Sare sozialen mende

2018. eta 2023. urteen artean bikoiztu egin da egunean hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituzten gazteen kopurua. Instagram, Spotify eta Youtube dira gazteek gustukoen dituzten aplikazioak eta TikTok eta BeReal, berriz, hazkunde handiena izan dutenak

Gero eta gehiago dira sare sozialen mende dauden euskal gazteak. 2018. eta 2023. urteen artean kasik bikoiztu egin da egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztenen kopurua.   

Instagram, Spotify eta Youtube dira gazteek gustukoen dituzten aplikazioak eta TikTok eta BeReal, berriz, eguneroko erabileran hazkunde handiena izan dutenak. Gainera, hamar gaztetik seik influencer, youtuber edo gamer bat jarraitzen dute. Eta, maila negatiboan, hiru gaztetik batek behin edo behin, mezuak etengabe bidaltzen dizkion, iruzkin desatseginak egiten dizkion, iraintzen duen edo mehatxatzen duen norbaiten jazarpena sentitu izan du sare sozialetan.

Horiek dira, hain zuzen ere Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen erabilera-ohiturak 2023an‘ txostenak jasotzen dituen ondorioetako batzuk. Txostena pasa den urtearen azaroan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gazteri egindako inkestetan oinarritzen da.

Txostenak agerian uzten duenez, Instagram da (% 79,2) euskal gazteek bere egunerokotasunean gehien erabiltzen duten sare soziala. Jarraian, Spotify (% 74,9) eta YouTube (% 52,2) sailkatuko lirateke eta maila bat beherago, Tik Tok (% 42,3), X /Twitter (% 30) eta BReal (% 22,7). 

Erabilera urriagoa duten, baina gazteek erabiltzen dituzten beste sare sozial batzuk honako hauek dira: Facebook (% 8,1), Snapchat (% 4,5) eta Twicht (% 4,2). Eta maila apalago batean, harremanetarako aplikazioak izango lirateke: Tinder, Meetic, Grindr edo Badoo (% 2,6.) 

Enplegua bilatzeko erabili ohi diren Linkedin, Infojobs edo Indeed bezalako plataformek ere nahiko zabalkunde esanguratsua dute: euskal gazteen ia erdiak (% 45,3) horrelakoren bat erabiltzen du, baina eguneroko erabilera % 12,3 baino ez da.

Txostenean jaso denez, 2021. eta 2023. urteen artean joera negatiboa izan duten sare sozialak honako hauek dira: Youtube (-% 29,6), Facebook (-% 20,2) eta Twitch (-% 13,8). Ostera, gehien hazi direnak TikTok (% 15,2) eta BeReal (% 22,7) dira. 

Adinaren eta sexuaren araberako erabilera 

15-19 urte bitarteko emakume gazteak dira sare sozialetan gehien aritzen direnak. Talde horretako gazteen % 80,3k egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen ditu. Gizon gazteen artean, berriz, erabilera maiztasun handiena 20-24 urte bitartekoen artean ematen da; kasu horretan, % 77,4k hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen ditu egunero.

Instagram eta musika entzuteko plataformak dira egunerokotasunean gehien erabiltzen direnak, 15 eta 29 urte bitarteko adin-tarte guztietan eta mutilen zein nesken artean.

Emakume gazteek gizon gazteek baino gehiago erabiltzen dituzte Instagram, TikTok, BeReal, Snapchat eta musika entzuteko plataformak. Gizon gazteek, berriz, gehiago erabiltzen dituzte YouTube, X eta Twitch.

2018. urteaz geroztik Instagram izan da egunero emakume gazteek gehien erabili izan ohi duten sare soziala. Facebooken eta Youtuberen eguneroko erabileraren beherakada, eta TikTok eta BeRealen erabileraren gorakada nabarmenagoak dira emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. 

Mutilen artean, 2023. urtean, lehenengoz, YouTube kokatu da gehien erabiltzen diren sare sozialen sailkapenaren lehen postuan, Instagramen eta musika entzuteko plataformen aurretik. Twitchen erabilera, berriz, nabarmen jaitsi da.

Adinari dagokionez, 15-19 urte bitarteko hamar gaztetik seik egunero erabiltzen dute TikTok eta adin-tarte horretako gazteak dira egunero BeReal eta Snapchat gehien erabiltzen dituztenak. 25-29 urte bitarteko gazteak dira, aldiz, Facebook, enplegua bilatzeko sare sozialak eta harremanetarako sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak. 

Azpimarratzekoa da 15-19 urte bitarteko gazteen artean TikTokek eta BeRealek izan duten gorakada eta Youtube, Twitch, Snapchat eta Instagramek izan duten beherakada. Instagram eta musika entzuteko plataformak dira nagusi 20-24 urte bitartekoen artean. Adin-tarte horretan ere TikTok eta BeReal nabarmen hazi dira eta beste guztiak, berriz, jaitsi egin dira, bereziki, Facebook.

Metak kudeatzen duen sare sozialaren beherakada 25-29 urte bitarteko gazteen artean ere ikus daiteke. Gauza bera gertatu da Twitter/X sare sozialarekin. Enplegua bilatzeko sare sozialen eguneroko erabilerak ere behera egin du adin-talde honetan eta gazteagoen artean hain arrakastatsua den BeReal sare sozialaren erabilera, kasu honetan, testimoniala da. 

Influencerrak eta eduki-sortzaileak  

2023an, hamar gaztetik seik youtuber, gamer edo influencer-en bat jarraitzen zuten. Horrelako erabiltzaileak gero eta ohikoagoak dira euskal gazteen artean. Izan ere, inoiz horrelako erabiltzaileren bat jarraitu ez duten euskal gazteen ehunekoak behera egin du azken urteetan, 2018ko % 38,7tik 2023ko % 17,5era, hain zuzen ere.

15-19 urte bitarteko gazteak dira horrelako erabiltzaileak gehien jarraitzen dituztenak. Adinean gora egin ahala behera egiten du eduki-sortzaileak jarraitzen dituzten gazteen kopuruak. 

Euskal gazteen artean ere gero eta gehiago dira edukiak sortzera animatzen direnak, % 10 inguruk eduki propioak sortzen baititu. Joera hori nabariagoa da 15-19 urte bitarteko gazteen artean (% 15,9). Txostenak agerian uzten duenez, zuzeneko harremana dago eduki sortzaileak jarraitzearen eta eduki propioak sortzearen artean. Eduki sortzaileen % 3k baino ez du inoiz beste sortzaileren bat jarraitu. 

Gehien sortzen diren edukien artean argazkiak eta bideo-jokoekin edo bizitza estiloarekin zerikusia duten edukiak nabarmentzen dira. Emakume gazteen artean gehien jorratzen diren gaiak honako hauek dira: bizitza-estiloa, bidaiak, artea, literatura eta eskulanak. Mutilen artean, berriz, gehien jorratzen diren edukiak bideo-jokoen ingurukoak dira. 

Gehien erabiltzen diren hizkuntzak 

Euskal gazteen ia % 100ek gaztelania erabiltzen du sare sozialetan. Gainera, gehiago dira sare sozialetan ingelesa erabiltzen duten gazteak euskara erabiltzen dutenak baino (% 62,4 eta % 40,7, hurrenez hurren, 2023an).

Egia da azken urteetan sare sozialetan euskara erabiltzen duten gazteen kopuruak gora egin duela, baina inglesa edo bestelako hizkuntzak (frantsesa, alemaniera, katalana edo italiera) erabiltzen dituzten horien kopuruak modu nabarmenagoan egin du gora.  

Lurralde historikoei dagokienez, euskararen erabilera handiagoa da Gipuzkoan (% 52,9). Araban eta Bizkaian gure hizkuntzaren erabilera antzekoa da: % 32 eta % 34,9, hurrenez hurren. Sexuari dagokionez, berriz, neska gazteek mutil gazteek baino joera handiago dute euskara erabiltzeko: % 42,6 eta % 38,8, hurrenez hurren.


Beldurtuta sare sozialetan

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txostenean jasotako datuen arabera, hamar gaztetik hiru (% 29,3) sare sozialetan jazarrita sentitu da mezuak etengabe bidaltzen zizkion, iruzkin desatseginak egiten zizkion, iraintzen zuen edo mehatxatzen zuen norbaitengandik.

Ehuneko hori egonkortu egin da aurreko urteetan izan den goranzko joerarekin alderatuta. Hazkunde bakarra 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean erregistratu da.

Sare sozialetan den jazarpena ohikoagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Emakume gazteen % 36,3k dio jazarrita sentitu dela noizbait; gizon gazteen artean, berriz, ehuneko hori 13,7 puntu baxuagoa da. Adin-talde guztietan, sare sozialetan jazarpen-egoeraren bat bizi izan duten emakume gazteen ehunekoa gizon gazteena baino handiagoa da.

Bestalde, gazteen % 15,3k adierazi du noizbait sexu-jazarpeneko egoeraren bat bizi izan duela sare sozialetan. Kasu horretan ere jazarpen kasuak ugariagoak dira emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino, % 23,8 eta % 7,4, hurrenez hurren.

20-24 urteko emakume gazteak dira sare sozialetan sexu-jazarpen handiena jasan dutela diotena (% 26,3). 15-19 urteko emakume gazteen artean kopuru hori % 21,4koa da eta 25-29 urtekoen artean, % 23,9koa.

Datu bitxi moduan, azpimarratzekoa da edukiak sortzen dituzten horiek direla  jazarpena modu nabarmenagoan sentitu dutela adierazten dutenak (% 45,1). Edukiak sortzen ez dituztenen artean jazarpena sentitu dutela diotenak % 26,1 dira.