrezkia gastu finko bat bezala hartu behar da, baina kontsumora bideratu beharrean, banku-kontu batean sartuko duzu.
Aurrezten hasteko, lehenik eta behin, zure aurrezteko gaitasuna zehaztu behar duzu. Adituen ustez egokiena zure diru sarreren % 10 inguru aurreztea izango litzateke. Aurrezteko gaitasuna, noski, zure sarreren eta gastuen baitan izango da. Sarreretan, zoritxarrez, ezer gutxi egin daitekeenez, gastuetan eragin beharko duzu behin oinarrizko gastuei aurre egin ostean. Jarraian, aurrezte ohitura bat zehaztu behar da. Tradizionalki, hiru etapa izaten dira aurrezteak planifikatzerakoan: epe motzera, epe ertainera eta epe luzera.
Behin zehaztuta zenbat aurrez dezakezun eta aurreztutako kopuru hori zertara bideratu nahi duzun, horretarako egokienak diren produktu finantzarioak bilatzen hasi beharko duzu.
Likidezia, arriskua eta errentagarritasuna
Produktu finantzario egokienak aukeratzerakoan, hiru dira ezagutu behar dituzun kontzeptuak:
- Likidezia: Produktu finantzario ezberdinek modu azkarrean eskudiruan bilakatzeko duten gaitasuna da, betiere, baliorik galdu gabe.
- Arriskua: Zenbait produktu finantzariok errentagarritasun galera bat izan dezakete eta horrek inbertitutako kapitalean eragin zuzena izan dezake; baina, hori bai, errentagarritasun handiagoa lortzeko aukera ematen dute.
- Errentagarritasuna: Produktu finantzarioek etekinak lortzeko dute gaitasuna litzateke.
Epe motzera planifikatu
Epe motza beti babestua izan beharko zenuke erosketak planifikatu ahal izateko eta beharrezkoak ez diren gastuak ekiditeko. Mugikor berri baten erosketarako, kotxea konpontzeko edo etxetresna elektriko bat erosteko adina diru izan beharko zenuke.
Horretarako, komenigarria da dirua edozein momentutan eskuratzeko aukera ematen dizun produktu finantzario bat izatea, likidezia osoa eskaintzen duten eta arrisku eskasarekin, baina kontuan izan beharko duzu errentagarritasuna oso baxua edo nulua izango dela. Kasu horretan, produkturik ezagunenak kontu- korronteak edo aurrezki-kontuak dira.
Epe ertainera begira
Epe ertainera begira egiten den aurrezpena, printzipioz, larrialdietarako funtsa izenarekin ezagutzen den horretara bideratzen ohi da eta, horretarako, kopuru altuagoak bideratzea gomendatzen da.
Ez duzu inoiz ahaztu behar garrantzitsua dela aurrezki-errutina bat izatea. Aurrezpen hori funtsezkoa da eta lan ezustekoren bat edo osasun arazoren bat izatekotan bizitza erritmo bera mantendu ahal izango duzula bermatzeko erabiltzen da. Normalean, hileko gastuak aintzat hartuta 6 eta 12 hilabete bitarteko gastuak betetzeko adina aurreztu beharko litzateke. Behin larrialdietarako funts hori estalita, bestelako proiektuei ere aurre egin ahal izango diezu: kotxea aldatu, etxea eraberritu, etxe bat erosteko sarrera eman, bidaia berezi bat egin edo buruan izan dezakezun beste edozein proiektu.
Batezbeste, gure bizitzaren laurden bat erretiroan ematen dugu. Erretirorako plangintza ekonomiko bat izatea funtsezkoa da, nahiz eta hori urruti geratzen dela pentsatu. Aintzat hartzen badugu pentsio publikoen inguruan dagoen ziurgabetasuna, zure bizitzaren une horretarako aurrezpena ondo egituratuta izan beharko zenuke.
Epe ertainera begirako aurrezpenetan gomendatzen diren produktu finantzarioak dira errentagarritasuna edo abantaila fiskalak eskaintzen dituzten horiek, baina kasu horretan, likidezia alde batera utzi beharko duzu eta arrisku txiki bat ere hartu beharko duzu. Aurrezpen mota horretarako produkturik gomendagarrienak etxebizitza-kontuak, aurrezki-aseguruak, inbertsio funtsak, aurrezki planak edo, zergatik ez, baloretan inbertitu.
Erretiroa buruan
Epe luzerako aurrezpena, nagusiki, erretiroa ordaintzera bideratzen da.
Kontuan izanik, batez beste, gure bizitzaren % 25 inguru erretiroan emango dugula, funtsezkoa da plangintza ekonomiko bat izatea etorkizun horretrako, nahiz eta, orain, gaztea izanik, urruti dagoela pentsatu. Aintzat hartzen badugu pentsio publikoen inguruan dagoen ziurgabetasuna, zure bizitzaren une horretarako aurrezpena ondo egituratuta izan beharko zenuke.
Epe luzerako behar hori betetzeko produktu nagusiak aurreikuspen-planak eta pentsio planak dira. Hemen kontuan hartu beharrekoa da, nagusiki, ekarpen planen malgutasuna, ezustekoen kasuan eskuragarritasuna, errentagarritasuna eta abantaila fiskalak. Berariazko planak izaten dira adin tarte bakoitzerako eta inbertsioaren eskema bizitzaren aro bakoitzera egokitzen dute.
Egoitz Bergara
Laboral Kutxako Aurrezki eta Zerbitzuen Saileko arduraduna
“Etorkizunera begira, aurrezpenaren planifikazioak lasaitasuna eman behar du”
Gazte askok lanpostu eskasak eta aldi baterakoak dituzte eta, sarritan, nekez iristen dira hilabetearen amaierara. Zer gomendatuko zenieke gazte horiei aurrezteko aukera izan dezaten? Trikimailuren bat al da?
Kasu horietan, hain zuzen ere, etorkizunean izango diren diru-sarreren inguruan ziurtasunik ez dugulako, garrantzitsua da larrialdietarako funts bat sortzea.
Ohiko aurrezpen formula (aurrezkia= sarrerak-gastuak) eraldatu beharra dago eta aurrezpenaren kontzeptuan oinarritzen den beste batera pasatu, hots, (gastuak= sarrerak-aurrezkiak). Hau da, nire sarrerekiko proposatu dudan aurrezpena kendu ondoren jakingo dut zenbat gastatu dezakedan.
Epe motzera begira aurrezpena planifikatzeko orduan, zein produktutan pentsatu beharko luke gazte batek eta zeintzuk lirateke horien ezaugarri nagusiak?
Produktu finantzario asko daude, baina epe motzera begira, komenigarria da produktu sinpleetara jotzea, aurrezpenaren planifikazioan lagun dezaketenak (ekarpen erregularrak eta ohiz kanpokoak ahalbidetuz), arrisku gutxi dutenak (epe motzean, seguruenik, ezin izango genioke errentagarritasun negatibo bateko balizko jazoera bati buelta eman) eta, penalizaziorik gabe diru eskuratzea ahalbidetzen dutenak. Horrez gain, gainera, bidaiak eta ospakizunak bezalako helburu partekatuetarako taldean aurrezteko aukera badugu, askoz hobe.
Eta epe ertain eta luzera begira, non jarri beharko lukete arreta?
3-5 urtetan erabiltzeko beharra izango ez dugun aurrezpenaren zati horretarako, gakoa planifikazioan dago: pilo independenteak egin behar dira helburu ezberdinetarako (kotxea erosi, etxea erosi… eta nola ez, zure erretiroa). Horietako bakoitzerako aurrezpen-errutinak ezarri beharko lirateke.
Zenbait urtetara begira diren helburu horietan, inbertsioaren errentagarritasunak garrantzia hartzen du. Izan ere, % 0ko etekin batekin eta urteroko KPIa % 1 eta %2 bitartekoa izanik, gure aurrezkiek balioa galtzen dute. Kontua da egun diren tipoekin oso zaila dela bizitzaren garestitze horren efektua indargabetu dezakeen errentagarritasuna lortzea; edo ez behintzat, arriskuren bat hartu gabe.
Bestalde, “mantentze” maila batetik haratago doan errentagarritasun bat pilatutako kapital handiago gisa edo aurrez finkatutako helburua lortzeko hilero egin beharreko esfortzu txikiago bat bezala ikus daiteke.
Edozein kasutan, ezinbestekoa da lortu nahi dugun errentagarritasunarekiko zein nolako arriskua hartzeko prest garen ondo aztertzea eta gure aurrezpen-inbertsio eskemak ekuazio horretara egokitzea. Azken finean, garrantzitsuena da planifikazio horrek etorkizunera begira lasaitasuna ematea; eta gehiegizko arrisku batek kontrako efektua eragin lezake.