Gazteen eta euskararen etorkizunaren inguruko jardunaldia Bilbon

Jardunaldian izango diren saioen xedea da euskararen etorkizunaren eta gazteek eskatzen dituzten erronkei erantzuteko beharren inguruan hausnartzea.

Datorren ekainaren 1ean eta 2an, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak antolatuta, Bilboko BBK Kunak “Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen” jardunaldia hartuko du.

Jardunaldian izango diren saioen xedea da euskararen etorkizunaren eta gazteek eskatzen dituzten erronkei erantzuteko beharren inguruan hausnartzea.

Horrela, saioetan, besteak beste, honako galdera hauek jorratuko dira: zein dira gazteentzat euskara hizkuntza-hautu erakargarri egiteko sustatu beharreko ildo eta politikak? Zein dira epe ertainean datozen aldaketa eta erronkak? Zer diote gazteek honen guztiaren inguruan? Zer behar dute?

Teknologia berrietako adituek, soziologoek, sortzaileek, ikertzaileek eta Euskal Herriko puntu ezberdinetatik etorritako gazteek beren ikuspuntuak azalduko dituzte eta aipatu galdera horiei guztiei erantzun bat ematen saiatuko dira.