Neandertalen inguruko erakusketa Arkeologia Museoan

‘Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia’ erakusketan Bizkaiko neandertal zaharrena den Andereren zenbait hezur ikus daitezke

Datorren urteko urtarrilera bitartean ikusgai izango da Bilboko Arkeologia Museoan ‘Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia’ erakusketa. Bertan, gaur egun Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan bizi ziren neardentalen berri jasoko dute bisitariek. Erakusketaren helburu nagusia da lehen gizaki horien historia harrigarria eta zabala zein izan zen argitzea. Neandertalak, haien biologia, bizimoduak, bilakaera eta desagertzeko arrazoiak gaurkotasun handiko gaiak dira, eta euskal erregistro arkeologikoak erantzun esanguratsuak ematen dizkie.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sortutako erakusketa honetan, bisitariak gure espeziearen aurreko urruneko iraganera bidaiatu beharko dute. Hamaika beira-arasa, panel ugari eta Emmanuel Roudier artistak ilustratutako formatu handiko eszenen bidez, neandertal gizarteek Bizkaian utzitako ondare arkeologiko zabala erakusten da.

Gordailutik, BIBATetik, Nafarroako Gobernutik eta Bilboko Arkeologia Museotik ekarritako izaera desberdineko 150 pieza originalek aberastu egiten dute erakusketa, foru museoak bultzatuta eta koordinatuta, antzeko gaiak dituzten beste museo batzuetan zehar ibiltzeko asmoz. Erakusketaren komisarioak Joseba Ríos Garaizar, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Saileko ikertzailea, eta Asier Gómez-Olivencia, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Geologia Saileko ikertzailea izan dira.

Erakusketa

Abri Olha (Kanbo) eta Ventalaperra (Karrantza) aztarnategietan egindako lehen esplorazioekin hasten da erakusketa. Ondoren, Andere neandertalaren aztarnak aurkitu ahal izango dira. Neandertal horren hezurrak El Bolvoríneko I. leizean (Karrantza) berreskuratu ziren. Andererekin batera, Axlorren (Dima) berreskuratutako neandertal aztarnak (batzuk 100 mila urtekoak) eta Lezetxikin (Arrasate) berreskuratutako neandertal hortzen bi erreplika daude.

Ondoren, Aturritik Asoneraino eta Ebroraino doan lurralde zabalean neandertalek bizi izan zuten klima, landaredia eta fauna ezagutzeko aukera izango da. Teknologia eta kultura neandertala ere aztertzen dira, Achelense garaitik Musteriense garairaino eboluzionatzen duten harrizko tresna masibo, bifaze eta pitzatzaileen lagin garrantzitsu batekin.

Musteriensearen aurrerapen teknologikoen adibide gisa, silexezko puntak eta xaflak, hezurrezko erremintak eta zurezko erremintak erakutsiko dira, Aranbaltza III leizean berreskuratutako Iberiar Penintsulako zurezko erremintarik zaharrena barne.

Erakusketa Neandertalg kulturen alderdi polemikoenetako batean ere murgiltzen da, portaera sinbolikoan, Euskal Herrian dauden adibide urrien bitartez.

Erakusketa 2025eko urtarrilaren erdialdera arte egongo da zabalik. Arkeologia Museoak publiko guztientzako jardueren bidez osatuko du erakusketa. Jarduera guztiak doakoak dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 944 040 990 telefonoan edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus-en.