Ez dago sare sozialik gabeko gazte bat ere

Euskal gazte gehienek berehalako mezularitzako aplikazioak erabili ohi dituzte. % 97,3k WhatssApp edo Telegram erabiltzen du egunero, eta % 2,4k noizean behin erabiltzen dituela dio. Berehalako mezularitzaz gain, Instagram da Euskadiko gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala.

Telefono mugikorrak, berehalako mezularitzako aplikazioak eta sare sozialak dira duela urte batzuetatik euskal gazteriarengandik bereizi ezin diren tresnak. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen “Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen ohiturak eta portaerak 2022an txostenaren arabera, euskal gazte gehienek berehalako mezularitzako aplikazioak erabili ohi dituzte. % 97,3k WhatssApp edo Telegram erabiltzen du egunero, eta % 2,4k noizean behin erabiltzen dituela dio. Berehalako mezularitzaz gain, Instagram da Euskadiko gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala. Txostenean sare sozialen erabilera, youtuber-en, influencer-en eta gamer-en jarraipena, Interneteko edukien sorrera, ziberaktibismoa, ziberjazarpena eta sare sozialetan egiten den hizkuntzen erabilera neurtu da.

Berehalako mezularitzako aplikazioen ondoren Instagram da egunero euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala (% 77,6). Neska gazteak dira bereziki aipatu sare sozial hori erabiltzen dutenak (% 83,1). Jarraian musika entzuteko Spotify eta Apple Music bezalako aplikazioak dira gehien erabiltzen direnak (% 72,1). Modu esanguratsuan erabiltzen diren bestelako aplikazioak honako hauek dira: Youtube (% 58,), TikTok (% 34,3) eta duela gutxira arte Twitter bezala ezagutzen zen X (% 30,1).

Hain zuzen ere, TikTok da, eguneroko erabileran, azken urteetan gazteen artean gehien hazi den sare soziala (2018ko % 0,8tik 2022ko % 34,3ra). 15-19 urteko gazteen erdiak baino gehiagok egunero erabiltzen omen du.

Kontrako joera ikus daiteke Facebooken kasuan. Euskal gazteen % 11,5ek baino ez du sare sozial hori erabiltzen. 2018. urteaz geroztik Facebooken eguneroko erabilera ia 22 puntutan jaitsi da.

Txostenak biltzen dituen datuen arabera, Tinder, Meetic, Grinder edo Badoo bezalako harreman-sareak eta -aplikazioak erabiltzen dituztela aitortzen duten gazteen ehunekoa nahikoa txikia da. Gazteen % 2,5ek bakarrik diote horrelako aplikazioak erabiltzen dituztela eta % 4,7k, berriz, noizean behin. 

Aldeak sexuaren eta adinaren arabera

Esan bezala, berehalako mezularitzako aplikazioen ondoren Instagram da euskal gazteek, adin-tarte guztietan, gehien erabiltzen duten sare soziala. Kasu horretan, ez da alde handirik sare sozialen eguneroko erabileran. Alde esanguratsuenak YouTuben eta TikToken aurki daitezke. Bideo-plataformaren kasuan, adibidez, erabilera handiagoa da 15-19 bitartekoen artean (% 62,1) 25 urtetik gorakoen artean baino (% 52,1). TikToken kasuan, berriz, erabilera nabarmen altuagoa da 20 urtetik beherakoen artean (% 56,8) 20-24 (% 29,9) eta 25 urtetik gorakoen (% 14,5) artean baino. 

Egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztenen ehunekoa bikoiztu egin da 2016tik 2022ra, eta 15-29 urteko gazteen % 33,1etik % 68,4ra igo da.

25 urtetik beherako emakume gazteen artean Instagram eta musika entzuteko aplikazioak dira gehien erabiltzen direnak. 20 urtetik beherako emakume gazteak dira, berriz, egunero TikTok, Snapchat eta BeReal bezalako aplikazioak erabiltzen dituztenak.

25 urtetik beherako gizon gazteen kasuan YouTube eta Twitch dira gehien erabiltzen diren sare sozialak. 20-24 urte bitartekoen artean X (Twitter) nahikotxo erabiltzen da. Ligatzeko aplikazioen erabilera, berriz, 20-29 urte bitarteko gizon gazteetan azaltzen da bereziki.

25-29 urte bitartekoen artean, emakumeak zein gizonak, Facebook eta enplegua bilatzeko sare sozialak ere (LinkedIn, Infojobs…) aipatzen dira.

Egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztenen portzentajea bikoiztu egin da 2016. urtetik 2022. urtera bitartean, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 33,1 izatetik % 68,4 izatera igaro baita. 25 urtetik beheitikoek (% 75,6) erabiltzen dituzte gehien egunero hiru sare sozial edo gehiago.

Influencerrak

Gazteen erdiak youtuber, streamer edo influencerren bati jarraitu ohi dio (% 52,1). Horien artean, Ibai Llanos, AuronPlay eta Pombo ahizpak nabarmentzen dira, baina azken hauen jarraitzaileen artean, nagusiki, emakumeak bakarrik daude. Gizon gazteen artean ez dago emakumezko erreferente nabarmenik. Youtuber edo influencerren bat jarraitu ohi duten gazteen ehunekoak behera egiten du 25 urtetik aurrera, bai gizonen artean, bai emakumeen artean.

Bestalde, hamar gaztetik batek ziurtatu du Interneterako edukiak sortzen dituela gaur egun. Azterlanak erakusten duenez, ia ez dago alderik sexuaren edo adinaren arabera, nahiz eta 15 eta 19 urte bitarteko pertsonak diren aktiboenak (% 12,3) sorkuntzaren eremuan.

Youtuberren edo influencerren bat jarraitzen dutenen artean, Interneteko edukiak sortzen dituzten gazte gehiago daude (% 12,7) inoiz inor jarraitu ez dutenen artean baino ( % 6,9). Hau da, badirudi zenbait influencer-i jarraitzeak beste gazte batzuk bultzatzen dituela haien urratsak jarraitzera.

Ziberaktibismoa

Azterlanaren arabera, azken urtean, gazteen % 28,5ek eztabaida edo salaketa sozialen bat hasi edo sustatu dute sare sozialen bidez, eta horri ziberaktibismoa deritzo. Ehuneko hori 2018koaren oso antzekoa da, baina 2020koa baino txikiagoa.

Azken urtean, gazteen % 28,5ek eztabaida edo salaketa sozialen bat hasi edo sustatu du sare sozialen bidez, eta horri ziberaktibismoa deritzo.

Aurreko urteetan bezala, emakumeek eta 20 urtetik gorako gazteek batez bestekoa baino zertxobait gehiago sustatu dituzte eztabaidak edo salaketak sare sozialetan. Interneteko edukien sortzaileek ere sustatu dituzte eztabaidak edo gizarte-salaketak, inoiz edukirik sortu ez dutenek baino proportzio handiagoan (% 37,5 eta % 26,5, hurrenez hurren).

Ziberjazarpena

Ziberjazarpenak nabarmen egin du gora azken urteetan. Gaur egun, hamar gaztetik hiruk (% 31,6) behin edo behin jazarpenak jasan ditu sare sozialetan. Ehuneko hori % 17,9koa zen 2018an. Gehien aipatzen diren jazarpenak honako hauek dira: mezuak etengabe bidaltzea, iruzkin desatseginak egitea eta iraintzea.

Ziberjazarpena nabarmen handitu da azken urteotan. Gaur egun, hamar gaztetik hiruk (% 31,6) sentitu dute noizbait sare sozialetan jazarpena jasan dutela.

Sare sozialetan ematen den jazarpenari dagokionez, txostenean bildutako datuen arabera, badirudi ohikoagoak direla emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino (% 39,5 eta % 24,2, hurrenez hurren, pasa den urtean).

Gainera, Interneteko edukien sortzaileek diote inoiz sentitu direla jazarrita edukiak inoiz igo ez dituztenek baino neurri handiagoan (% 46,4 eta % 28,3, hurrenez hurren).

Noizbait sexu-orientazio edo -identitateagatik diskriminatuta sentitu diren pertsonek (% 51,9) batez bestekoa baino (% 31,6) neurri handiagoan adierazi dute sare sozialetan jazarrita sentitu direla. Eta noizbait beren jatorriagatik diskriminatuta sentitu diren pertsonek ere bizi izan dute jazarpena sare sozialetan, gazteen batez bestekoaren gainetik (% 49,3).

Diskriminazio-egoera horietakoren bat bizi izan duten emakumeen artean, sare sozialetan jazarrita sentitu direnen ehunekoa diskriminazio-egoeraren bat bizi izan duten gizonena baino handiagoa da.

Gainera, bi diskriminazio motak (sexu-orientazioa eta jatorria) bizi izan dituzten emakumeen artean, sare sozialetan jazarrita sentitu direnen ehunekoa % 65ra igotzen da.

Gehien erabiltzen diren hizkuntzak

Euskadiko ia gazte gehienek gaztelania erabiltzen dute sare sozialetan ari direnean (% 96,2). Gehiago omen dira ingelesa erabiltzen dutenak (% 45,4) euskara erabiltzen dutenak baino (% 36,2). Gazteen % 4,4k bestelako hizkuntzak erabiltzen ditu, nagusiki, atzerriko jatorria duten gazteen kasuan. Euskararen erabilera nabarmen altuagoa da Gipuzkoako gazteen kasuan.

Gazteen heren batek gaztelania bakarrik erabiltzen du. Hori da aukera ohikoena (% 33,1) eta jarraian gaztelania eta ingelesa erabiltzea (% 26,5). Euskara eta gaztelania erabiltzen duten gazteen kopurua % 17,7koa da eta % 14,7k euskara ingelesa eta gaztelania bezainbeste erabiltzen du.

Sare sozialetan gehien erabiltzen duten hizkuntzari buruz galdetu zaienean (nahiz eta beste batzuk ere erabili), hamar gaztetik zortzik adierazi dute gaztelania dela hizkuntza nagusia (% 81,6). Hamar gaztetik batek (% 9,6) euskara erabiltzen du nagusiki sare sozialetan. Gipuzkoan, batez ere euskara erabiltzen dutenen ehunekoa batez bestekoaren bikoitza da (% 18,7).


Euskadiko hamar gaztetik zazpik ez du telebista ikusten

Teknologia berriek belaunaldi-arrakala handia eragin dute komunikabideak kontsumitzerakoan. Euskadin, telebistak jarraitzen du biztanleria orokorrak gehien kontsumitzen duen hedabidea izaten. Biztanleriaren % 74k ia egunero ikusten du telebista, baina ikus-entzuleak gero eta zaharragoak dira: 65 urtetik gorako biztanleen % 94k telebista ikusten du egunero, baina hamar gaztetik 7k noizean behin ikusten dute telebista.

Hori da Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak kontsumoko ohiturei eta komunikabideei buruz uztailean argitaratutako azterlanaren ondorioetako bat.

Albisteak

Telebista da, oraindik ere, Euskadin albisteak jarraitzeko komunikabiderik gogokoena. Hala ere, pantaila txikian gaurkotasunari jarraitzen dioten euskaldunen portzentajea jaitsi egin da: 2014ko % 76tik egungo % 59ra.

Internet da informatzeko bigarren bide erabiliena, eta 2012an % 13 izatetik % 52 izatera pasatu da. Gainera, gazteek bide hori nahiago dute eguneratuta egoteko.

Irratia ere nahiko baliabide erabilia da, batez ere pertsona helduengatik. Batez ere 46 eta 64 urte bitarteko euskaldunek kontsumitzen dute irratia (% 72), baita 65 urtetik gorakoek ere (% 69), baina gazteenen artean % 27k bakarrik jotzen du irratira informatuta egoteko. Batez beste, euskal biztanleriaren % 64k entzuten du irratia, gutxienez astean behin, eta % 43k informatzeko erabiltzen du.

Adinaren aldagaia

Adinaren aldeak ere eragina du, hain zuzen, informazioa lortzeko moduan. Gazteen kasuan (18-29 urte), % 10ek bakarrik erabiltzen dute paperean idatzitako prentsa; % 65ek, berriz, Internetera jotzen du. Gizarte osoan, % 29k paperezko prentsa irakurtzen du, eta % 59k Interneteko prentsa.

Sare sozialak astean behin baino gehiagotan erabiltzen dituzte biztanleen % 54k, eta % 39k edukia kontsumitzen dute online plataformetan. Kasu horretan ere, adina aldagai garrantzitsua da: gazteen % 91k erabiltzen ditu egunero sare sozialak, eta 65 urtetik gorakoen artean, berriz, % 23k baino ez.

Podcastak dira gainerakoak baino maiztasun txikiagoarekin kontsumitzen diren hedabideak; izan ere, % 65ek diote ez dituztela inoiz entzuten. Nolanahi ere, gazteenen artean indarrez sartzen ari den hedabidea da: 18 eta 29 urte bitartekoen % 36k eta 30-44 urte bitartekoen % 26k astean behin baino gehiagotan entzuten dituzte.