Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteak, oro har, pozik daude beren egoera pertsonalarekin, eta oso ongi batekin baloratzen dute. Hala ere, ez daude hain pozik beren egoera ekonomiko eta laboralarekin: % 25ek bere lan-egoera txarra dela dio eta % 9k arazoak ditu hilaren amaierara iristeko. Euskadiren inguruan duten pertzepzio orokorra pertsonala baino okerragoa da (6,1/10) eta arazo nagusitzat honako hauek aipatzen dituzte: enplegua, etxebizitza eta osasun-zerbitzuak.
Hauek dira Gazteen Euskal Behatokiak, 2023. urteko soziometroetan oinarrituta, argitaratu duen ‘Gazteen argazkiak’ txostenak jasotzen dituen datu esanguratsuenetako batzuk. Aipatu txostenak Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteek beren bizitzaren zenbait alderdiren inguruan dituzten iritziak eta jarrerak jasotzen ditu.
Esan bezala, euskal gazteek positiboki baloratzen dute euren egoera pertsonala; 10 puntuko eskalan, batez beste, 7,2 puntu ematen dizkiote. Inkestatutako gazteen % 25 oso pozik dago bere egoera pertsonalarekin eta % 54 nahiko pozik. Txanponaren beste aldean, % 19k dio ez dagoela oso pozik eta % 2 ez dago batere pozik.
Norberaren bizitzarekiko poztasun-maila handiagoa da gizon gazteen artean (% 84) emakume gazteen artean (% 74) baino. Ildo berean, poztasun-maila handiagoa da 25 urtetik beherakoen artean (% 88) 25 urtetik gorakoen artean (% 76) baino.
Lan-egoerari dagokionez, txostenak adierazten du gazteen % 72k uste duela bere egoera oso ona (% 26) edo nahiko ona (% 46) dela. Hala ere, gazteen % 25ek bere lan-egoera txartzat edo oso txartzat hartzen du, 30 urte eta gehiagoko biztanlerian erregistratutakoa baino ehuneko handiagoa (% 19).
Datu horrek kezka nabarmena erakusten du gazteen artean, askorentzat ona izan arren, oraindik ere laurden baten beharretara erantzuten ez dion lan-merkatu bati aurre egin behar baitiote.
Kezka ekonomikoa
Egoera ekonomikoak ere nolabaiteko kezka sortzen du gazteen artean. Gazte gehienek beren egoera ekonomikoa ona dela uste duten arren, ia hiru gaztetik batek (% 33 inguru) txarra edo oso txarra dela dio. Horren isla da hamar gaztetik lauk (% 40) hilaren amaierara iristeko arazoak dituztela, eta gazteen % 9k arazo ekonomiko larriei aurre egin behar dietela.
Txostenak jasotzen duenez, arazo ekonomikoak dituztela gehien aipatzen duten gazteak (nagusiki, emakumeak eta 25-29 urte bitarteko gazteak) dira emantzipazio-tasa altuenak dituztenak. Horrek esan nahi du emantzipatutako gazteek, beren gastuak ordaindu behar dituztenez eta, ziur aski, alokairu edo hipoteka bat ordaindu behar dutenez, oraindik gurasoen etxean bizi direnekin alderatuta gastu askoz ere handiagoei aurre egin behar dietela.
Euskal gazteriaren ia erdiak (% 46) bere burua klase sozial ertainean kokatzen du. Hala ere, gehiago dira bere burua klase sozial ertain-baxuan kokatzen duten gazteak klase sozial ertain-altuan kokatzen dutenak baino. Zentzu horretan, 18-24 urteko gazteek 25 eta 29 urte bitartekoek baino pertzepzio hobea dute beren gizarte-klaseari buruz, ziurrenik horiek baino gastu ekonomiko gutxiago dituztelako.
Euskadik dituen arazo nagusiak
Gazteek okerrago baloratzen dute Euskadiko egoera orokorra beren egoera pertsonala baino. Gazteek 10etik 6,1eko batez besteko puntuazioa ematen diote Autonomia Erkidegoaren egungo egoerari.
Hiru gaztetik birentzat lan-merkatua da Euskadik duen arazorik nagusiena. Jarraian, inkestatutakoen heren batek etxebizitza, ekonomia eta osasun-zerbitzuak aipatzen ditu erronka nagusi gisa. 2021. urteaz geroztik hazi da gazteek gai horien inguruan duten kezka.
Hirugarren multzo batean, % 10 eta % 17 bitarteko portzentajeekin, gazteek egoera politikoa, zerbitzu publikoen funtzionamendua eta laguntzak, delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza, hezkuntza eta immigrazioa aipatzen dituzte.
Aipatu arazo horien guztien pertzepzioan aldeak daude sexuaren baitan. Adibidez, emakume gazteen artean lan-merkatuaren, osasunaren eta delinkuentzia eta segurtasun faltaren inguruko kezka handiagoa da gizon gazteen artean baino. Immigrazioaren edo arazo eta desberdintasun sozialen kasuan, ostera, kezka handiagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino.
Oro har, gazteek positiboki baloratzen dute Euskadik duen egoera ekonomikoa; hamar gaztetik zortzik diote egoera ona edo oso ona dela. Egoera politikoari dagokionez, berriz, hiru gaztetik bik diote egoera ona edo oso ona dela.
Zerbitzu publikoen inguruko iritzia
Euskadiko zerbitzu publikoek balorazio positiboa jasotzen dute gazteen aldetik, baina aurreko urteetan jasotakoa baino okerragoa da.
Gazteek positibotzat jo dute Eusko Jaurlaritzak turismo, kultura, bakea eta bizikidetza, ingurumena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, euskara, ekonomia eta hezkuntza arloetan egindako lana. Baina ez daude oso ados etxebizitza, eta justizia eta enplegua arloetan egindako lanarekin. Osasuna, gizarte-ongizatea, herri-lanak eta azpiegiturak eta herritarren segurtasuna bezalako arloek ere ez dute % 50eko onespena lortzen gazteen artean.
Emakume gazteak gizon gazteak baino kritikoagoak dira Eusko Jaurlaritzaren jarduna ebaluatzean, bereziki enpleguari eta ekonomiari dagokienez. Gipuzkoako gazteak dira Eusko Jaurlaritzak turismo, ingurumen, herri-lan, azpiegitura eta etxebizitza arloetan egindako lana okerren baloratzen dutenak.
Bizitza auzoetan eta hirietan
Gazteak pozik daude bizi diren herri edo auzoarekin (10etik 7,5). Gehien-gehienek uste dute beren herriak edo hiriak leku seguruak direla (% 92). Hala ere, guztiz seguru sentitzen diren horien artean emakumeen kopurua gizonena baino hamar puntu baxuagoa da, % 41 eta % 51, hurrenenz hurren. Horrek, argi eta garbi, genero arrakala bat adierazten du.
Gazteak pozik daude bizi diren herri edo auzoarekin
(10etik 7,5). Gehien-gehienek uste dute beren herriak edo hiriak leku seguruak direla (% 92)
Aparkatzeko arazoak dira gazteek gehien aipatzen duten arazoetako bat. Gizon gazteak eta 25-29 urte bitarteko gazteak dira arazo hori gehien aipatzen dutenak. Txostenean bertan jasotzen denez, bi kolektibo horiek gehiago jabetzen dira aparkatzeko arazoez, normalean emakumeek edo 18-24 urteko gazteek baino gehiago gidatzen dutelako.
Haien herri edo auzoetan diren ingurumen-arazoen kasuan, gazteek gehien aipatzen dituzten arazoak honako hauek dira: trafikoa, airearen poluzioa eta zarata.
Erakundeekiko konfiantza
Euskal gazteriak konfiantza handiena duen erakundea unibertsitatea da eta, ondoren, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, aldundiak eta udalak. Gazteen % 70ek baino gehiagok konfiantza du erakunde horiengan. Txanponaren beste aldean, honako hauek lirateke euskal gazteen artean konfiantza gutxien eragiten duten erakundeak: Espainiako monarkia, Eliza Katolikoa, alderdi politikoak eta Espainiako Diputatuen Kongresua. Erakunde horiek guztiak ez dira % 20ko konfiantza-mailara iristen.
Orokorrean emakume gazteek gizon gazteek baino erakundeekiko konfiantza-maila handiagoa izaten dute, alderdi politikoen, Eliza katolikoaren eta espainiar monarkiaren kasuetan izan ezik. Konfiantza-mailan diren alde horiek gizon eta emakume gazteek dituzten ikuspegi eta lehentasunetan dauden aldeak erakusten dituzte.
Lurralde Historikoen kasuan, Bizkaiko gazteak dira erakundeetan konfiantza-maila gutxien azaltzen dutenak. Aipatu diren erakundeetatik bakar batean ere Bizkaia ez da ageri konfiantza-ehunekorik handienarekin.
Lurraldeen artean den alderik handiena Europar Batasunarekiko konfiantza-mailan ikus daiteke. Kasu horretan, Gipuzkoako gazteek % 63ko konfiantza-maila azaltzen duten bitartean, Araban eta Bizkaian ez da % 50era iristen (% 49 eta % 47, hurrenez hurren).
Azkenik, politikari dagokionez, Euskadiko hiru gaztetik batek interes maila altua edo oso altua duela dio. Interes-maila handiagoa da gizon gazteen (% 40) artean emakume gazteen artean baino (% 32).
Gazte gehienek zentrokotzat edo ezkerrekotzat jotzen dute beren burua (batez bestekoa 4,1 da ezker-eskuin eskalan, 0tik 10era bitartekoa) eta nazionalismoaren eskalan zentratutako posizionamendua dute (10etik 5,1).