Hobe bakarrik gaizki lagunduta baino

Euskadin ezkongabeak ezkonduta daudenak baino gehiago dira, eta dibortziatutako edo legez banandutako biztanleriaren proportzioak ere gora egin du

Duela urte gutxi batzuk arte, bikotekiderik gabeko pertsona heldu batek “arroza pasatuko zaizu”, “ea noiz lortzen duzun bikotekide bat” edo “ezkongabe jarraitzen al duzu?” bezalako iruzkinak jasan behar izaten zituen. Horrelako iruzkinek argi uzten zuten ezkongabetasuna ia anomalia bat, estigma bat eta lotsatzeko arrazoi bat zela.

Gure bizimoduak eta kontsumo-ereduak ia bultzatu egiten gaitu binaka bizitzera eta kontsumitzera. Errazagoa da kreditu bat edo hipoteka bat lortzea ezkonduta egonez gero edo bikotekidea izanez gero, diru-iturri bakarra dagoenean baino. Bakarrik bizitzea erronka izan daiteke patrikarentzat, gure gizartea, hein handi batean bikoteka bizitzeko eraikita baitago. Alokairua eta argindarra, ura eta WiFia bezalako gastuak nekez ordaintzen dira partekatzen ez badira; aldiz, errenta-aitorpenak zigortu egiten ditu bakarrik bizi direnak, eta, beraz, ezkongabeari beti dagokio gehiago ordaintzea. Supermerkatuko erretiluak ere familia-aurrezpenerako pentsatuta daude.

Hala ere, gero eta gehiago dira bakarrik bizitzea erabakitzen duten pertsonak eta “hobe bakarrik lagunduta baino” aukeratzen dutenak.

Eustatek bildutako datuen arabera, 2021. urtean, Euskadin ezkongabeak ezkonduta zeudenak baino gehiago ziren. Zehazki, 969.571 ezkongabe zeuden, hots, biztanleria osoaren % 44,2. Ezkonduta edo bestelako harreman erregistratuan bizi zirenak, berriz, 945.930 ziren (biztanleriaren % 43,1). Alargunak % 7,1 dira (155.419 pertsona), eta dibortziatuak edo legez bananduak % 5,6 (122.279 pertsona). Bakarrik bizitzea gero eta joera zabalduagoa da mendebaldeko herrialdeetan.

Egoera zibilari dagokionez, Euskadin, zenbait alde esanguratsu daude gizonen eta emakumeen artean. Esanguratsuena alargunena da, emakume alargunak % 11,8 baitira eta gizon alargunak, berriz, % 2,1 baino ez. Ezkongabeei dagokienez, gizon ezkongabeen proportzioa (% 47,9) emakume ezkongabeena (% 40,7) baino handiagoa da. Datu horiek adierazten dute emakumeek ezkongabetasunarekin lotutako estigma batzuk dituztela oraindik; gizonek, aldiz, ez hainbeste. Adibidez, arrakasta profesionala, osasuna eta egonkortasuna dituen 50 urteko gizon ezkongabea, pertsona arrakastatsutzat hartzen da. Seme-alabarik ez duen eta antzeko egoeran bizi den emakume baten kasuan, berriz, “ibilbide profesionalgatik amatasuna alde batera utzi duela” esan ohi da.

Gero eta ezkontza gutxiago

Euskadin, erregistratutako ezkontzek eta elkartzeek behera egin dute mende honetan. 2001ean, egoera zibil ohikoena ezkonduarena zen (% 47,1), baina horrek garrantzi erlatiboa galdu du, batez ere dibortziatutako edo legez banandutako biztanleriaren gorakadagatik, ehuneko 3,2 puntu hazi baita. Ezkongabeen kopurua zertxobait hazi da (+0,7 puntu) eta alargunena ia ez da aldatu (+0,1 puntu).

Joera horrek berdin jarraitzen du gizonen eta emakumeen artean, bakoitza bere aldetik, 2001 eta 2021 artean. Azken bi hamarkada hauetan, ezkondutako gizonen proportzioa % 3,3 jaitsi da; bitartean, ezkondutako emakumeena % 4,7 jaitsi da. Aitzitik, dibortziatutako eta banandutako pertsonen kopuruek % 3,1 eta % 3,3 egin dute gora, hurrenez hurren, eta emakume ezkongabeen proportzioak % 1,1 egin du gora.

Adinaren aldagaia

20 eta 29 urte bitarteko biztanleria gehiengo handi bat ezkongabea da (% 90). Kopuru horrek bat egiten du Euskadin den emantzipazio-tasarekin. Aipatu tasa, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, % 14,4koa da.

30 eta 39 urte bitartekoen artean, berriz, ezkongabeen ehunekoa nabarmen jaisten da (% 55,2). Adin-tarte horretan, biztanleriaren % 41,1 ezkonduta edo izatezko bikote gisa erregistratuta dago.

40-49 urte bitarteko adin-taldean biztanleriaren ia % 10 dibortziatuta edo legalki bananduta dago. Ehuneko hori are handiagoa da 50-59 urte bitartekoen artean (% 12,8). Azken talde horretan alargunak azaltzen hasten dira (% 2,5). Alargunen ehunekoak gora egiten du adinean gora egin ahala eta % 48,2ra iristen da 80 urtetik gorakoen kasuan. Alargunen artean emakumeak nagusi dira nabarmen (% 85,8). 

Lurralde historikoen arteko aldeak

Lurralde Historikoen artean zenbait alde esanguratsu daude. Adibidez, Araban ezkongabeen proportzioa handiagoa da (% 46,1 Euskal Autonomia Erkidegoko % 44,2ren aurrean). Bizkaiak, berriz, alargunen proportzio handia du (% 7,9 Euskal Autonomia Erkidegoko % 7,1aren aurrean). Gipuzkoak datu orekatuagoak ditu eta Erkidego osoaren ispilutzat har daiteke.

Arabak du ezkongabeen proportziorik handiena, Bizkaian dago alargunen proportziorik handiena eta Gipuzkoak du Euskadi osoaren irudirik antzekoena.

Dibortziatuta edo legalki bananduta dauden horien proportzioa oso antzekoa da hiru lurraldeetan: % 5,3 Gipuzkoan, % 5,6 Araban eta % 5,8 Bizkaian.

Ezkongabe gehien dituzten eskualdeak Arabar Errioxa eta Tolosaldea (kasu bietan % 47,6), Gorbeialdea (% 47,1) eta Arabako Lautada eta Urola Kosta (% 46,6 kasu bietan).

Txanponaren beste aldean, ezkonduta edo antzeko egoeran bizi diren pertsonen proportzio altuenak Kantauri Arabarrean (% 45,5), Goierrin (% 45,1) eta Durangaldean eta Enkarterrietan (% 44,4 eta 44,3, hurrenez hurren) aurki daitezke. Bilbo Handian biltzen da alargunen proportziorik handiena (% 8,2).

Azken 20 urteetan ezkondutako pertsonen proportzioak behera egin du eskualde guztietan. Beherakada esanguratsuenak Arabako eskualdeetan erregistratu dira: Arabar Errioxa (% 7,4), Arabako Lautada (% 5,3) eta Arabako Mendialdea (% 5,1).

Bizkaian jaitsiera esanguratsuenak Durangaldean (% 4,7) eta Enkarterrietan (% 4,4) erregistratu dira. Gipuzkoari dagokionez, jaitsierak ez dira hain esanguratsuak izan, baina guztien artean Debabarrena (% 4,2) eta Bidasoa Behera (% 3,6) nabarmentzen dira.

Jaitsiera horiek bat egiten dute ezkongabe den biztanleriaren hazkundearekin, nagusiki, Arabako eskualdeetan eta Debabarrenean.

Bestalde, Kantauri Arabarrean, Bilbo Handian eta Durangaldean alargunen eta dibortziatu/bananduen kopuruek modu esanguratsuen egin dute gora.

Ezkongabe gehiago hiriburuetan

Gasteizen dago ezkongabeen proportzio handiena (% 46,6), Donostiako % 45,7ren eta Bilboko % 44,4ren aldean.

Ezkondutako pertsonen proportzioa antzekoa da hiru hiriburuetan, % 41 baino zertxobait handiagoa baita. Gainerako biztanleak, alargunak, dibortziatuak edo bananduak, ohikoagoak dira Bilbon (% 14,4) beste bi hiriburuetan baino, Gipuzkoako hiriburuan % 12,8 eta Arabakoan % 11,7 izanik.

Azken 20 urteetan ezkonduen proportzioak behera egin du hiru hiriburuetan; bereziki, Gasteizen. Arabako hiriburuan ezkonduen kopura 5,3 puntu jaitsi da eta Bilbon eta Donostian 4,3 eta 2,9, hurrenez hurren.

Adierazgarria da, halaber, ezkongabe edo ezkondu gabe dauden pertsonen kopuruaren hazkundea. Gasteiz nabarmentzen da bereziki (+3,5 puntu) kasu horretan. Bilbo ere oso antzeko kopuruetan dago (+3,1 puntu), eta Donostian igoera ez da hain nabarmena izan. (+1,9 puntu).

Ezkongabeen proportzio handiena duten Arabako udalerriak Lantziego (% 55,4), Leza (% 50,7) eta Urkabustaiz (% 51,9) dira. Gipuzkoan, berriz, Larraul (% 59), Orendain (% 58,2), Orexa, Gaztelu eta Errezil (% 52) lirateke ezkongabeen proportzio handiena dutenak eta Bizkaian, berriz, Ubide eta Fruiz, kasu bietan biztanleriaren % 50,9 ez baitago ezkonduta.

Kontrako egoera, hots, biztanle ezkonduta gehien dituzten udalerriak honako hauek lirateke: Urizaharra (% 50,8), Burgelu (% 50,3) eta Zigoitia (% 49,2) Araban; Hernialde (% 51,1), Leintz Gatzaga (% 50,4), Gabiria (% 49,2) eta Legazpi (% 47,2), Gipuzkoan; eta Garai (% 49,2), Murueta (% 47,8) eta Mendata (% 47,3), Bizkaian.