Bost urtez sexualki esplotatuta izan ostean, gaur egun, beste emakumeek zuk pairatu duzuna ez pairatzeko egiten duzu lan. Zer izan zen mundu hori uztera eta bertan jazotzen dena salatzera bultzatu zintuena?
Prostituzio-etxeetan den bizitza idealizatzeko joera izaten da kontakizun kolektibo baten bidez, baina inork gutxik imajina dezake hor gertatzen dena. Sarritan prostituzio-etxeak eta kontzentrazio-esparruak parekatu izan ditut: 24 orduz lan egiteko moduan izan behar duzu eta agresiok pairatzeko arriskua duzu, fisikoak zein psikologikoak. Azken finean, prostitutak gauza bihurtzeko joera dago gizartean eta horien balioa bakarrik haien itxura fisikoaren baitan dago.
Prostituzio-etxe batean bizi den errealitatea, ostera, adibidez, gazte batek izan dezakeen iruditik oso urruti dago. Beti ematen da prostituten glamour handiko irudi bat, baina ez da kontuan hartzen beti txirotutako herrialdeetan jatorria duten emakumeen inguruan hitz egiten ari garela.
Baldintza horietan bizirik irauteko ezinbestekoa da etsitzea. Gaztetatik irakatsi gaituzte ezer gutxirako balio dugula pentsatzera. Nire kasuan, min handia eragiten zidan engainatua izan nintzela onartzeak. Niri, urte pare batean edo nire bizitza konponduko nuela sinestarazi zidaten. Baina denborak aurrera egin ahala, hori ez dela horrela izango konturatzen zara. Hala ere, zure gainean duzun presioa hain handia denez, horren errua zurea dela pentsatzen amaitzen duzu.
Engainatua izan nintzela ohartu nintzen egun berean prostituzioa utzi behar nuela erabaki nuen. Oso erabaki zaila da; azken finean, kontuan hartu behar da sarerik gabeko jauzi bat dela; ez duzu nora joan eta psikologikoki hondoratuta zaude. Prostituzioan amaitzen duten emakumeak, oro har, oso emakume zaurgarriak dira.
Besterik gabe joan zinen? Ez zenuen arazorik izan proxenetarekin?
Gezurra badirudi ere, nik beti izan nituen prostituzio-etxeko ateak zabalik. Baina gauza bat da ateak zabalik izatea eta beste gauza bat da benetan irteteko aukera izatea. Atera nora? Prostituzio-etxetik kanpo ez genuen ezer. Baina nik kolapsatu nuen; egun batean ezin nuela horretan jarraitu erabaki nuen eta alde egin nuen. Ez zidaten inolako oztoporik jarri. Bost urtez sexualki esplotatua izan ondoren guztiz amortizatuta nengoen. Seguruenik beste neska gazteago bat jarriko zuten nire ordez. Arazorik gabe atera nintzen prostituzio-etxetik, baina ni bezalako emakume bat onartzeko prest ez zegoen gizarte bati aurre egin behar izan nion.
Legalizazioa ala indargabetzea?
Hausnarketa sakona eskatzen duen eztabaida da. Orokorrean, diskurtso proxeneta bat duen gizarte batean bizi gara. Prostituzioak dirutza handiak mugitzen ditu eta, gainera, ia beti, diru asko mugitzen duten drogen eskutik doa. Zentzu horretan, interes handiak daudela azpimarratu behar da.
Ez dut uste esperimenturik egin behar denik, are gehiago, pertsonekin egin behar badira. Europako zenbait herrialdetan prostituzioa legeztatu dute, baina neurri horrek, prostitutei baino gehiago, proxenetei egin die mesede, egun batetik bestera enpresari bilakatu direlako.
Ba al da, gaur egun, eredutzat har daitekeen herrialderen bat?
Aintzatespen handiena duen modeloa Suedian ezarritakoa da. 1999an Suedian erabaki zuten prostituzio kontuetan jazarri beharreko pertsonak proxenetak eta putazaleak zirela, eta ez prostitutak. Gainera, prostituzioan aritu diren emakumeen eskura hainbat neurri jarri dituzte horien gizarteratzea errazteko: neurri ekonomikoak, etxebizitza lortzeko aukera, formakuntza, terapia…
Mugimendu feministan lan egiten dugunon iritziz, modu batera edo bestera arautzeaz aparte, zein nolako munduan bizi nahi dugun galdetu beharko genieke geure buruei. Gizarte moderno eta zibilizatu bat nahi dugu, baina aldi berean, Europako burdela izan nahi dugu? Ez dugu ahaztu behar Espainia bilakatu dela prostituzio gehien kontsumitzen duen herrialdea. Kanariar Uharteak edo Katalunia, adibidez, turismo sexuleko helmugak bilakatu dira. Proxenetek oso interesgarri ikusten dute Espainian inbertitzea. Eta, gainera, kontuan hartu behar dugu Espainia dela Europan sartzeko ate nagusietako bat, bereziki, Afrikako eta hego Amerikako herrialdeentzat eta, hainbat kasutan, herrialde horiek direla prostituziora behartzen dituzten hainbat emakumeren jatorria.
Nolakoa da prostituta baten egunerokotasuna?
Oso zaila da prostituzio-etxe batean bizi duzuna deskribatzea. Egia esan, bizitza oso sinplea da: 24 orduz eskuragarri izan behar duzu eta bizitza osoa lau pareten artean ematen duzu: bizi zaren toki berean prostituitzera behartzen zaituzte. Garbi dago ez garela lan baten inguruan hitz egiten ari, prostituzioa ez baita lanbide bat. Prostituzio-etxe batean jasan behar diren baldintzak ez dituzu beste lanbide batean aurkituko, oso muturrekoak baitira.
Normalean, arratsaldeko bostetan lanean hasi eta gozieko bostak aldera egin behar duzu ‘lan’; baina praktikan, azaldu dudan moduan, 24 orduz egon behar duzu eskuragarri. Lortzen duzun diruarekin lojamendua eta ostatua ordaindu behar duzu, oso prezio puztutan. Hilabetea amaitzen denean mila euro eskas geratzen zaizkizu eta diru hori berriz ‘inbertitu’ behar izaten duzu arropan, makillajean, etab. Negozio horretan dirua lortzen duen bakarra proxeneta da.
Zein nolako emakumeak ezagutu dituzu prostituzio-etxeetan? Aipatu duzunez, gehienak txirotutako herrialdeetakoak dira. Zer dute komunean?
Ni Errumaniakoa naiz. Nire herrialdean, esplotazioaren eta salerosketaren biktima izan diren emakumeen kopurua oso altua da. Espainiako edozein prostituzio-etxetan aurki ditzakezun emakume gehienak atzerritarrak dira, eta horietatik, gehienak, errumaniarrak, nigeriarrak eta hegoamerikarrak. Badira estatuan jatorria duten emakumeen talde txiki bat, baina, gutxienez, % 80 atzerritarrak dira. Nazionalen artean, gehienek prostituziora jo dute krisiaren ondorioak gainditu ahal izateko eta, hainbat kasutan, ama ezkongabeak dira.
Emakume horien guztien jatorria alde batera utzita, guztiek oso bizitza-istorio latzak partekatzen dituzte. Gutako gehienek abusuak eta bortxaketak pairatu ditugu nerabetasunean. Bortxaketa horiek, gainera, esklusioa ere suposatzen dute hainbat kasutan eta egoera hori da, hain zuzen ere, proxenetek aprobetxatzen dutena emakumeak bereganatzeko.
Garrantzitsua da azpimarratzea prostituziora behartuak diren emakumeak oso gazteak izan ohi direla eta, nik ikusi ahal izan dudanez, gero eta gazteagoak.
Nagusi den maskulinitate eredua zalantzan jarri behar da eta garrantzitsuena berdinen arteko sexualitate atsegingarri bat lortzea dela azpimarratu behar da.
Nolakoa da prostituta baten bizitza prostituzio-etxetik kanpo?
Azaldu dudan bezala, burdeleko ateak zabalik daude, baina kanpoan ez dago ezer guretzat. Normalean, 21 egun inguru izaten gaituzte burdel batean eta gero beste batera mugitzen zaituzte. Denbora labur horretan ez duzu sustraiak botatzeko astirik eta azkenean, prostituzio-etxean geratzen zara egun osoa, deskantsatzen eta, batez ere, lo egiten, mentalki ihes egin ahal izateko.
Antza denez, prostituzio-etxeetara jotzen duten gizonen profila aldatzen ari da eta gero eta gehiago dira burdeletara joaten diren gizon gazteak. Zer esango zenioke horrelako gazte bati?
Gaur egun, gazteei pornografiaren bidez irakasten zaie. Gazteek sexuaren inguruan ikasten dute pornoarekin eta horrek sexualitatearen inguruan duten ikuspegia desitxuratzen du. Gainera, ikusten dutenaren eta ondoren bizi dutenaren arteko alderaketak frustazioa eragiten die eta horrek, aldi berean, biolentzia eragiten du. Oro har, gazteei euren maskulinitatea dominazioaren bidez erakutsi behar dutela irakasten zaie. Horietako askorentzat gizonagoa da emakumeak sexualki asetzen dituen hori. Gurasoek ere lan handia egin behar dute: euren semeekin hitz egin behar dute eta autokritika egin. Nagusi den maskulinitate eredua zalantzan jarri behar da eta garrantzitsuena berdinen arteko sexualitate atsegingarri bat lortzea dela azpimarratu behar da. Azken finean, gizonak ezetzaren beldur dira eta, horregatik, baietza erosten dute.
Putazale onak al daude?
Inolaz ere. Nik putazaleak hiru taldetan banatzen ditut, baina hirurak dira txarrak eta emakumeei mina eragiten diete. Ondo tratatzen zaituztela uste duten horiek okerrenak dira. Laguntzen dutela uste dute, baina derrigortzen dute. Narzisistak dira eta zu baino hobeak direla uste dute.
Bigarren taldea ‘macho’ek osatuko lukete. Gizon horiek burdelera joaten dira pornoan ikusi duten hori praktikatzera eta sexu-makinak direla uste dute. Azkenik, misoginoak daude (guztiak dira misoginoak) . Azken horiek emakumeak umiliatuz gozatzen dute.